Manex ALTUNA
BILBO
EUSKARA INTERNETEN

PuntuEus: «Egoera osasuntsua den arren, estrategiak behar dira»

PuntuEus Fundazioak euskararen presentzia Interneten aztertu du eta egoera «osasuntsua» dela nabarmendu zuen Josu Waliño zuzendariak. Hala ere, azken hiru urteetan argazkia egonkor mantendu dela azaldu zuen eta estrategiak behar direla azpimarratu zuen epe ertain-luzean ingurune digitala euskaratzeko.

Euskarak Interneten duen presentzia aztertu du hirugarren urtez PuntuEus Behatokiak. PuntuEus Fundazioak bultzaturiko ekimena da eta Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu zituzten datuak. Bertan izan ziren Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatua; Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendaria; eta Iker Sagasti, Irontec enpresako zuzendaria eta “.EUS mapa” proiektua garatu duena.

Waliñok azaldu zuenez, Euskal Herrian 236.000 webgune daude une honetan eta horietatik 26.663k euskarazko edukiren bat dute, guztien %16k. «Datu ona da» eta euskara «osasuntsu» dagoela esan daitekeela nabarmendu zuen. Euskararen ingurune digitala hazten ari dela esan arren, bere kezka azaldu zuen argazkia ez delako aldatu azken hiru urteetan eta egoera «egonkor» mantendu delako.

PuntuEus Fundazioko zuzendariak azpimarratu zuenez, egoera «iraultzeko» eta ingurune digitala euskaratzeko «estrategiak» behar dira. Interneten hizkuntza ohiturak aldatzeko epe ertain-luzeko politikak behar direla nabarmendu zuen eta erakundeei zuzendu zitzaien.

«Apurka-apurka» hazten

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara diputatuak gogora ekarri zuen bezala, orain dela hiru urte jarri zuten martxan .eus domeinua. «Apurka-apurka» joan dela hedatzen azpimarratu zuen eta azken urtean, Bizkaian izan duela hazkunde handiena.

Hala ere, PuntuEus Fundazioko zuzendaria den Josu Waliñok azaldu zuenez, Gipuzkoak aurretik jarraitzen du erregistratutako domeinu kopuruan eta Euskal Herriko banaketa soziolinguistikoak eragina du geografikoki. «Kaleko euskara» Interneten «islatzen» dela esan zuen.

Une honetan, 8.100 webgunek dute .eus domeinua eta urte bukaeran 10.000 izatera iristea da helburua. Hazkundea %22koa izan da aurten, espero zutena baino bost puntu gehiago.

Waliñok beste datu esanguratsu bat eman zuen, erakunde publiko nagusiek .eus domeinua erabiltzen dute eta «instituzionala» dela ematen duen arren, gehien erabiltzen dutenak enpresak direla esan zuen. Une honetan, .eus domeinuen jabeen ia erdiak enpresak dira, %43 hain zuzen ere. «Balio bat ematen du .eus domeinua erabiltzeak, nor zaren eta nongoa zaren erakusten du», azpimarratu zuen Waliñok.

Ildo horretan, .eus erabiltzen duten webguneen artean %90ek euskara erabiltzen duela azaldu zuen. 2020ra begira, Euskal Herrian dauden webguneen artean hirugarren posizioa lortzea duela helburu .eus domeinuak esan zuen. Gaur egun, zazpigarren tokian kokaturik dago eta .com eta .es dira nagusi.

Bitxikeriak

Irontec enpresako zuzendari Iker Sagastik garatu duen ‘.EUS mapa’ proiektuaren zenbait datu eman zituen ezagutzera. Irontec Bilbon kokaturiko enpresa teknologiko bat da, eta 40 langile ditu. Software libreko teknologiak dira bere espezialitatea eta PuntuEus Behatokiaren azterketa oinarri hartuta garatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso duen proiektua.

.eus domeinuen %9 Euskal Herritik kanpo erregistratuta daude eta mapa.domeinuak.eus helbidean ikus daiteke non dauden kokaturik.

Urrunen dagoen domeinua Zeelanda Berrian aurkitzen da, eta bitxikeria bezala aipatu zuen Kanaria Handietan 20 domeinu erregistratu dituela «domainer» batek, hau da, gero negozioa egiteko webguneak erregistratzen dituen batek.

AEBetako San Frantzisko hiriaren inguruan dauden Silicon Valley-ko enpresa teknologiko gehienek .eus domeinua erregistratu dutela ere esan zuen, hala nola Airbnb, Facebook, Youtube, Apple eta gisakoek.

Zibersegurtasuna ere aztertu dute eta .eus domeinua daukaten webguneek beren egoera ezagutu dezakete garatutako bilatzailearen bidez.