Garikoitz Mujika, Elorri Arin, Oier Hiriart, Armand Jaunarena, Ximun Duhour, Sandra Pochulu, Oier Oa, Paxkal Elgart eta Roberto Murgiondo
GAURKOA

«C’est notre Tour», independentzia!

Euskadin rokanrolak ez du inoiz dirurik emanen, inun baina alaiagoa izanen da, ta ezer ez da berdin» abestu zigun Hertzainak taldeak 1980ko hamarkadan euskal rockari bidea irekitzen ari zirela. Dolu zuten musika eta estetika berri haiek geurean aurrera egiteko topatu zuten bakardade hura; Euskal Herrian ez zegoen garai hartan musika industriarik edota gazteentzako irrati formularik. Beha egon beharrean, egin beharra zegoen eta halaxe egin zuten Hertzainak-ekoek. Ez zeuden bakarrik, ordea; hor zituzten milaka gazteren ametsek han-hemenka, gure herriaren luze-zabalean irekitako gaztetxeetako edota herri mugimendutik antolatutako jaietako oholtzak, besteak beste.

Kanta hori etorri zaigu gogora uztailaren 28an Tourreko etapa bat, erlojuaren kontrakoa, Parisko protokolozko azken etaparen bezperakoa, osorik Euskal Herrian, Senpere eta Ezpeleta artean, iragango dela jakin dugunean. Saihestu ezina iruditu zaigu paralelismoa. Bere garaian Hertzainakek bezala, «bakardadea» dugu guk ere bisita horren aitzinean, geure herriak ez duelako oraindik nazioarteak onartutako muga ofizialik, ez eta gure nortasuna defendatuko duen gobernu nazionalik ere. Ezin zain egon orain ere; ekin egin behar. Iazko Tourra Dusseldorfen (Alemanian) hasi zela lau haizeetara zabaldu zuten bezala, eta 2019koa Bruselan (Belgikan) hasiko dela iragarri duten bezala, aurtengoa Euskal Herrian bukatuko dela «zabaldu» beharra daukagu. Uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdikoa ezin litezke berdinak izan. Gasteiztar musikari handien hitzak hartuz, hemengoak «inun baino alaiagoa» behar du.

Lehen urrats batzuk izan dira norabide horretan. Euskaltzaindiaren gutunaren ondotik eta euskalgintzatik irekitako interlokuzioari esker, Tourreko arduradunek adierazi dute euskaraz ere jarriko dituztela seinaleak eta egun horretan euskal esatari bat izanen dela oholtzan. Beste ideia batzuk ere lantzen ari dira: oholtzako dokumentaletan euskarari buruzko bat zabaltzea, edota lasterketaren inguruan antolatutako diktaketa-txapelketan euskarazkoa egitea.

Dinamika horiek txalotzekoak dira; gure begirunea eta sustengua dute. Alabaina, sinetsita gaude beste ikuspegi batetik ere heldu behar diogula erronka honi: ezin diogu iskin egin Tourraren mezu politikoari. Kirol proba bat besterik ez dela erantzungo diguten horiei, aldez aurretik ihardesten diegu kirolaz ere politika egiten dela eta horrela ari direla Tourrarekin, kirol proba hori Euskal Herritik pasatzeko deliberoa egin dutenean. Garaiak aldatu badira ere, inoiz ez du galdu «la grande boucle»-k betidaniko espiritu hura. Lehen edizioetan (1905-1951) argi eta garbi Estatuaren mugarrien zaintza forma hartu zuen ibilbideak, edota naziotasun frantsesa egonkortu gabeko eremuen, Alsazia eta Lorrenaren, Korsikaren, Euskal Herriaren... frantsestasuna lotsagabeki aldarrikatzea bilatzen zuen. Gogoratu besterik ez dago noiz atera zen lehen aldiz ofizialki lasterketa Estatuaren mugetatik: 1907an, etapa bat Metzen (orduan, Alemania) bukatu zenean. Orduz geroztik eta 1914 arte, urtero pasatu zen handik 1871n Alemaniaren esku geratutako lurraldearen frantsestasuna aldarrikatzeko eta ondoren berdin; sistematikoki geratu zen Metzen ala Estrasburgon, gerra galdutako Alemaniari adarra jotzeko nolabait.

Garai berriotan zakurragoa da kontua noski, askoz sotilagoa nazionalismoa, baina funtsean betiko propaganda bera topatzen dugu: frantses nazionalismoaren festa. Lehengo lepotik burua. Gu ere, hortaz, kiroltasunez politika egin beharrean gara. Nola? Batetik, lasterketaren bide bazterrak ikurrinaz hartuta eta ibilbidea estatu izateko mila arrazoiez alaituko duen giza kate independentista bat antolatuta. Bestetik, etaparen amaieran, lasterketa erabakirik izango dela baliatuta, Tourreko euskal partaideentzat merezitako sari banaketa herritar bat prestatuz Ezpeletan. Erakuts diezaiogun munduari bi ekimen horiekin hemen bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat badela!

