2018/04/17

Ehun grabatutik gora daude Atxurrako koban, Euskal Herrian horrelako gehien dituena izanik

Berriatuan dagoen historiaurreko santutegian ikerketa burutu du azken bi urte hauetan Diego Garatek. Euskal Herrian grabatu gehien dituen kobazuloa da. 113 animalia irudi aurkitu dira orain arte.

GARA|BILBO
0417_kul_atxurra

Bi urteko lanen emaitzak argitara eman zituen atzo, Bilbon, Diego Garate arkeologoak. Nabarmentzekoa da Euskal Herrian ez dagoela beste haitzulorik Berriatuko Atxurrak adina animalia grabatu dituenik.

Teknologia berrien erabilerari esker –irudien tratamendua, fotogrametria eta 3D topografia, besteak beste–, horma-arte paleolitikoa aztertzeko eta dokumentatzeko lanei esker, orain arte 113 animalia irudikapen aurkitu dira kobazuloan. Funtsean, bisonteak eta zaldiak ageri dira eta, hein askoz txikiagoan, ahuntzak, uroak, oreinak eta beste. Hortaz, Euskal Herrian irudikapen gehien dituen santutegi paleolitikoa da.

Joxe Migel Barandiaranek 1935. urterako interesgarritzat joa zuen haitzuloa. Hark sarrera nagusian indusketa txiki bat egin zuen. 2015. urtea zen Diego Garatek eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak puntu hartatik 225 metrora animalien irudiak aurkitu zituztenekoa.

Lorea Bilbaok hau azpimarratu zuen atzo: «Atxurran apaindutako panelei lotutako froga arkeologikoak aztertu, erregistratu eta induskatzearen ondorioz, gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko informazio paregabea lortu da».

Garateren esanetan, Atxurra berezi egiten duena, kopuruaz gain, garaiko artistek euren jardunean erabilitako tresnak bertan aurkitu izana da. Giza jarduera egon zela egiaztatzen duten frogak dira, hala nola silexeko zulakaitz edo zizel bat, silexeko xafla batzuk eta hareharrizko lanpara bat.

Berreskuratutako silexezko bi dozena pieza mikroskopioz aztertu dira eta artistek beren artelanak sortzeko zer lanabes erabili zituzten jakin da. «Nondik atera zituzten lehengaiak, nola sortu zituzten lanabesak eta nola aplikatu zituzten horiek hormen kontra», zehaztu dute.

Halaber, lehen fase honetan jakin ahal izan da haitzuloaren sarrera nagusian –gaur egun itsasoa dagoen puntutik 3 kilometrora– gizakia bizi izan zela duela 29.000 eta 12.000 urte bitartean.

Izan ere, kobazuloan bostehun ikatz hondakin aurkitu dira eta laborategian aztertu dira. Horri esker jakin da zer argiztapen baliatu zuten artistek kobazuloan sartzeko, artelanak egiteko eta, nola ez, horiei behatzeko. Horri dagokionez, Zaldien Plataforma deitutako gunean lau argiztapen-gune aurkitu dira, ipuruzko eta haritzezko errekuntza sutegiz osatutakoak. Bisonteen Aretoan, berriz, lanpara mugikor bat aurkitu da, hareharrizko ertza duena eta aldeetako bat hustua duena erregaia han jartzeko. Halaber, apaindutako aretoetan ikatz hondakin ugari aurkitu dira sakabanatuta, eta horiek adierazten dute zurezko zuziak ere erabili zituztela argiztatzeko baliabide mugikor gisa. Hau da, artea sortu eta artelanei behatzeari lotutako hiru argiztapen sistema identifikatu dira gutxienez, eta horiei kobazuloan sakabanatutako ikatza gehitu behar zaie.

Arte galeria eta lantegia

Aurkitutakoari erreparatuta, aurkikuntza aparta da Atxurra, arte galeria eta artisten lantegia baita aldi berean; izan ere, azken obrak daude han, bai eta pertsonek kobazuloetara sartu eta horiek dekoratzeko erabili behar izan zituzten lanabesak ere.

Beste bi urtez iraungo dute azterketek koban bertan, azaldutako puntuetan aurrera egin eta sakontzeko. Horrez gain, datazio erradiokarbonikoei esker, Atxurra santutegi paleolitikoaren dekorazioari lotutako kronologia zehatza ezarri ahalko da. Diego Garatek zuzendutako talde zientifikoa lur azpia ezagutzeko hainbat alorretan (arkeologia, geologia, topografia, argazkilaritza, espeleologia eta abar) espezialistak diren hogei bat lagunek osatzen dute, eta kobazulo barneko ebidentzia arkeologiko guztiak topatu, dokumentatu eta aztertzea du xede.

Proiektuak guztira bost urte iraungo du (2016-2020), eta bertatik bertara egindako lau kanpaina ditu barnean dokumentazio lana in situ egiteko, bai eta kabineteko beste azken kanpaina bat ere memoria eta azken monografia idazteko, Bizkaiko Foru Aldundiko “Kobie” aldizkariko “Bai” sailean argitaratuko dena.

Pieza hauek Arkeologi Museoan izango dira gaurtik hilaren 29ra bitartean, “Museoa piezaz pieza” programaren baitan.

Bertara hurbiltzen diren pertsonek silexeko zulakaitz bat, bost xafla eta hareharrizko lanpara bat ikusi ahal izango dute. Ordutegia honakoa da: asteartetik larunbatera, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era, eta igandeetan, 10.30etik 14.00etara.

IKUSGAI


Gaurtik hilaren 29a arte ikusgai jarriko dira Arkeologi Museoan silexeko zizel bat, bost xafla eta hareharrizko lanpara bat, “Museoa piezaz pieza” programaren baitan.