Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
M. OLABARRIA, M. ESNAOLA, M. ARRIETA, M. LIZARZA
DUINTASUNA ELKARTEA

«Gutxieneko pentsioa igotzea funtsezkoa da»

Duintasuna Elkarteko lau kidek laburbildu nahi izan zuten beraien ibilbidea gaurko Donostiako manifestazioa abiapuntu hartuta. Elkarte honez gain, Nagusilan, Helduak Adi, GEPE, Fevaas, Appetol, Appebade eta Agijupens-ek ere deitu dute 18.00etan Alderdi Ederretik irten eta Bulebarrean bukatuko den manifestazioan parte hartzera.

Mikel Olabarria, Marian Esnaola, Maixabel Arrieta eta Maria Luisa Lizarzak, Duintasuna Elkartearen izenean eta pentsiodunak diren heinean, beren borrokaren xehetasunak helarazi zituzten Villabonan kokatzen den Bertsozale Elkartearen barnealdean. Asanblada baten itxura hartu zuen, eta azken orduko berritasunez mintzo ziren elkartu bezain laster: Rajoyren hitzaldia kasu.

«Rajoyk adierazi du aldaketak egingo dituela, baina ez du ezer zehaztu, beraz, guretzat ezer ez esatea bezala da», adierazi zuen haserre Esnaolak. Hala, orain gainerako alderdi politikoek beren proposamen «zehatzak» helarazteko ordua dela azpimarratu zuen, «hauteskunde garaian egongo bagina bezala, beraien jarrera eta norabidea ezagutu nahi ditugu».

Astelehenean Nagusilan-en aurkeztu zuten gaurko manifestazioa, eta bertan batu ziren deialdia egin duten plataforma oro: Nagusilan, Helduak Adi, Duintasuna Elkartea, GEPE, Fevaas, Appetol, Appebade eta Agijupens. «Hauek denok plataforma moduko bat osatu dugu, Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforma (GHEP/PAMG)», zehaztu zuten.

Batzorde moduko bat ere eratu dute, 17-18 pertsonak parte hartzen dute eta bertan hartzen dituzte erabakiok, «betiere eztabaidak sortzen direlarik».

Azken asteotan sorturiko olatuaren grina jaitsiko den beldur dira; izan ere, pentsatzen dute, Toledoko Ituna berrikusterako orduan pare bat aldaketa eginez gero, pertsona batzuk kontent izango direla, «eta hori da Gobernu espainolak nahi duena, protestari indarra kentzea».

Bestalde, EAJrekin kritiko izan ziren, «egia azaleratu behar baita, alderdi bat izan edo bestea izan, eta iaz beraiek hobetsi zuten %0,25eko igoera ezartzen zuen aurrekontua».

Pegatinen banaketa

Denak bat datoz hiru eskakizun nagusirekin (KPIaren araberako igoera, hilabetean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsio publikoen defentsa), aldiz, Duintasuna Elkartekoek –Gizarte Segurantzaren transferentziaz gain, gai polemikoa Gipuzkoan ere–, horietariko batean jartzen dute berebiziko indarra, gutxieneko pentsioan, hain zuzen: «Lehenik eta behin 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu behar dugu, beharrezkoa da ondoren KPIaren araberako igoera ezartzeko».

Argudiatzen dute 600 euroko pentsio bati KPIaren igoera aplikatuz gero, ez liokeela egoera hobetuko, «ia-ia bere horretan geratuko litzateke eta txirotasuna ez da desagertzen; beraz, ez gara konformatu behar». Hala, posible ikusten dute EAEn pentsio txiki horiek diru sarrerak bermatzeko errentarekin (DSBE/RGI) osatzea, duintasunera iritsi arte.

Gainera, gutxieneko pentsioaren eskakizunak badu barnean beste aldarrikapen bat ere. Izan ere, zifra hori kalkulatzerako orduan, gutxieneko soldata ere hartzen baita kontuan. «1.080ko gutxieneko pentsioarekin atxikimendu pila bat lortzen joan gara. Esaterako, manifestazio batean pegatinak banatzen joan ginen, 1.000 inguru egin genituen eta guztiak amaitu zitzaizkigun, eta gure erakundea ehun bat lagunek osatzen dute».

Zifra hori pentsiodun bakoitzeko eta urtean 14 ordainsaritan ezarri behar dela gaineratu zuten. Azaldu zutenez, 2016an kalkulatutako zifra bat da. Orduan, urteko batez besteko soldata 28.000 eurokoa zen EAEn, «horren %60a kalkulatuz gutxieneko soldatarekin aurkitzen gara (16.800) eta azken horren %90arekin, gutxieneko pentsioa: 15.120 euro urtean, hamalau ordainsaritan, 1.080 euro».

Zaintza eta etxeko lanak

2012an sortu zuten Duintasuna Elkartea, nahiz eta aurretik ere elkartzen ziren jubilatu batzuk egoera aztertzeko. Ordutik, zaintza eta etxeko lanen balioa nabarmentzeko diskurtsoarekin bat egin zuten eta hala defendatu zuen Maixabel Arrietak, emakume asko baitaude, lan horiek egiteagatik, erretiro garaian dirurik ere jasotzen ez dutenak.