GARA
bilbo

Genevako Nazio Batuen egoitzara doaz sei emakume sortzaile

Genevan, «Arte eta kultura hezkuntza eskubide gisa» jardunaldian parte hartuko dute Elssie Ansareo, Irene Basilio Intxausti, Irantzu Lekue, Leire Martinez, Jone Otero eta Arrate Velascok.

Euskal Herriko sei emakume sortzaile Genevara, Nazio Batuen egoitzara, joango dira Unesco Etxearen eskutik. Bost egun igaroko dituzte. Elssie Ansareo artista plastikoa da; Irene Basilio Intxausti, kultur kudeatzailea; Irantzu Lekue muralista eta ARTgia sorgune & aretoko zuzendaria; Leire Martinez, Artemisa guneko sortzaile eta PortuArte egitasmoaren sustatzailea; Jone Otero, arte eszenikoetatik dator eta Arrate Velasco kultur teknikaria da.

Datorren astean egingo den egonaldian hizpide izango dituzte artea eta kultura eskubide gisa. Sei sortzaileek, Unesco Etxeko zuzendaria den Arantzazu Acha de la Presarekin batera, “Arte eta kultura hezkuntza eskubide gisa” gaia jorratzeko ekitaldian parte hartuko dute.

Bertan, besteak beste, Karima Bennoune kultur eskubideen errelatorearen parte hartzea aurreikusten da. Bennounerekin batera Gemma Carbo ConArte Internacionaleko zuzendaria egongo da, adibideak eman ditzaten ikusteko nola txertatu behar den hezkuntza artistikoa gizarte eraldaketaren balioak jorratzeko, hezkuntza formalaren zein ez-formalen arlotik.

Eraldaketa soziala

«2011z geroztik, Unesco Etxeak Giza Eskubideen Kontseiluari eta haren baliabide normatiboei buruzko egitasmoa antolatzen du, Genevako Nazioarteko Zentro Katolikoaren laguntzarekin. Euren egunerokoan eraldaketa soziala gazteekin lantzeagatik aukeratu dituzte bost emakumezko sortzaile hauek», adierazi dute Unesco Etxearen arduradunek.

Erakunde honen programa hezkuntza eskubidearen edo kultura eskubideen arloetako tresnei buruz sakondu nahi duten arte hezitzaileei, kultura kudeatzaileei eta irakasle eskolako irakasleei dago zuzenduta. Nazio Batuetan egingo den bilera saioa formaziora bideratuko da. Izaera erabat praktikoa izango du. Hezkuntza eskubidearen edo kultura eskubideen arloetan han landutakoa Euskal Herrian garatuko dute ondoren sortzaileek. «Bakoitzak bere esparrura eramango du ikasitakoa, bizitakoa», kontatu dute.

Programak NBE sistemak giza eskubideak babesteko dituen mekanismoen funtzionamendu praktikora hurbilduko ditu sortzaileak. Zati bat teorikoa izango da, eta Giza Eskubideen Kontseiluaren hainbat organismotan parte-hartze praktikoa eta aurrez aurrekoa ere izango dute parte-hartzaileek. Unesco Etxeak azaldutakoaren arabera aurreko urteetan, lankidetzaren eta garapenerako hezkuntzaren arloko profesionalentzat izan da egonaldia. Baina, oraingo hau hezkuntza eskubidearen edo kultur eskubideen arloetako tresnei buruz sakondu nahi duten arte hezitzaileei, kultur kudeatzaileei eta irakasle eskolako irakasle edo ikasleei zuzenduta dago.