GARA
BILBO

Sexu-esplotazio sare batekin harremana dutelakoan 89 pertsona atxilotu dituzte

Nigerian emakumeak atzeman, Europara ekarri eta prostituzio lanak egitera behartzen zituzten, bidaiagatiko zorrak kitatzeko. Estatu espainolean zehar egindako ikerketa Bizkaira eta Nafarroara ere iritsi da.

«Nanga-Parbat» izeneko operazioaren baitan 89 lagun atxilotu dituzte sexu-esplotazio sare batekin harremana dutelakoan. Horietatik 25 Euskal Herrian atzeman dituzte, Nafarroa eta Bizkaira zabaldu baita ikerketa. Prostituzio lanak egitera behartzen zituzten 39 emakume –batzuk adin txikikoak– askatu dituzte, bestetik.

Nigeriako mafien aurkako Europa mailako polizia-operazio garrantzitsuenetakoa da, eta lankidetzan aritu dira Guardia Zibila eta Nigeriako Polizia; Britainia Handiko krimenaren aurkako agentziaren laguntza izan dute eta Europolek kudeatu du ikerketa. Bizkaiaz eta Nafarroaz gain, Kantabria, Madril, Guadalajara, Toledo, Alicante, Malaga, Murtzia, Sevilla, Almeria, Bartzelona eta Manchester izan dira ikerketaren jomugan.

Aske utzi dituzten emakumeak “Vudu-Juju” errituarekin mehatxu egiten zieten prostituzioan jardun zezaten. Adibidez, Almeriako Cuevas de Almanzora herrian, kobazulo-etxeetan esplotatzen zituzten egoera oso txarrean, beren gorputza salduz 30.000 euroko zorrak kitatu zitzaten.

Salgaiak izango balira bezala tratatzen zituzten; Nigerian atzematen zituzten legez kanpoko immigrazio sareek eta 4.200 kilometro egiten zituzten Afrikan zehar Libiaraino. Itsaso bidez, Lampedusako errefuxiatu kanpalekuetaraino ailegatzen ziren eta ondoren Europako hainbat herrialdetan banatzen zituzten.

Liderra, Tuteran

Urtebete iraun duen azken fase honetan Estatu espainol mailako liderra atxilotzea lortu dute, zeinak Tuteratik gainerako buruzagiei aginduak ematen zizkien. Horiek guztiak ere atxilotu dituzte.

Nigeriar Senidetasuna delakoa zen diru guztia biltzen zuena, zeinak luxuzko hoteletan eta etxebizitzetan inbertitzen zuen. “Hawala” teknikaren bidez zuritzen zuten dirua. Teknika hori erabiltzeko konfiantzazko pertsona ugari behar dira, herrialde desberdinetan. Elkarren artean transakzioak egiten dituzte bankuak izango balira bezala, baina inolako arrastro digital, elektroniko edo dokumentalik utzi gabe.