Amalur ARTOLA
IRUÑEA
Elkarrizketa
ALBERTO LADRON ARANA
IDAZLEA

«Zenbait nobelatan agertzen diren poliziek seminaristak dirudite»

Mendaur mendian agertu diren bi hilotzen ikerketatik abiatuta, nazi, azteka eta arma biologikoen artean paratu du Leire Asiain inspektorea Alberto Ladron Aranak (Iruñea, 1967). «Jainkoen zigorra» du barne gatazka etengabean bizi den pertsonaia protagonistatzat duen hirugarren eleberria.

Nola sartu zen Leire Asiain zure bizitzan?

Nire azken hiru nobeletako protagonista izan da. Aurretik bazen beste foral bat, Armentia, “Ahaztuen mendekua”-n (Elkar, 2009) bigarren mailako pertsonaia zena. Inbidia nien pertsonaia finko bat zuten idazleei, ez zutelako zerotik hasi behar nobela bakoitzean, bazuten pertsonaia bat egituratua eta haren ondoan beste batzuk ageri ziren. Nobela amaitzean zakarrontzira zihoazen nire pertsonaia guztiak. Orduan, pertsonaia finko bat egitea bururatu zitzaidan, baina Armentia ez zitzaidan protagonista izateko bezain erakargarria iruditzen. “Arotzaren eskuak”-en (Elkar, 2006) bazen Ane izeneko pertsonaia bat: oso gustura geratu nintzen harekin, eta bere ezaugarri batzuk gorde eta polizia bihurtuta jaio zen Leire Asiain.

Emakumezko protagonista kokatu duzu oso gizonezkoa den mundu batean.

Armentiaren ezberdina zen zerbait egin nahi nuen eta, aldatzen jarrita, emakumezkoa izatea erabaki nuen. Gainera, Ane nuen gogoan, oso gustura geratu nintzen pertsonaia harekin.

Psikologoa zara ikasketaz. Zertan izan zaizu baliagarri formazio hori pertsonaiak egituratzeko orduan?

Agian, psikologia patologikoaz ikasitakoa, batez ere hiltzaileak egiteko (barreak). Ikasketek ematen dizutena da pentsaera zientifikoa, eta ni beti saiatzen naiz hori nobeletara eramaten. Zaila da azaltzen eta ez dakit gero nobeletan ikusten ote den, baina nik beti dut hori buruan.

«Jainkoen zigorra»-n aurreko eleberrietan baino askoz presentzia handiagoa du Asiainen barne munduak. Zergatik aldaera hori?

Aurreko nobeletan pozik gelditu nintzen argumentuekin, baina ez horrenbeste protagonistarekin. Haren inguruko pista edo xehetasunak ematen ziren, baina beti bigarren maila batean geratzen ziren eta erabaki nuen Asiainek bere lekua behar zuela.

Nola deskribatuko zenuke Asiain?

Pertsonaia konplexua da. Bere buruarekin etengabeko borrokan bizi da. Arazoak ditu jatekoarekin, ez du alkohola ongi kontrolatzen eta jendearekin jarduteko ere arazoak ditu. Baina beti sumatzen zaio arazo horiek gainditzeko halako nahi bat, horregatik diot beti borrokan ari dela. Bestalde, baditu bere kontraesanak, zinikoa izan daiteke, idealista, justiziaren zentzu handia du eta horrek ere arazoetan sartzera darama.

Nobelaren abiapuntua Mendaur mendia da. Nola hautatzen dituzu eszenatokiak?

Mendizalea naiz eta beti pentsatu izan dut mendiak toki misteriotsuak direla eta thriller bat halako eszenatokian kokatzeak xarma ematen diola nobelari. Hemen deskribatzen den hilketa gerta zitekeen Iruñean, baina ez zuen xarma hori izango. Aurreko nobela batean ere mendietan zutarrietan lotuta ageri ziren gorpuak. Hemen mendiz inguratuta bizi gara eta uste dut naturala dela akzioaren parte bat halako lekuetan gertatzea, nahiz eta nobela beltz tradizionaletan hilketak hiri handietan gertatu, gangsterren krimenetan edo Agatha Christieren eleberrietako jauregietan adibidez, toki urbanoetan.

Tramak denetariko osagaiak ditu: iparraldeko bi hilotz, foral eta jendarmeak, arma biologikoak, naziak, aztekak… Nola lotzen dira hari guztiak?

Normalean bizpahiru ideia finkaturik eduki nahi izaten ditut nobela hasi aurretik, bestela kaosa baita. Ideien arteko harreman sinesgarria egitea da gakoa, irakurleak “hau ehun urtetan ere ez litzateke gertatuko” pentsatzen badu ez duelako funtzionatuko. Nik beti sinesgarritasuna bilatzen dut, jakinda bakoitzak bere mugak dituela eta batzuek Mendaurren bi anaia hilik ager daitezkeela sinets dezaketela eta besteei sinestezina irudituko zaiela. Arrisku horiek ere hartu behar dituzu, sinesgarritasunaren eta ikusgarritasunaren arteko oreka bilatu behar duzulako, eta ikusgarria izateak eskatzen duelako ohiz kanpokoa izatea.

