Patxi GAZTELUMENDI

Banku lapurreta zorigaiztokoa

Zazpi astez Bilbon kokatutako «72 BinLadens» filmarekin ari dira jo eta ke Koldo Serra eta bere lantaldea. Bilbao Bizkaia Kutxak duela gutxi itxitako bulegoetan gertatzen dena ikusteko aukera izan dugu, eta kanpoko irudiak Santutxun filmatuko dituzte aurki. Abendurako zinema pantailetan.

"Handia" filmerako Londreseko irudiak grabatu zituzten kale berean beste pelikula bat filmatzen ari dira orain. Bilbao Bizkaia Kutxaren bulego zahar batzuetan kokatu dira egunotan Koldo Serra eta bere lankide guztiak. Bulegoko atea igaro eta bi-hiru solairutan ari dira lanean. Behean ekoizpenean ari dira, arropak eta dekoraturako materiala ikus daiteke. Lehen solairuan banketxe baten bulegoko barruko irudiak grabatzen ari dira, eta bigarren solairuan Ertzaintzaren komisaria bat atondu dute. “72 BinLadens”.

GARA egunkaria errodajean murgildu da, eta kamera, audio teknikari, dekoratzaile eta aktore artean pasarte batzuen grabaketa ikusi eta lantaldeko kideekin solasean aritzeko aukera izan dugu. Emma Suarez, Nathalie Poza eta Hugo Silva aktoreekin mintzatu eta Koldo Serraren egitasmoa gertuagotik ezagutu dugu. Barruko irudi hauek grabatzen dituzten bitartean, filma muntatzen ari dira aldi berean, eta laster Santutxuko Haro plazan grabatuko dituzte kanpo eszenak, polizia operazio bat eta beste zenbait une.

Emma Suarez aktoreak Raquel Cresporen papera jokatzen du. Bat-batean diru premia larri bat sortzen zaio eta 24 orduren buruan 35.000 euro –72 BinLaden– eskuratu behar ditu. «Burua galtzear duen emakumea da Raquel», Emma Suarezen aburuz, eta bi atrakatzaile gazteak banketxean sartzean, egoera oraindik gehiago trakesten da.

Nathalie Poza eta Hugo Silva preso ohi bikotearen paperean aritzen dira filmean. Kolpea jo behar dute sukurtsalean, eta modu baldarrean arituko dira. Egoera gehiago zailtzen da, eta zenbait planoren grabaketa ikusteko parada eman digute sukurtsal barruan. Kanoiak laburtuta dituen eskopeta batekin ageri da Nathalie Poza aktore ezaguna. Ile luzea, itxura eskasa eta galdutako begi bat zein aurpegiko orbanak neska protagonistak izandako bizimodu gogorraren isla dira. Bahituta duten informatikariari ordenagailuan partida ikusteko eskatzen dio. Atzean erdi lo ageri da bikotekidea (Hugo Silva), honek ere ez dauka itxura hobea. Pistola eskuan, banketxean lurrean eserita dauden langile eta bezeroak mehatxatu berri ditu filmatu duten hurrengo pasartean. «Beldurrik ez daukan kaleko bikotea gara», ihardetsi du Nathalie Poza aktoreak, «egiten dugun lehen atrakoa da honako hau, eta desastre bat gara, nola bizitzan hala ekintza honetan ere». Bikote horretan emakumezkoa da nagusi, berak antolatu eta bideratzen du guztia, «eskrupulu eta aurreikuspenik ez duen pertsonaia da nirea, tiroka hasteko prest dagoen emakumea naiz filmean, ume basati bat», adierazi du. Filmazioa aurrera doan heinean ari da bere pertsonaia ezagutzen eta moldatzen. Eta oso pozik dago alde horretatik, «baina polita bezain zaila da horrela lan egitea». Nathaliek oso hitz atseginak izan ditu Koldo Serra zuzendariarentzat. «Gogotsu ikusten dugu bere lanean, eta ikusmen gaitasun handia erakusten digu une oro», bota digu miresmenez. Zineman oso ohikoa ez bada ere, “72 BinLadens” era kronologikoan ari dira filmatzen, eta egun batean grabatzen dutena, hurrengorako muntatuta izan ohi dutela nabarmendu du Serrak. «Ez da ohikoa, baina plazera da, eta gainera planoren bat errepikatu gura badugu, hori egiteko aukera daukagu, eta biharamunerako zuzenduta», bota digu pozik zuzendariaren aulkitik.

Thriller bat egin gura izan du, eta “Gernika” filma egin ostean lan honetan buru-belarri murgildu bada ere, hura enkargatu aurretik “72 BinLadens” nahiko garatua zuen zuzendari bilbotarrak. Pelikula Bizkaiko hiriburuan grabatu ez ezik, «mundu guztiak jakingo du hau Bilbon gertatzen dela, hemengo pelikula bat da, eta 2015eko martxoaren 4an gertatzen da guztia».

Abendurako zinema pantailetan egotea espero du Serrak.