Amalur ARTOLA
DONOsTIA

«Emakume burugabea», edo gorputzarekin pentsatzera ernatzea

«Emakume burugabea» ez da burua galdu duen emakumea. Edo, izatekoan, hori ere bada. Gorputzarekin pentsatzen ikasteko burua askatu duen emakumea da, galera horretatik «ni» berri bat ernatu, berrasmatu, eraiki bidean lehen urratsa eman duena. Antxiñe Mendizabalen testua eta Iraia Okinaren irudiak daramatzan liburu ilustratu honetan, «Emazte onak etxea argitzen du» esaldi karrankaria irauli eta bera den emakumea aurkitu du Mendizabalek.

Ez du burua galdu Antxiñe Mendizabalen “Emakume burugabea” (Elkar) ipuin ilustratuko pertsonaiak. Propio erauzi du, beste aukera pentsamendu logiko eta aurrez ezarriaren eremuan itotzea zelako. Erauzi du, bada, burua, eta ekin dio basamortu eta basoetan zeharreko bidaia bati, irribarre faltsudun katamaloaz eta bularraldea estutzen dion kortseaz askatuta, gorputzaren xuxurlei adi, bera den emakumea, bat eta bakar hori, aurkitzeko saiakeran.

«Emakume jakintsu bati entzun nion aspaldi emakumeek adin batetik aurrera, gorputzarekin pentsatzen ikasi behar dutela, ez buruarekin. Orduan ez nengoen oraindik hori ulertzeko adinean: orain bai», azaldu du Antxiñe Mendizabalek, eta ipuin ilustratu honetara ekarri duena bere esperientzia propioa dela dio, protagonista bezala, «bat eta bakarra» dena. «Banuen beharra emakume sentitzeko, etxerako behar bat ere sentitzen nuen, eta argitara ateratzekoa ere bai. Hau istorio pertsonal bat da, ez da emakume izateko modu baten aldarrikapena. Batzuk bat etorriko dira, eta beste batzuk ez», argitu du egileak.

Egungo gizartean pentsamenduari ematen zaion gehiegizko garrantziaz ere jardun da Mendizabal. Bere iritziz, «buruari merezi ez duen zentralitatea» ematen zaion artean gorputzean gertatzen denari arreta jartzeaz ahazten gara, eta hain zuzen «gorputzari erreparatuta konturatuko gara burua periferian dugula, erdigunea beste nonbait dugula», zehaztu du idazle zumarragarrak. Bilaketa horretan jarri du bere protagonista, ipuin forma duen baina karga poetiko handia duen kontakizun honetan.

Obedientzia eta errebeldia

Urteetan eroan du Mendizabalek –idazle izateaz gainera Elkar-eko editore ere badena– ipuin hau idaztearen ideia. Zehazki, beharrean ari zela, esku artera esaldi bat iritsi zitzaionetik: “Emazte onak etxea argitzen du”. «Homeopatian esan ohi da gaixotzen zaituen gai berberak sendatzen zaituela, ba, horixe bera izan da niretzat urteetan esaldi hau, sendagai homeopatiko bat». Zehaztu duenez, esaldiak «gogaitu» egin zuen baina, aldi berean, berau osatzen zuten hitzen konbinazio berriak sortzeko beharra sentitu zuela aitortu du, «emakume izateko beharra, etxera itzultzeko beharra, argitara irteteko beharra. Soberan geratzen zitzaidan hitz bakarra ‘ona’ hitza zen», nabarmendu du zumarragarrak, eta gaur egunean ere emakumeen ontasunak obedientziarekin duen loturari egin dio erreferentzia: «Ontasunak, nik ulertzen dudan bezala, zerikusi handia du besteen lekuan jartzearekin, baina gure kulturan eta emakumeen esparruan ontasuna gehiegi erlazionatu izan da obedientziarekin eta nik uste dut emakumeak ezaugarriren bat badu errebeldia dela, lehen, orain eta beti, ukatu, galarazi eta zigortu egin zaigun errebeldia», argudiatu du.

Ipuina urteetan buruan eraman duen arren, hizkitan beharrean iruditan ikusten zuela ere azaldu du Mendizabalek, «story-board bat bezala». Eta, intuizio hutsez, Iraia Okina ilustratzailearekin sentitzen zuen «konexioak» erakarrita proposatu zion kontakizuna iruditan ematea Emaitza, gorri, urdin, txuri eta beltz koloreak nagusitzen diren eta Mendizabalen kontakizun intimoa atmosfera bereziz hornitzen duten ilustrazioak dira.

«Ipuina kontatu nion eta berehala ulertu zuen esan nahi nuena. Batzuetan badaukagu zerbait buruan ez dakiguna ondo nola adierazi, eta Iraiak asmatu duela uste dut», esan du egileak amaitzeko.