Eta nola egiten da hari muturrik libre ez uzteko?

Kaier bat dut, gero erakutsiko dizut nahi baduzu, motxilan daramat (barreak). Oharrak hartzen ditut, ideiak geziz lotuz, adibidez nola jakin dezakeen pertsonaia batek besteak zer egiten duen… Halako kontuak. Ze, nobelak aurrera egiten duen heinean iristen da puntu bat ezinezkoa dena dena buruan eramatea, eta orduan grafikoak eta abar egiten ditut, denak mekanismo bat balitz bezala funtziona dezan.

Sinesgarritasunera iristeko dokumentazio lan ona egitea ere garrantzizkoa izango da.

Bai, nahiz eta prozesua batzuetan aspergarria izan. Ea nork jakin dezakeen hau, interneten begiratu, irakasleei [NUPen egiten du lan] galdetzen ahal diet… Nobela honetarako, birus informatikoek eta telefonia antenek nola funtzionatzen duten aztertu dut adibidez, eta Diana Quer-en kasuan, haren sakelako telefonoa aurkitu zutenean, informazio asko eman zen mugikorren lokalizazioaz eta antenen funtzionamenduaz. Istorio horiek bilatu behar dituzu sinesgarritasunarekin asmatzeko.

Lerroartean hainbat gai jorratu dituzu. Generoa, adibidez: emakume bat baino gehiago jarri duzu botere postuetan eta erabakigarriak dira egiten dituzten zenbait hautu. Hori ez da ohikoa nobela beltzean.

Erraz kontrolatzen ahal ditudan gauzak dira. Nobela beltzean eta thrillerrean bada kasuen aitzakian beste kontu batzuez ere hitz egiteko tradizio bat, baita salaketarako joera bat ere. Ni beti ahalegintzen naiz munduaren nire ikuskera azaltzen, eta kasu honetan ukitzen dira arrazismoa, emakumeen kontrako bortizkeria, memoria historikoa…

...eta tortura polizialak.

Bai, baina ez torturatuaren ikuspegitik, baizik eta, ez dakit torturatzailearenetik, baina bai barne ikuspegi batetik. Halako egoeren aurrean nola erreakzionatzen dugun ikusi nahi izan dut, nola lankide batzuek ez duten ikusi nahi, beste batzuk kontra azaltzen diren… Herri honetan, gainera, lehen eskutik bizi izan dugun kontua da torturena eta zenbait nobelatan, batez ere Espainiako idazleenetan, agertzen diren poliziak seminaristak edo antzeko zerbait dirudite eta nik beste ikuspuntu bat azaldu nahi nuen. Gainera, Asiainek ezinikusia dio Guardia Zibilari; lehenengo nobelan batekin izan zuen ika-mika beti aipatzen da hurrengoetan.

Eleberria Asiainen etorkizunaren gaineko galdera asko daudela amaitzen da. Izango dugu, noski, haren berririk…

Noski! Ja martxan dago hurrengo nobela, erdia idatzita daukat. Aldaketa egongo da Asiainen bizitzan, ez da Foruzaingoan egongo eta ikusiko dugu ea hurrengoetan zer gertatzen den (barreak). Ate berriak irekiko dira Asiainen bizitzan.

Hiru nobela eta erdi dira, orduan, Asiainekin. Fakturarik pasatzen al du elkarbizitza horrek?

Oraingoz eroso sentitzen naiz Asiainen mundu horrekin. Hurrengoetan zer gertatuko den ez dakit, agian aspertu egingo naiz eta opor batzuk emango dizkiot Asiaini edo beste pertsonaia bat eraikiko dut, ezin jakin.

Kritika onak jasotzen ari da «Jainkoen zigorra». 111 Akademia sarirako azken bost hautagaien artean ere egona da.

Entzun nuen, bai. Durangon ere oso ongi ibili zen eta orain gutxi salduenen zerrendan omen zegoen. Gauza horiek pozgarriak dira. Hemen oso zaila da arrakasta izatea. Azken batean, ez dago publizitaterik. Nobela bat atera eta atzean argitaletxe potente bat baduzu, nahiz eta eleberri kaskarra izan, asko salduko da publizitateari esker. Baina, hemen, denok gaude berdin: nobela bat ateratzen dugun bakoitzean hutsetik hasten gara. Asko jota, zure izena ezagun egingo zaio baten bati, baina hortik aurrera...

Marketinean hutsunea sumatzen duzu?

Bai… liburu-dendetara sartu eta gaztelaniazko liburuak eta batez ere ingelesetik itzulitako best seller-ak erakusleihoan, edo sartu eta berehala daude hor propio jarritako apalategietan, eta zureak bilatzeko hor ibili behar duzu apalategiz apalategi… Marketin estrategiak dira, eta hemengo argitaletxeek ez dute halakorik egiten. Elkar dendetan, adibidez, protagonismo handiagoa dute kanpoko liburuek beren argitaletxeak argitaratutakoek baino… horrela da. Ni ezin naiz kexatu, nola ez dakidan arren irakurleengana iristea lortu dudalako.

