GARA
IRUÑEA

Nafarroako bi lan istripuak salatuz, Lakuntzatik eta Untzuetik Iruñeraino

Azken astean hiru langile hil dira lan istripuetan, bi Nafarroan eta bestea Bizkaian, eta sindikatuek bi mobilizazio egin zituzten protesta gisa. Germany S.A. mekanizazio enpresako langileek 24 orduko geldialdia eta elkarretaratzea egin zuten astearteko heriotza salatuz.

Gehiengo sindikalak deituta (ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Ehne eta CGT) bi auto karabana egin zituzten atzo, bata Lakuntzatik abiatuta eta bestea Untzuetik. Nafarroako azken bi istripu hilgarriak udalerri horietan jazo dira, hain zuzen ere. Dozenaka langileren protesta Iruñeko Lan Sailaren aurreraino eraman zuten.

ELAk nabarmendu zuen aurten Nafarroan lau langile hil direla beren lanpostuetan eta zentralak «samina eta haserrea» agertu nahi izan zuen.

Aipatu elkarretaratzean joan den astean zendutako bi langileak gogoan izan zituzten. Ostegunean, hilak 15, Lakuntzako Sakana S. Coop. enpresan lanean ari zela burdinazko pieza bat erori zitzaion behargina (Yerai Lanz Azpilikueta) egun bat geroago hil zen. ELAk gogorarazi zuen duela lau urte, 2015eko ekainean zehazki, lan istripu baten ondorioz beste behargin bat hil zela Lakuntzako konpainia berean. Teilatuan konpontze lanak egiten ari zen azpikontrata bateko langilea erori eta bertan zendu zela jakinarazi zuen.

Bestalde, ostiralean bertan Tebas parean, AP-15ean, gertaturiko istripuan zendutako kamioi gidaria (Mikel Diaz Oyaga), Nafarroan hildako laugarren langilea izan zen, eta Euskal Herriko zazpigarren garraiolaria.

24 orduko geldialdia

Astearte goizean Arteagako Bildosola industrialdean hildako langilearen omenez eta prekaritatea salatzeko, aldiz, 24 orduko geldialdia egin zuten atzo Germany S.A. mekanizazio enpresako langileek. 12.30ean, konpainiako delegatuek deituta, elkarretaratzea egin zuten.

Rafa S.F. 48 urteko Derioko bizilagunak asteartean lan istripua izan zuen, altueratik erorita. Gurutzetako ospitalean eman zuten heriotzaren berri.