Independentzia, gaur eta hemen, ez da kontu sinboliko bat; horrela erakutsi digu beste behin, bere asmoa inondik inora ez den arren, Jean-Rene Etchegarayk. Otsailaren hasieran gutuna bidali zion Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko presidente denak Frederique Vidal Goi Mailako Hezkuntzarako ministroari. Gutunean, unibertsitate mailan Ipar Euskal Herriak duen defizita nabarmendu zion ministroari eta datu gordina eman, bere kexua argudiatzeko: «6.000 unibertsitario ditugu Akitania Berriko bigarren hirigunean 310.000 biztanlerekin eta Arroxelak (Rochelle) 12.589, 126.435 biztanle izanik ordea». Datu bat, anekdotikoa ez dena, errealitate askoz zabalago bat erakutsarazten duena: nazioarteko lan banaketa bat dagoen bezala (herrialde aberatsen funtzioak batetik eta pobreenak bestetik), zentro-periferia dinamika bat sustatzen dute Parisko politikek gurean. Zentroak estatuko hirigune nagusiak ditugu (Paris, Marseilla, Lyon, Bordele, Tolosa...), eta periferia, besteak beste, gu. Hara zer den Euskal Herria Pariseko bulegoentzat. Politika hori bere gordintasun osoan islatzen dute gure ehun ekonomikoak, hezkuntza sistemak, erakundetzeak, euskararen ofizialtasunik ezak, lan harreman dinamikek, hedabideetan gure herriak, kulturak, daukaten tokiak.

Egia da aitortza minimo bat etorri berri zaigula Parisetik. Duela urtebete pasatxotik, badugu Aro Garaikidean lehen aldiz hiru herrialdeak biltzen dituen udal mailako erakunde bat. Lortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ezin gara, ordea, lortutakoari begira kontenplazioan lozorroan geratu. Gogoratu besterik ez dago duela lau urte, 2012an, oso bestelako eskuduntzak lituzkeen berezko erakunde baten alde argiki egin zuela hemengo gehiengo politikoak. Lurralde eztabaida hori pizten jarraitu beharra daukagu abertzaleok. Etengabe jarri behar dugu estatu propio baten beharra mahai gainean eta, ideia hori ardatz, jendartearen gehiengo bat artikulatzearen alde apustu egin, argudioak, eskas ez ditugunak, erabiliz horretarako: botere egitura hori behar dugulako periferia izateari uzteko, herritarrak ahalduntzeko, euskal lurraldeen arteko harreman politika koherente bat gauzatzeko, gure garapen ekonomiko eta soziala gidatzeko, euskaraz bizi ahal izateko.

Rafa Diezek ideia interesgarriak plazaratu ditu espetxetik atera osteko lehen elkarrizketan. Burujabetzaren aldeko indarren erronkez ari dela, sinkronizazio premia batzuk azpimarratu ditu: Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioen artekoa, batetik; Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuen artekoa, bestetik (Korsikakoa gehituko genuke guk); eta nazioarteko komunitatean eragiteko europar estrategia baten ukaitea azkenik. Agerikoa da une hauetan estaturik gabeko nazioen borrokan une giltzarri batean gaudela Europar mendebalde osoan, eta, horren baitan, oso intentsitate ezberdinetan bada ere, barne tentsio hori goratu dela gure herria zatitzen duten bi estatuetan. Hori erakusten dute Eskoziak, Kataluniak eta Korsikak. Hori erakutsi behar du Euskal Herriak ere. Hots, badela hemen ere gure herriaren independentziaren aldeko herritar multzo bat, gehiengoa izateko grina duena, espazio politikoa eta boterea borrokatzeko grina duena.

Euskal lurraldeen arteko zubigintzan sakontzeko eta gure barne dinamika politikoak sinkronizatzen hasteko, badugu huts egin ezineko hitzordu berri bat aurten: uztailaren 28ko erlojuaren kontrakoa da hori, eta 170 estatutan 78 telebista katek zabalduko duten unea.

Tourreko webgunean honelaxe diote aurtengoaz: «100% Hexagonal... ou presque. Hormis un court passage d’une quinzaine de kilomètres en Espagne lors de la 16e étape Carcassonne - Bagnères-de-Luchon, le 105e Tour de France ne sortira pas des frontières de l’Hexagone». Gure esku, hori gezurtatzea. Martxoaren 21ean Kanboko Gaztetxean, arratsaldeko 7etan, has gaitezen giza kate horren neurria, forma, zirriborratzen. Goiburuak dioen bezala, c’est notre Tour, gure txanda da. Ez ahal gara bakarrak izango...