GARA
BILBO

78 bertsolari lehiatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarriko Fasean

Aurreko txapelketako egitura berarekin abiatuko da aurten ere Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Apirilaren 14an helduko diote Udabarriko Faseari Bilbon, eta sailkatze fase horretako langa gainditzen duten bertsolariak lehiatuko dira udazkenean abiatuko den Udagoieneko Fasean.

Antolatzaileek atzo Bilbon egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, orotara 78 bertsolarik hartuko dute parte Udabarriko Fasean eta nabarmendu zuten eskualde guztiek dutela euren ordezkaritza. Parte hartu behar duen bertsolari kopurua aintzat hartuta, hamahiru saio egingo dira eta horietako bakoitzean sei bertsolarik hartuko dute parte. Lehenengoa, esan bezala, Bilbon egingo da apirilaren 14an (BBK aretoa, 17.30) eta azkena, aldiz, Abadiñon, maiatzaren 26an (Errota kultur etxea, 17.30).

Udagoieneko Fasea, aldiz, urrian abiatuko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dituela zehaztu zuten eta kanporaketara 2014ko finalista izandakoak batuko zaizkiela Udaberriko Fasetik sailkatutakoei. Fase horretan, guztira 30 lagunek hartuko dute parte. Finalaurreko saioetara, aldiz, 2016an finalista izandakoak zuzenean sartuko dira.

Aipatzekoa da Udabarriko Faseko sarreretan ez dela aurretiazko salmentarik egingo, zuzenean eskuratu ahalko dira saioa burutuko den aretoko txarteldegietan, 3 euroren truke (bazkideak 2 euro; 16 urtez beherakoak doan). Txarteldegiak ordu erdi lehenago irekiko dira. Informazioa: www.bertsozale.eus.