2018/04/17

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
Entretenimendua

Uler dezagun entretenimendu hitza. Ez du inondik inora azaltzen barrea, poza, txantxa! (...) Entretenimendua aipatzean ulertu behar dugu antzerkigintzaren itxurazko baliabideak baliatzen dituena (errepresentazioa, dekoratuak, aktoreak, zuzen egiten diren erreplikak…) ikusleen iritziak sendotzeko, iritzi dominanteak direnak, hain zuzen. Halaxe da, etengabe gogoratu behar dugu iritzi dominantearen berezko zera dela mundu guztiaren izpiritua dominatzea». Halaxe erantzuten zion 2012an, horren gainean galdetutakoan, Alain Badiou filosofo eta antzerkigileak Nicolas Troug kazetariari, Avignoneko Antzerki Jaialdian antolatutako jendaurreko elkarrizketa batean. Izan ere, aspaldi honetan, kultura aipatzean, erruz entzuten den hitza dugu entretenimendua. Denbora-pasako jardunak balira bezala azaltzen dizkigute arte eszenikoak; administrazio publikotik kultur egitarauak iragartzerakoan, batez ere. Denbora pasatzeko proposamen arinak, bizitzaren arazoen aurrean nolabaiteko tregoa apur bat eskainiko digutenak. Entretenituko gaituztenak; baina Badiouk ohartarazten digun moduan, iritzi dominantearen estalpean ariko direnak. Ez pentsarazi, ez gogoetarazi, ez oldarrarazi, denbora pasatzen utzi, besterik gabe. Ipuinak kontatzea ere entretenimendu huts gisa azaltzen da gehienetan, denbora-pasa polita. Askotan kontalariak berak horrela azaldu ohi du, eta, orduan, iritzi dominanteak gure kontakizuna dominatzen duenean, gure gogoa eta bizitza bera ere dominatu ditu.