gara, donostia

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Agiri honen bidez, EPPK-ko kideoi sakonki eragiten digun torturaren gaiari buruzko gure hausnarketak helarazi nahi dizkiogu euskal jendarteari.

Euskal Herriaren aldeko borrokan izandako konpromisoaren ondorioz gaude kartzelan Kolektiboko kideok. Gure herriaren alde ekiteko erabakia hartu genuenean, bagenekien, ongi asko jakin ere, Espainiako poliziaren edo Guardia Zibilaren eskuetan bizirik eroriz gero torturatu egingo gintuztela. Ertzaintzaren eskuetan bestelako tratu bat jaso genezakeelako ustea 90eko hamarkadan amaitu zen. Frantziako indar errepresibo edo agintarien eskuetan erortzea ere ez da izan aski babes urte luzetan: poliziatik poliziarako entregak, Frantziako zigorra amaitu ostean mugan bertan polizia torturatzaileen eskuetan uztea...

Tortura ez da izan ETAn ekintzaile izan direnen aurka soilik erabilitako Estatu-tresna; borroka armatua erabiltzen ez zuten bestelako antolakunde politikotan aritzeko hitza eman izan duten herritarrek ere jakin izan dute torturari aurre egin behar izateko aukera handiak zituztela.

Torturaren eraginak bazter guztiak kutsatu ditu: torturatua izateko aukera Euskal Herriaren askatasunaren aldeko herritarren artean hedatutako izua izan da.

Tortura ez da izan tresna selektibo bat, ikerketek erakusten duten bezala, aipatu indar armatuek herritar ororen aurka erabili izan dute.

Urte guztiotan Kolektiboa osatu dugunon gehiengoa torturatua izan dela esan dezakegu. Gainera, atxilotu eta torturatu ostean, torturarekin pareka daitekeen egoera gizagabean mantentzen gaituzte kartzelan bahituta, baldintza kaxkarretan deserriratuta.

Bestalde, torturatuak izan garen euskal preso politikook ez dugu eragin zaigun kalte psikologikoa artatzeko aukerarik izan. Burkideen laguntzarekin nola hala egin diogu aurre infernuzko egun horietan ezagututakoari. Gutako batzuek tamalez ezin izan dituzte gainditu ondorioak.

Ohartarazi nahi dugu, norberak jasandako kalte fisiko eta psikologikoaz gain, torturaren ondorioak penalak ere badirela. Torturatzaile eta epaileen arteko ezinbesteko kolaborazioa egon delako preso politiko askori espetxe zigorra ezartzeko. Horregatik, eskuliburu juridikoek tortura kasuetarako esaten dutena aplikatzea eskatzen dugu: torturaz nola edo hala kutsaturik dauden prozedura judizial guztiak balio gabe gera daitezela.

Hauxe da EPPKren eskaera: torturak eragindako ondorio guztiak konponbidean jartzea, bai fisikoak, bai psikologikoak eta baita penalak ere.

Azken urteotan, tortura kasuren berririk izan ez badugu ere, torturak oraindik ere eragin bizi-bizia du Euskal Herriko gatazka politikoan.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2018ko martxoan

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!