GARA
Gasteiz

Judimendi «sormenerako auzo» bilakatu nahi du Sugar Fest-ek

Gasteizko Judimendi auzoa aktibatu eta auzo sortzaile bilaka dadin sustatzeko jaio da Sugar Fest jaialdia. Auzoko hogeita hamar eragile inguruk hartuko dute parte bertan eta lehen edizioa apirilaren 15etik 22ra egingo da. Nahi duena garaiz dabil proposamenak helarazteko.

«Badira administrazioak bultzaturiko auzo sortzaileak. Sugar Fest-en erronka, ordea, behetik jaio da, su bizian den auzotarren mugimendu sozial eta kulturaletik», azaldu dute Gasteizko Judimendi auzoan aurten lehenengoz egingo den jaialdiaren antolatzaileek. Artearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, apirilaren 15ean abiatuko da eta hilaren 22an amaitu. Antolatzaileek zehaztu dutenez, auzoko hogeita hamar eragile batu dira jada ekimenera eta inork bere proposamena helarazi nahiko balu oraindik garaiz dagoela ere gaineratu dute.

Euren hitzetan, Sugar Fest auzoak bizi duen «suspertze uneari» beste bultzada bat emateko asmoz abiatu dute: «Bultzada soziala sorkuntzara bideratu nahi dugu. Joan den urritik garatzen ari garen parte-hartze zuzenaren bidez, auzotarren berezko baliabideetan oinarritzen gara». Helburu nagusia, ordea, urrunago doa: «Judimendik behar duen errehabilitazio prozesua bururaino eramateko tresna izateko jaio gara, etorkizunean nahi dugun auzoarekin amesten dugulako, auzo bizia nahi dugulako, kultura eta sormenetik, era propositiboan sortzeko jaio gara. Eta bide honetan Sugar Lab markoa izan zen aurreneko pausoa eta Sugar Kultur Fest da bigarrena, nahi dugun Judimendi auzoa ikusarazteko, auzo sortzaile izateko aurreneko pausoa emateko».

Kultur eredu auzotarra

Asier Balza auzotar eta grafitigilea da ekimenaren sustatzaileetako bat eta, aurkezpenean zehaztu zuenez, kultur kudeaketa eredu berri baten alde ere egingo dute. Bide horretan, gogora ekarri zuen San Joan jaiak antolatzeko «grina eta konpromisoa» badituela auzoak eta Sugar Fest-en egitarauak ere «auzo izaera» hori izan dezan nahi duela azpimarratu zuen: «Egitarauari auzo izaera eman nahi izan diogu, eraldaketak ikusarazteko asmoz, batetik, eta hurbileko ekonomiak sustatzeko gai garela erakutsiz, bestetik. Auzo bizia, jantzia eta kritikoa nahi dugu». Alde horretatik, nabarmendu zuen auzoko 30 kolektibo eta eragilek baino gehiagok hartu dutela parte egitaraua osatzen; besteren artean, Auzo Elkarteak, Gizarte Etxeak, elizak, autogestioan oinarritutako Sumendi espazioko kideek, Eoncult elkarteak, AEK euskaltegiak, auzoko artistek eta jaialdiaren aurkezpena hartu zuen ARTgia sorgune & aretoak.

Hala, Judimendin sei gune zehaztu eta horietan eragiteko asmoa dute, auzoa dinamizatzeko. «Sorkuntza-eremu iragankorrak» izango badira ere, horietan jarduera ezberdinak garatuko dira.

Antolakuntzatik zehaztu dutenez, sua izango da egitasmoaren muina. «Sua pizten duena txinparta bat da, eta Judimendi kulturatik eta artetik piztu nahi dugu. Pieza bakoitza giltza bat da. Auzokide bakoitza. Eragile bakoitza lotzen gaituen soka bat da. Aurreikusi gabeko bazterra pizten duen sua. Guztiaren artean onena: pieza bakoitza handiagoa den sistemaren zati da. Misio bakarra espero gabeko sinergiak sortzea da, eta horixe gauzatzea espero dugu».

Egitasmo kultural berriak lankidetza esparruen garapenaren aldeko apustua egiten duela ere nabarmendu zuten antolatzaileek eta, bide horretan, auzo sortzaileak sustatzeko bestelako esperientziekin hartu-emanak izateko nahia agertu zuten: «Antzeko beste esperientziak badira Bartzelonan, Portugalen, Madrilen edota Irunen», esan zuten.