Nerea GOTI
INDEPENDENTZIA EGUNA LARRABETZUN

FRONTOIA HERRI EKIMENEZ BETE, «BURUJABE HOBE» BAIEZTATZEKO

NEKEZ ERALDATU DAITEKE ARAZOAK PILATZEN DITUEN SISTEMA OSO BAT ETA HERRITARREK NAHI DUTEN HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA EDOTA EREDU SOZIOEKONOMIKO BERRIA ERAIKI, AZKEN HITZA BERTON EZ BADAGO. LARRABETZUN ERAKUTSI ZUTEN ATZO IDEIAK ETA GIHARRA BADAUDELA, MENPEAN ETA ZAIN EGOTEA DELA ARAZOA.

Euria eta hotza, klimatologian, baina kimuak paisaian. Independentzia Egunak ezin izan zuen Larrabetzuko plaza baliatu baina frontoia hor zegoen, eta hausnarketez bete zen, herri giroan, Kataluniako eta Andaluziako ordezkarien hitzekin, eta Euskal Herrian arlo ezberdinetan egiten diren proposamen, ekimen eta egitasmoekin.

Arlo energetikoan, Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba; Txalaparta argitaletxearen liburuak, Euskal Herrian Euskaraz, EHKolektiboa elkarte agroekologikoa; Ongi Etorri Errefuxiatuen mezua eta Arteako ekimena behar dutenei harrera emateko; Hik Hasi hezkuntza mundura egindako ekarpenekin, Larrabetzuko Hori Baiko proiektua, memoria historikoa berreskuratzeko ekimenak, mugimendu feministaren mezua, Euskal Herria Kirolak ekimena...

Euskal gizartearen nahi eta beharrei erantzuteko, arloz arlo artikulatzen ari diren egitasmoez hitz egin zuten banan-banan frontoi erditik. Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak ere hartu zuen parte, baita Urko Ostolozaga LABeko ordezkariak ere, Euskal Herriko Eskubideen Karta azaltzeko. Eguerdiko ekitaldiak parlamentari, batzarkide eta udalerrietako ordezkari independentistak jarri zituen gizartera begira.

Larrabetzu gertutik ezagutzen duen David Caldeira Arenys de Mar-eko zinegotziak, euskaraz, eta Eudald Calvo Kataluniako AMI independentziaren aldeko udalerrien elkarteko kideak agurtu zuten ekimena. Calvok nabarmendu zuen independentzia errepublika eraikitzeko ezinbesteko tresna izan dela, eta Urriaren 1 hura, egindako bidearen «egunik zoriontsuena». «Prozesu katalana hilik dagoela esaten digute, mila aldiz entzun dugu eta beti altxatu gara berriz», gaineratu zuen.

M8a eta pentsiodunak

Hamabost egun barru Aberri Eguna izango da, eta Txutxi Ariznabarretak iragarri zuenez, “Burujabe hobe” leloari eutsiko diote. Argitu zuenez, herritarrek amesten duten «demokrazia, justizia soziala, herri euskalduna... aniztasunean eraikitako Euskal Herria independentziatik etorriko da». Horregatik, esan zuenez, «mendekotasunetik askatasunera salto egiteko ordua» da. «Zabal dezagun euskal estatu bat sortzeko prozesua», dei egin zuen.

Horren harira, Martxoaren 8an mugimendu feministak eta asteburu honetan bertan pentsiodunek kalean erakutsitako «indarra eta kemena» goraipatu zituen. «Kimu berriak» direla azaldu zuen, baita aldarrikapenok egia bihurtzeko independentzia beharrezkoa dela dioten erakusle argiak ere.

Frontoitik Hori Baira joan ziren ekitaldiak herri bazkariaren ostean, Larrabetzuko herritarren hainbat proposamenekin. “Gora Euskal Herria feminista eta independente” zioen pankarta erraldoi bat zabalduz agurtu zuten eguerdiko ekitaldia larrabetzuarrek dantza erakustaldi batekin. Kukubiltxo taldeko Josu Kamarak eta Aiora Sedanok zuzendutako ekitaldi antzeztuak eta Imuntzo eta Belokiren erromeriak itxi zuten egitaraua. Aurretik, Bermeoko Gatom raperoa, geldirik egoten ez dakien herrian.