Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Definizioaren beharrik ez

Badu autobiografiatik, poesiatik, antzerkitik, gogoetatik, kontakizunetik. Baina definizioaren beharrik gabe idatzi du Guillanek «Zauri Bolodia» liburua. Krisian dagoen aktorea du protagonista. Underground eta profesionalizatzea, kultura, hizkuntza, politika, generoa... ditu ardatz Idoia Beratarbiderekin elkarlanean ondutako argitalpenak.

Zauri Bolodia eta Madame Slipe. Biak ala biak Oier Guillanen (Larratxo, 1975) liburu berriko protagonistak, ez bakarrak. Biak ala biak idazle jolastiaren alter egoak, neurri batean. «Madame Slipek Zauri Bolodiarekiko distantzia hartzeko aukera eman dit. Lagunek esan didate gustukoago dutela Madame Slipe eta ni neu ere, gaur egun, gertuago sentitzen naiz berarengandik», aitortu zuen atzo Guillanek irribarre artean.

Hamahiru atal. Azken urteotan tiraderan gordetzen joan den testuak izan ditu abiapuntu egileak. Antzerkigintzan garatu dituen proiektuei lotutako dokumentazio lana da. Gorde eta orain argia ikusiko duten idatziak. Eta fikzioa txertatu du bertan.

Hamahiru urte. Zauri Bolodiak epe horretan izan dituen bizipenen zertzeladak dakartza idazleak liburura, antzerkia, kultura eta sormen prozesuei lotutakoak. Protagonistaren urteetako borroka eta kontraesanak agerian utzi ditu Guillanek, prekaritatearen zamaren eraginez duen bilakaera islatuz. Pertsonaiak liburuaren hasieran gehiago begiratzen dio periferiari, bera ere bazterrean sentitzen baita. Eta liburuaren amaierarako, hainbat gertakizunek erdibidean sentitzera daramate. «Bere kokapena aldatu egin da. Sistemaren barruan ala kanpoan, underground-ean ala ez... kulturaren definizio binarioa apurtu eta beste modu batean kokatu da errealitatearen aurrean», esan zuen.

Definizioa edo definiziorik eza izan zituen hizpide atzoko aurkezpenean. «Liburu hau ere bada tartean dagoen gorputza, deseroso dagoena definizioekin. Idazterakoan nik ez dut definitzeko beharrik sentitu. Baina bitxia da publiko egiten duzun momentuan datorrela definitzeko beharra. Nik idazterakoan ez dut beharrik sentitu. Liburua den modukoa da, ez du ondo enkajatzen definizioetan eta gustura dago». Agian irakurleekin batera deskubrituko du zer den, ala ez. «Nik ez dut nobela bat bezala idatzi baina baditu narraziora gerturatu dezaketen edukiak, ez da autobiografia baina baditu elementu autobiografikoak –batzuetan manipulatu egin ditut–, ez da poesia liburua baina badu poesiarik, ez da saiakera baina badu gogoetarik, ez da antzerki liburua baina antzerkia une oro presente dago», argitu zuen.

Masajista performatiboaren roletik idatzi du liburua Guillanek. «Zauri Bolodia pertsonaia etzanda dago eta nik hatzak sartu dizkiot. Min eginez mina kentzeko. Masaialaria sentitu naiz», kontatu zuen.

Bizitzan bezala, adiskidetasuna eta pasioa erabili ditu bere masajean –esku banatan– pertsonaiaren prekaritatearen antidoto bezala.

Pertsonaiaren azpian dagoen aktorearen azpiko pertsonari jarri dio fokua Guillanek. Betiere antzerkiaren testuinguruan. «Antzerkian gabiltzanok hiru plano ezberdintzen ditugu: pertsonaia, aktorea eta pertsona. Antzerkigintzan nolabaiteko elkarbizitza ematen da gure gorputzetan hiruren artean. ‘Mr. Señora’ lanean pertsonaien ahotsak ageri ziren, ‘Miss Karaoke’-n aktoreak dira nagusi eta azken lan honetan pertsona aurkituko du irakurleak».

Idoia Beratarbiderekin eskuz esku ondu duen hirugarren lana da. Paper berezia jokatu du marrazkigileak. «Antzerkian gorputza erabiltzen dugu, eta era honetako formatuetan antzerkiaz ari garenean faltan izaten dut. Idoiaren ilustrazioek eman diote bolumena eta gorputza bertan kontatzen denari», nabarmendu zuen Guillanek.

Erronka izan da marrazkigilearentzat pertsonaia bera hamahiru momentu desberdinetan islatzea. «Irudi bakoitzean pertsonaiaren momentuko gogoeta edo egoera adierazi nahi izan dut eta horretarako pertsonaiari aldi bakoitzean gorpuzkera desberdina eman diot, arreta berezia jarriz eskuetan, euren bidez hitz egingo balute bezala», azaldu zuen. Hortik erronka.

Antzerki munduan ibilbide luzea du Guillanek. Talde lanean aritua, bere lan literarioek ere badute lan kolektibotik Mikel Soto editorearen esanetan. «Liburuan agertzen den ‘gu’ hori oso bideratua dago kolektibora eta antzerki taldera, azken honen begirada kontatzen duena», zehaztu zuen Guillanek.

Irakurlea pentsatzera daraman lana da “Zauri Bolodia”. Halaxe nabarmendu zuen Txalapartako editoreak.