GARA
BILBO

Zuhar Iruretagoienak «Hebra» aurkeztu du BilbaoArten

Zuhar Iruretagoienak hausnarketa bat proposatzen du BilbaoArten inauguratu berri duen «Hebra» erakusketan: errepresentazioaren ikuspuntutik, eskulturaren zati diren euskarri-eskulturak irudiaren zati diren aztertu nahi izan du artista zarauztarrak.

BilbaoArte Fundazioak “Hebra” izenburupean urteko hirugarren bakarkako erakusketa ireki du bere aretoan, 2017an egoiliar izandako Zuhar Iruretagoiena Labeagaren eskutik. Nagusiki eskultura lantzen duen erakustaldia da zentroaren erakusketa aretoa beteko duena, argazki sail eta bideo batez lagunduta. Aretoko arduradunek azaldu dutenez, “Hebra”-n hau hausnartzen da: errepresentazioaren ikuspuntutik, nola euskarriak ez diren irudi formalaren parte izan, horiek eskulturan oinarrizkoak izan arren. Nabarmendu dutenez, historian zehar irudiaren analisian izandako zenbait elementu estrukturalen (eskultura grekoen zutoinak, adibidez) omisioari buruzko ikerketa proposatzen du erakusketa honetan artistak. «Elementu hauek, orekaren arduradun eta obraren printzipio konstruktiboen froga direnak, plano bisualean alde batera utzi izan dira orain arte», zehaztu dute.

“Hebra” izenpean ekiten dio artista zarauztarrak elementu hauen ikerketari, gauza baten zati ezberdinak lotzen dituzten hariak bezala. Omisio-baliabide horien adibideak aurkituko ditugu eskultura klasiko, barra-dantzari eta eraikuntza hiritarretan alde batetik, eta bridaz loturiko altzairu eta hormigoizko eskulturetan bestetik.

Iruretagoienaren hitzen arabera, “Hebra” «hainbat elementu estruktural irudian bilakatzearen arazoaren inguruan garatzen da, bere onarpen formalaren ondoren, eskultura lanen adierazle naturalaren funtsezko parte bezala osatzen direlarik». Era honetan, orain arte irudiaren analisian ez-beharrezkotzat hartu diren elementu estrukturalak oinarrizko bezala hartzeko proposamena egiten du.