GARA
TOLOSA

Prekaritatea agenda politikoan sartu eta gizarteratu egin nahi du LABek

Euskal Herrian milaka langilek dituzten baldintza kaskarrak erdigunean jarri ditu sindikatu abertzaleak, eta horren aurkako elkarguneak sortuko ditu hainbat herritan. Tolosan atzo «Ostiral duinak» ekimena egin zuen. Gaia gizarteratzea ezinbestekotzat jotzen du.

Prekaritatean jarri du azpimarra LAB sindikatuak. Hala, Euskal Herriko milaka langilek pairatzen duten egoera salatzeko eta gizarteratzeko, “Ostiral duinak-Viernes contra la precariedad” ekimena egin zuen atzo Tolosan.

Auzia agenda politikoan txertatzea ezinbestekotzat jotzen du sindikatu abertzaleak eta, bestetik, gizartea bera jazotzen diren egoera lazgarrien jakitun izatea. Langileei ere beren testigantzak jendaurrean azaltzera eta esperientziak trukatzera dei egin die. Norabide horretan, elkarguneak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan.

Eragile politikoei hainbat eskari egin dizkiote. Garrantzitsuenak honakoak dira: 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea eta asteko lanaldia 35 ordukoa izatea. Bertako lan hitzarmenak defendatzeko ere eskatu du LABek, horiek adostu eta babestea Madriletik irits daitezkeen erreforma eta helegiteen aurrean.

Kontratazioak egitean gutxieneko orduak ezartzea nahi du lanaldi partzialak direnean eta laneko ikuskaritzek kontrol eraginkorragoa egitea enpresei.

Prekaritateak aurpegi asko dituela ohartarazten du; hala, antolaketa eta kontzientziazioa beharrezko ikusten ditu. «Euskal Herrian langile txiroak daude, hilabete amaierara ailegatzen ez direnak», salatu du. Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen ondotik hau berretsi du: langileen %80k lan baldintza kaskarrak dituzte.