GARA
BILBO

Mugak Zabalduz, migrazio politiken aurkako karabana

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Mugak Zabalduz karabana aurkeztu zuen pasa den larunbatean, Bilbon. Apirilaren 28an, 29an eta 30ean Euskal Herria zeharkatuko dute indarrean dauden migrazio politikak salatzeko. Hendaian hasi eta Santurtzin amaituko da karabana, Bilboko Portuan eraiki duten «lotsaren harresitik» hurbil.

Apirilaren 28an, 29an eta 30ean Euskal Herria zeharkatuko du Mugak Zabalduz izeneko karabanak. «Oraingoan gure lurraldean jarri nahi dugu ikuspuntua, oso garrantzitsutzat jotzen dugulako hemen gertatzen diren praktika politiko eta ekonomikoak, eta horiek pertsonengan sortzen dituzten ondorioak, salatzea», nabarmendu zuten larunbatean Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek, eta hala, zazpi herrialdeetako erakundeek martxan jarritako neurriak kritikatu zituzten.

Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, «horiei esker atzerritarrak barneratzeko zentro berriak sortu dira Euskal Herrian». Gogora ekarri zuten Hendaian dagoen pertsona migranteentzako zentroa. Eta Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko mugan, etorkinak «unean bertan entregatuak» direla salatu zuten. Halaber, Bardeako tiro eremuak eta armagintza fabrikek zabalik jarraitzen dutela ohartarazi zuten. Lantegi horietan egindako armak Bilboko portutik irteten dira «gerran dauden herrietara».

«Atzerritarrei buruzko Legeak egunerokoan erakusten du arrazismo instituzionalaren izaera. Egunero, herri eta hirietan identifikazio arrazistak errepikatzen dira, deportazioak gauzatzen dira eta atzerritarrak barneratzeko zentroetan sartzen dituzte pertsonak», azpimarratu zuten, eta antolatu duten karabanarekin pertsona migranteen protagonismoa ikusarazi nahi dutela adierazi zuten. «Alde batetik, eurekin bat eginez esplotazioaren kontrako borrokan, eta bestetik, eskubide internazionala den zirkulazio askea aldarrikatuz», azaldu zuten. Beraiek argi dute ez direla «politika hiltzaile hauen konplize izango, eta ez gara bizitzak apurtzen dituztenen aldean egongo».

«Horregatik beharrezkotzat dugu egunerokoan bizi dugun ezjakintasunaren muga hori apurtzea gure lurraldean eta bertan dauden errudunak seinalatzea, gure elkartasun eta babes guztia adieraziz gure auzokideei», esan zuten. Izan ere, «bizitza bera kapitalaren aurretik jartzen duen eredu soziala» eskatzen diete Euskal Herriko erakunde eta gobernuei, «erabateko eskubideen onarpenarekin pertsona guztientzat». «Lurralde, herri eta nazio ezberdinen arteko elkartasun sareak indartu nahi ditugu. Eta Euskal Herriko pertsona zein kolektibo guztiak animatzen ditugu askatasunean, justizian eta elkartasunean oinarritutako gizartearen eraikuntzan parte hartzera».

Helburu hori lortzeko, karabanarekin batera izango diren ekimenetan herritarrek ere parte har dezakete. Apirilaren 28an, karabanaren lehenengo egunean, elkarretaratzea egingo dute Hendaiako atzerritarrak barneratzeko zentroaren aurrean. Eguerdian beste kontzentrazio bat izango da Andoainen, Sapa enpresaren aurrean. Eta arratsaldean ekitaldia egingo dute Iruñean Ndiaye mutil senegaldarren omenez. Apirilaren 9an Tuterako tiro eremura iritsiko da karabana. Manifestazioa amaitzerakoan Gasteizera joango dira. Bertan, hezkuntzan gertatzen den segregazioari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Apirilaren 30ean karabana Bilboko portura helduko da. Giza-besarkada katea egingo dute bertan, «portuko bi errealitateak lotzeko: Zierbenako harresia eta Santurtziko armak». Karabana Santurtzin amaituko da, baina gauean kontzertuak izango dira Bilboko San Frantzisko auzoan.

Akordio «onartezina»

Karabanak agerian utziko du errefuxiatuen egoera. Bi urte pasa dira EBk eta Turkiak mugak ixteko akordioa sinatu zutenetik eta, gobernuz kanpoko erakundeek salatzen dutenez, babesa eskatzen duten milaka lagunek Grezian jarraitzen dute. 2016an 173.600 errefuxiatu heldu ziren Greziara itsasotik, iaz berriz 35.052 errefuxiatu heldu ziren estatu horren kostaldera. «Akordioa onartezina da, eskandaluzkoa. Inork ezin du esan akordio arrakastatsu bat izan dela», salatu zuen Louise Roland Gosselinek, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kideak.