2018/04/16

Lehen gradua gainditzea, leitmotiv politikoa

Legedi arruntaren bidea juridikoki eta politikoki egiteko konpromisoa hartu zuen EPPK-k eta dagoeneko espetxeetan txertatzen ari da. Estatu espainiarrean eraginkorra izan dadin, aldiz, «ezinbestekoa» izango da lehen graduari bukaera ematea. Hori da «lehenengo traba», eta hala eskatu zuten Donostian 250 preso ohi eta iheslarik, atzo egin zuten agerraldian. Hala ere, zailtasunen gainetik konponbiderako esparrua eraikitzen ari dela-eta pozik agertu ziren.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
0416_eh_presoak

Bi urte igaro dira ehunka preso ohi Usurbilen batu eta “Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera” manifestua plazaratu zutenetik, mila sinaduratik gora batuta. «Geure egiten dugu ezker abertzaleak ekindako bidea», adierazi zuten egun hartan. Orduan kartzeletan zeuden ia 400 presoei babesa ere agertu zieten. Hala, norabide horretan Donostian beste hainbeste egin zuten atzo 250 preso ohi eta iheslarik baino gehiagok; orduan adierazitakoa berretsi zuten. Beren konpromisoak indarrean jarraitzen du. «Inoiz ez ditugu bakarrik utziko», esan zuten guztien izenean Sara Majarenas eta Aritz Argingonizek hedabideen aurrean.

Bi urte hauetan gauza asko gertatu dira. Onak eta txarrak, «mingarriak». Aurrerapausotzat jotzen dute gatazkaren ondorioen «konponketa integralerako» esparruaren eraikuntza, edo horretarako egin diren urrats batzuk, behintzat. Hor kokatu zuten ezker abertzalearen zein EPPKren «inplikazioa». Txanponaren beste aldean, hiru heriotza: Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez eta Xabier Rey.

Konponbide esparrua eraikitzeko, inplikazioa, eragile eta alderdien lana, desberdinen batasuna. «Guztien ekarpen positiboak behar dira, parte hartze bateratuen espazioak argitzen eta proiektatzen joateko». Baina ezinbestekoa den kontu batez ohartarazi zuten: «Iazko udan amaitu zen eztabaidan, legedi arruntaren bidea juridikoki eta politikoki egiteko konpromisoa hartu zuen EPPK-k. Bide hau inplementatzen ari dira jada espetxeetan. Baina Estatu espainiarrean hau eraginkorra izango bada, ezinbestekoa da lehen gradu penitentziarioari bukaera ematea».

«Legedi arrunta. Hori da kontsentsu bidez jendarteak, eragile, erakunde eta alderdi politikoek, ezker abertzaleak eta EPPK-k egin duten bezala, prozedura auziaren inguruan hautatu duten bidea», adierazi zuen Majarenasek. Alabaina, ez dute ukatzen, ez ezkutatzen, prozesu horretan gainditu beharreko aurreneko oztopoa lehen gradu penitentziarioa dela.

Legedi arruntaren bidean

Argia da mezua, eta xedea: lehen graduari helegitea ezartzeak «funtsezko garrantzia izango du erresoluzio markoan». Ezbairik egin gabe, argi utzi zuten ideia hori agerraldian. Are gehiago, lehen gradu horri amaiera ematea «leitmotiv politiko» bilakatzera deitu zuten preso ohiek, «ez delako eskaera administratibo soila, eskaera politikoa» baizik, batez ere.

Legedi arruntaren bidean parean izango dute Estatu espainiarraren jarrera hertsia. Hala uste dute eta hala ohartarazi dute. «Estatua, bere gobernua buru duela, eskubide horretaranzko bidea trabatzen saiatuko da. Traba horiek, ukapen horiek, herri gisa batuko gaituen arma politiko bilakatu behar ditugu, bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko». Kontsentsua badago, eta hori da garrantzitsua; beren iritziz, ukapena ez zaie bakarrik espetxeetan dauden euskal presoei egiten, kontsentsu horretan parte hartu duten agente eta eragile guztiei baizik.

Hain zuzen, preso politikoen nazioarteko eguna zen atzokoa eta, hori baliatuta, euskal preso, deportatu eta iheslarien izaera politikoa aldarrikatu zuten. «Konpondu gabeko gatazka politiko bat egon delako eta oraindik dagoelako, eta gatazka horretan modu ezberdinetan parte hartu dute presoek».

Ideia hori azpimarratu zuten «kontzeptuak eta beren esanahiak manipulatu eta itxuraldatu nahi diren garaiak bizi ditugulako». Hain justu, izaera politiko hori aldarrikatzeko, beste deialdi bat iragarri zuten Kalera Kalera dinamikako ordezkariek: datorren larunbatean izango da, apirilaren 21ean, Bilbon. Manifestazioa La Casillatik abiatuko da, 17.30ean.

Eta «poliki-poliki» bada ere, konponbide esparrua eraikitzen ari dela-eta baikor agertu ziren. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian Parisekin ireki den elkarrizketa bidea, eta hainbat presoren gerturatzea ahalbidetu duena. Eta Bidasoaren beste aldean aurrerapenak «mantsoagoak» dira, baino baliotsuak oso. Horra, urruntzearekin amaitzeko dagoen adostasuna edota Gasteizeko eta Nafarroako parlamentuetan adostu diren adierazpenak, besteak beste.

MANIFESTAZIOA

Datorren larunbaterako, hilak 21, manifestazioa deitu du Kalera Kalera dinamikak. Hitzordua Bilbon izango da, 17.30ean La Casillan.