Ion SALGADO
GASTEIZ

Bitartekaritza Zerbitzuko langileek subrogazioa eskatu dute Gasteizen

Langileek Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia batzordean hitz egin zuten subrogazioa defendatzeko. Kanpoan sindikatuek salatu zuten Maria Jesus San Jose Justizia eta Lan sailburuaren jarrera. «Urraketaren aurrean ez entzuna egin du», nabarmendu zuten.

Pilar Marijuan, Gerardo Villar eta Beatriz Alonso Bitartekaritza Zerbitzuko langileen egoera salatu zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Azaldu zutenez, Lakuak lehiaketa publikoa deitu du aipatutako zerbitzua esleitzeko, eta deialdiaren oinarrietan ez da jasotzen langileen subrogazioa.

Lan eta Justizia batzordean argi utzi zuten sektorearen lan hitzarmenak langileen subrogazioa jasotzen duela, eta eskaera egin zieten bertan bildutako legebiltzarkideei: «Azalpen bat eskatu ahal diozue Eusko Jaurlaritzari, ea zergatik urratzen diren gure eskubideak».

EH Bilduk, langileen agerraldia eskatu zuen taldeak, justizia konpontzailea babestu zuen eta Bitartekaritza Zerbitzua publikoa izan behar dela nabarmendu zuen. «Ezin ditugu pleguak atzera bota, ezin dugu epaileengana jo, eta arazoa konpontzeko dugun aukera bakarra Legebiltzarra da», azaldu zuen Julen Arzuaga legebiltzarkideak.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere langileen eskaerak defendatu zituen eta EAEko Gobernuaren jarrera kritikatu zuen. «Oso larria da langileak kaleratzea, are gehiago beraien lanpostuak mantendu ahal zirenean subrogazioari esker», azpimarratu zuen, eta gaia borondate politikoarekin konpondu ahal dela gogorarazi zion Lakuari.

EAJk eta PSEk babestu egin zuten Gasteizko Gobernuak onartutako lehiaketa publikoaren plegua, eta martxan jarriko den zerbitzua ezberdina izango dela azaldu zuten. Era berean, gaur egun Bitartekaritza Zerbitzua itun bati esker eskaintzen dela esan zuen Alexia Castelok (PSE), eta egoera hori aldatu du Lakuak, kontratu bat ezarriz.

Elkarretaratzea

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Legebiltzarraren aurrean burututako elkarretaratzean salatu zuten bezala, lizitazioak agerian uzten du Maria Jesus San Jose Justizia eta Lan sailburua «zerbitzu publikoen pribatizazioaren alde» dagoela.

Azaldu zutenez, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Bitartekaritza Zerbitzuko langileek «lan hitzarmenaren urraketa honen aurrean» sailburuarekin hitz egin zuten, langileen subrogazioa eskatuz, «baina sailburuak urraketaren aurrean ez entzuna egin zuen, jarrera iheskorra eta axolagabea agertuz».

«Zerbitzua aldatu dela argudiatu du, jarduera hori Esku Hartze Sozialeko lan hitzarmenaren eremu funtzionalaren barruan ez dagoela jasota adierazi zuen eta ondorioz, ez dagoela derrigortua orain arte lanean jardun diren langileen lan egonkortasuna eta lan eskubideak bermatzen duen klausularik aplikatzera», gaineratu zuten elkarretaratzean parte hartu zuten sindikatuek.