Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Paris

Baina Paris modaren hiria da!», garraisi egin du ondoan eserita daukadan neskak kafetegiko giro lasaia hautsiz. Mugikorraren bestaldean dagoenari hurrengo urteko planak azaltzen ari zaio ordenagailu portatilean Youtubeko bideoak ikusten ari den artean. Belarrietako batean duen entzungailuarekin mugikorreko solasaldia jarraitzen du, bestean duenarekin bideoak. Harrigarria da 25 urte azpiko gazteak aldi berean zenbat gauza egiteko gai diren. Hurrengo ikasturtea Birminghanen igarotzeko asmoa du eta han dela Paris bisitatu. Auskalo zer esan dion lagunak, neskak berehala erantzun baitio buruko zapia besterik ez daramala eta jarraian garraisia: «Baina Paris modaren hiria da!». Disimuluz bere alderantz begiratu dut, erantzunaren esanahia ulertzeko. Horretarako eskubidea dudala begitandu zait, bere oihu eta garraisiekin kafetegian gaudenok solasaldiaren entzule izatera behartu gaituenez. Oso gaztea ematen du, 19-20 urte ingurukoa, beltza, eta buru osoa estaltzen dion zapi koloretsua darama. Afrikarra akaso? Swahilia ikasten dabilela esaten entzun diot lehenago eta amerikar hizkera peto-petoa du. AEBetan hazitako afrikarren alaba izango da ziur aski. «Maitasunaren hiria ere bada», bota du nire gogoetetan murgilduta nengoela, «baina modarena batez ere». Letren hiria ere badela gaineratzeko gogoa sartu zait, Casanovaren irakurketa etnozentriko eta klasistaren arabera. Hala ere, paristarrak toleranteago egiten ditu horrek?