Jarraitzaileak badituzu.

Bai, segur aski bai (barreak).

Eta galdetzen dizute noizko duzun hurrengo eleberria.

Baina ez dut promozio lanik egiten. Ez naiz inora joaten, institutuetatik edo irakurle klubetatik deitu eta beti ezetz esaten diet…

Ez zara zalea?

Garai batean aritzen nintzen, baina asko kostatzen zait. Denbora kentzen zidan eta erabaki nuen deus ez egitea. Ez nuen aldaketarik sumatu salmentetan eta alde horretatik pozik.

Jarraitzaileen presiorik sumatzen duzu?

Bai, batzuetan “jo, esaldi honek ez dakit funtzionatuko duen” eta halakoak pentsatzen dituzu, badakizu jende askok irakurriko duela eta pisua sumatzen duzu, lana ongi egin nahi duzu. Baina presio ona da, ez da beldurra; erne egotera behartzen zaitu.

Badira urte batzuk beltza «modan» dagoela. Lehiaketak, jaialdiak… sortu dira eta autore berriak ernatzen ari dira. Zer- nolako osasuna du generoak?

Ni genero hau lantzen hasi nintzen garaian Euskal Herrian ez zegoen mota honetako nobelarik. “Arotzaren eskuak” (2006) argitaratu nuenean, jendeak esaten zidan gustukoa izan zuela baina arraroa egin zitzaiola halako argumentu bat hemen giroturik ikustea. “El guardian invisible” argitaratu zenean genero baten hasieraz, ‘nafarthriller’-az hitz egiten zen eta gogoratzen nintzen niri esaten zidatenaz... baina, tira, pozgarria da. Europan askoz lehenago gertatu zen boom hori, Larsonen istorioekin eta abarrekin, eta orain esaten dute generoa aldatu egingo dela laster, agortu egingo dela. Nik ez dut horren zantzurik antzematen, indartsu ikusten dut generoa eta batez ere emakumeek idatzitako liburuei esker. Azkenaldian emakume ingelesek –ezin dizut izenik eman, horrenbeste irakurtzeaz nork zer idatzi duen ere nahastu egiten baitut– idatzitako hainbat nobela irakurri ditut, emakumeen ikuspuntutik idatziak. Eta hor bada zer edo zer.

«Hemen, zorionez, kritikariek jada ez dute zeresan handirik; irakurleek hartu dute protagonismoa»

Fantasiazko eleberriak idazten hasi zinen. Zerk erakarri zintuen beltzera?

Idatzi nuen lehena, “Itzalaren baitan” (2001), Tolkienen moduko zerbait zen; “Xake mate”-n (2002) thrillerraren zantzuak agertu ziren eta hurrena [“Eguzki beltzaren sekretua”, 2004] espioi nobela bat zen. Hortik lerratu nintzen generora, ez dakit ez zergatik ez nola, ze, adibidez, Mankell irakurtzen hasi nintzen kritika batean esaten zelako “Arotzaren eskuak”-ek haren nobelen antza zuela... ‘Ea nor den tipo hori’, pentsatu nuen (barreak). Eta, bai, ikusi nuen lotura.

Kritikariak kontrakoa pentsatuko zuen, Mankell izan zenuela eredu.

Segur aski bai, baina garai hartan Europa osoan mota horretako nobelak sortu ziren, thrillerrari buelta bat eman zitzaion eta hemen gurera ekarri genuen, hurbilera. Hemengo espazioa, jendea, ikuspuntua, gure testuingurua. Eta gure pentsamoldeak. Alde horretatik, gure egin dugu generoa eta hori polita da.

Zer esango zenieke nobela beltza genero arintzat dutenei?

Generoak ez daukala zerikusirik kalitatearekin. Kutrekeriak egin ditzakezu thriller batean edo saiakera sakon ustezko batean. Eta portadari edo generoari begiratuta ez dago kalitatea jakiterik.

Zein etorkizun ikusten diozu generoari Euskal Herrian?

Oraingoz ona. Baina hori irakurleek esan beharko dute, haiek dira epaileak. Hemen, zorionez, kritikariek jada ez dute zeresan handirik. Nik ez ditut profesionalen esanak irakurtzen, irakurleek hartu dute protagonismoa sare sozialetan eta abarretan. Orain liburuak irakurtzen ditugu gure gisakoen iritzietan bermaturik.

Alegia, kritikariei etorkizun txikia ikusten diezula.

Nirekin behintzat bai (barreak). Euren lana hor dago, baina halako iraultza bat egon da eta jendeak hartu du boterea, eta ez bakarrik literaturan: autoa saldu nahi digunaz ez gara fidatzen, baina interneteko auto baten aldeko iritziek konbentzitzen gaituzte eta erosten dugu. Iritzi horietako asko agian izango dira faltsuak edo saltzaileek erosiak, baina tira. Hori aldatu dela garbi ikusten dut.A.A.