Nerea GOTI
BILBO
Euskaltzaindia

Elkarlana bultzatu, beharrizanei erantzun eta urrian ospatzen hasi

Ehun urte betetzear dela, aurrera begira zerbitzu bokazioa indartu eta elkarlana bultzatu nahi du euskararen akademiak. «Euskatzaindiak nahi du eta behar du gizarte-eragile guztiekin jardun, eta horretan agortuko ditu indarrak hurrengo urteetan», adierazi zuen Andres Urrutiak. Ospakizunak urrian hasi eta 2019ko irailean amaituko dira.

Ehun urte igaro dira 1918ko Oñatiko lehen biltzarretik, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorrerak ekarriko zituen hartatik. Zehazki, 1918-1919 urte bitarte hartan egin zituen euskararen akademiak lehen urratsak. Orain, mendeurrenaren atarian, egindako ibilbidearen balioa nabarmendu nahi dute, baina batez ere egungo gizartearen beharrizanei erantzun eta aurrera begirako erronkei so egin nahi die Euskaltzaindiak, Andres Urrutiak azaldu zuenez.

Aukeran dantza taldeak girotutako aurkezpen ekitaldian, euskaltzainburuak gogora ekarri zuen Euskaltzaindiak «euskara instituzionalizatu» eta «gizarteari zerbitzua eman» diola etengabe, «euskararen batasuna lortzeko aitzindaritza» hartu zuela beste hainbat euskal eragilerekin batera, eta euskalgintza modernoaren azpiegitura diren hainbat errealitateren sorrera ere hauspotu zuela.

Historia hor dago, baina XXI. mendean «bete-betean egon eta bizi nahi» du Euskaltzaindiak, Urrutiak nabarmendu zuenez. Beharrezko aldaketak egiten hasi dira azken hamarkadetan, baina «ondorengo bi urteetan are gehiago nabarituko» direla adierazi zuen Urrutiak, «mendeurrena hori guztia erakusteko baliatu nahi dugu».

Sare sozialetan presente egoteaz gain, 2016an digitalizatutako Hiztegian aldian aldiko aldaketak sei hilabetero sarera igoko dituztela iragarri zuen. Azken urtean egindako liburuak euskarri digitalean daudela azaldu zuen, «guztion eskura jarrita», eta webgunea aldatuko dutela zehaztu zuen, «erabilera arruntaren mesedetan».

«Eragileekin batera jardun»

Gizarte eragile eta erakunde ofizialekin etengabeko harremanak dituztela aipatu zuen Urrutiak, egitasmoak antolatu eta partekatzeko. «Gure egoitzen ateak zabaldu ditugu musika emanaldiak eta bisita gidatuak eskainiz publiko zabalarentzat, euskalgintzako eragile eta elkarteei harrera eginez, horiek ere erabil ditzaten», eman zuen aditzera. «Inoiz baino gardenagoa nahi dugu Euskaltzaindia» eta akademia «inoizkorik hurbilena eta dinamikoena ere izaten» ahalegintzen dela nabarmendu zuen.

Mendeurrena «gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko» baliatu nahi du Euskaltzaindiak. Mezu hau zabaltzearekin batera, dei zabala egin zion Urrutiak Euskaltzaindiaren izenean euskal gizarteari, «XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko».

Logotipoa, lema eta egitaraua

Andres Urrutiarekin batera, Sagrario Aleman euskaltzainak eta Ibon Usarralde mendeurreneko bateratzaileak hartu zuten parte aurkezpen ekitaldian. Alemanek ospakizunarekin estreinatuko den logotipoa aurkeztu zuen; «Euskaltzaindiaren eginbehar eta helburuak ez dira ia aldatu» baina «egiteko moduak eta harreman-sareak, ordea, bai», eta hori islatzen du beste itxura bat duen betiko zuhaitzak.

«Euskara ehuntzen» leloa izango du ondoan zuhaitzak, ehun urte igarota beti egin duena egiten jarraituko duela adierazteko: «Gure hizkuntza doitzen eta egokitzen».

Usarraldek jakinarazi zuenez, mendeurrena hurrengo irailean hasi eta 2019ko urrira bitartean ospatuko dute, ekitaldi, ekimen eta ekintza ugarirekin, «oso ezberdinak euren artean baina osagarriak aipatutako helburuak eta asmoak osatzeko». Egitarauak hainbat arlo beteko dituela zehaztu zuen: instituzionala (euskal kultura eta euskara sustatzeko eta elkarlanaren garrantzia azpimarratzeko), kultural-artistikoa (gizartearekin emozionatzeko, antzerkia, musika emanaldiak...), eta ehun urte hauetako historia jaso eta gizarteratzeko ekintzak (dokumentalak, liburuak, komikiak...).

Bestetik, arlo akademikoari so egin zion Usarraldek. Horretan bederatzi jardunaldi aurreikusten dituzte. Horietatik lehenak “Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena” izango du izenburua eta Baionan egingo da irailean. Bigarrenak, berriz, “Euskararen Batasuna” izango du hizpide eta Arantzazun egingo da.