Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Koordinazioa eskatu die EH Bilduk Gipuzkoa eta Nafarroari

Belateko tuneletan eta A-15 autobideko San Lorentzo tunelean egitekoak diren lanetan koordinazioz aritzeko eskatu die EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Aldundiari.

«Harriduraz, tristuraz eta atsekabez» hartu dute EH Bildun Gipuzkoako Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbidek Nafarroako Gobernuarekin koordinatzeko erakutsi duen borondate falta, Iban Asenjo batzarkideak adierazi zuenez.

Azken honek Maiorga Ramirez parlamentari nafarrarekin batera egin zuen agerraldia atzo Iruñean, bi administrazioei «herri ikuspegian» oinarrituriko elkarlana eta koordinazioa eskatzeko, «aurreko urteotan Nafarroan UPNren gobernuek Gipuzkoarekin harremanak apurtzen tematu direla aintzat hartuta».

Orain, Belateko tuneletan obrak egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak eta trafikoa mendate zaharretik desbideratzeko asmoa dute. Garai berean Gipuzkoak A-15 autobideko San Lorentzo tunelean konponketak egin nahi ditu eta bi norabideetako trafikoa bide batetik pasaraziko dute. Horretaz gain, nazioarteko kamioien trafikoa galarazi nahi du.

Egoera honek haserrea piztu du Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango herritar eta hautetsien artean, bihurgunez beteriko Belateko mendate malkartsutik kamioien trafiko itzela izango dutelako.

Gauzak horrela, nafarren interesak irmoki defendatzeko eskatu dio Ramirezek Manu Ayerdi lehendakariordeari.

Azkenik, Belaten eta A-15 autobidean lanak batera ez egiteko eskatu diete Nafarroako eta Gipuzkoako arduradunei eta aurrerantzean era horretako lanak egin baino lehen koordinatu daitezela eskatu du.