Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Betikotik aldenduz Don Inorrez musika egitasmoa sortu du Imanol Ubedak

Duela hogei urte sortu zuen Bide Ertzean bere anaiarekin, Deabruak Teilatuetan rock taldean aritu ostean. Anaiak musikaren bidea utzi behar, eta Imanol Ubedak ez zuen bide ertzean geldirik geratu nahi izan. Don Inorrez egitasmoari ekin zion Karlos Aranzegi bateriarekin. «Mugiro bila» diskoa grabatzera joan ziren Cadizera, Puerto de Santa Marian Paco Locok dituen estudioetara. Autoekoizpen lan berri honen zuzenekoekin apirilaren 12an hasiko dira.

Ez da geldirik egotekoa. Musika bizi du eta musika proiektu berri batean dago egun Imanol Ubeda. Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Peiremans taldeetako esperientziatik aldendu nahi izan duela aitortu zuen Bilboko Kafe Antzokian eskainitako bi kantuko emanaldian eta osteko diskoaren aurkezpenean. “Mugiro bila” lana aurkezteko, ondoan izan zuen Karlos Aranzegi adiskide eta Don Inorrez taldeko bateria.

Bide Ertzean taldeko bi kideek kantu berriak eta egitasmo berria gauzatzeko Paco Loco musikari eta ekoizlearengana jo zuten 2016an. «Musikalki beste zerbait egiteko ahalegin horretan berehala hartu genuen erabakia izan zen Paco Locorengana joatea, nik ez nuen ezagutzen baina Karlosek bai», aitortu zuen Imanol Ubedak apal. Eta asmatu zutelakoan dago bera. «Intuizioz edo, oso argi ikusi genuen beste soinukera bat bilatu nahi genuela», gaineratu zuen abeslari eta gitarristak.

Paco Locok diskoa ekoitzi eta grabatzeaz gain, gitarrak ere sartu ditu. Eta oso pozik daude berarekin lortu duten soinu eta kalitatearekin. Hiru bidaia egin zituzten Cadizera. Lehendabiziko biak grabatzeko baliatu zituzten, eta hirugarrenean nahasketak egin zituzten tolosarrek Andaluzian.

«Erabaki garrantzitsua izan da, diskoko soinua zuzenekoetara eramango dugu, eta bere ekarpena sekulakoa izan da, oso oinarrizko ideiekin joan ginen, eta guk emandako neurrien gainean berak egin digu benetako jantzia», azaldu zuen Don Inorrez taldeko kantariak. Imanol Ubedarentzat, gainera, estudioko musikariekin aritzen den lehen aldia izan da, «nik beti taldean egin dut lan, eta taldekook grabatu izan ditugu abesti guztiak; oraingoan, berriz, Paco Loco aritu da teklatu eta gitarretan eta horrez gain Madrilgo baxu-jotzaile handi bat izan dugu estudioan: Jacob Reguilon».

Imanolek prestatuta zituen proposamenak erakutsi eta horren gainean lanean hasi ziren estudioan bertan. «Ez genuen aurretik inongo entsegurik egin, eta estudioan bertan hasi ginen laurak elkarrekin jotzen, oso modu arin eta atseginean… eta konturatu orduko kantuak grabatuta zeuden», gogoratu du Ubedak. Hamar kantuak Imanol Ubedak berak sortutakoak dira eta letretarako Ione Gorostarzu, Xabi Borda, Angel Gonzalezen liburuetako poemak eta Pello Lizarraldek beren-beregi musikatzeko egin zion opari bat baliatu ditu.

Paco Loco ekoizleak euskarazko talde eta musika ezagutu eta jarraitzen duen arren disko oso bat grabatzen duen lehen aldia izango da. Imanol Ubedak kontatu zuenez, «darabilgun hizkuntza oso atsegina» egin zitzaion musikari eta ekoizle asturiarrari. Imanol bera ere oso pozik dago emaitzarekin. Berak argi zuen orain arteko bidetik aldendu nahi zuela, irribarrea ateratzen zaio bere aurreko proiektuen zipriztinak aitortzen zaizkionean, baina «betiko melodikotasunaz gain, badago pop distortsionatuago bat ere, soinukera zikinago batekin» azpimarratu zuen berak. «Agian dirty pop soinua dario, baina disko argitsua dela iruditzen zait», gaineratu zuen.