Maider IANTZI

NEKAZARI BERRI GEHIAGO BEHAR DIRA ELIKADURA BURUJABETZARAKO

Joan den uztailean Derion egindako VII. Nazioarteko Konferentziaren balantze baikorra plazaratu du Via Campesinak. Mundu osoko baserritarrak bildu ziren, alternatiba bera eraiki nahian: elikadura burujabetza. Horretarako nekazari berri gehiago behar dira eta jendea animatu dute.

Lau urtetik behin egiten den Via Campesinaren Nazioarteko Konferentziak eragin handia du munduan eta ikusmin handiz itxaron dute baserritar, aliatu eta bertzelako eragileek ondorioen txostena. Aste honetan plazaratu dute. Itsasontziko makina gelan egon den kide batekin aztertu du GARAk balantzea, Via Campesinako eta Bizkaiko EHNEko Unai Arangurenekin.

Nazioartean, «oso balorazio ona» egin dute izan dituzten batzarretan. «Erakunderik handienetakoa gara eta mundu osoko ordezkariak ekartzea, horrek ekartzen dituen kostuekin, azpiegitura mailarekin, eta batzuetan arazoekin (bisak, adibidez), ez da erraza. Baina partaidetza handia egon da. Eskualde guztietatik etorri dira», nabarmendu du hasteko. Euskal Herrian, prozesu baten barrenean sartzen du Bizkaiko EHNEk konferentzia: «Duela urte asko jarri genuen martxan prozesua, zelan garatu, zelan eraiki elikadura burujabetza. Proposamen alternatibo gisa ulertzen dugu. Munduak bizi duen elikagaien merkatu espekulatibo horretatik kanpo bizi nahi dugu, eta gizarte bezala galdu dugun eskubide bat berreskuratu: elikagai osasuntsuak jateko eskubidea. Gizarte moduan galdu dugu, ez baserritarrok bakarrik, eta gizarte moduan eraiki behar dugu beste elikadura sistema lokalago bat».

Adierazgarria da zenbat eragile, elkarte eta pertsonak eraiki edo lagundu zuten uztailaren 16tik 24ra egin zen topaketa handia. Egunero mila lagun ibili ziren lanean, bai Derioko seminarioan bai kanpoko karpan, 500 pertsona Via Campesina ingurukoak: ordezkariak, teknikariak, interpreteak… eta bertze hainbertze boluntario, Euskal Herriko eragile sozial, politiko, sindikal eta partikularren artean. Arangurenen ustez, horrek erakusten du Via Campesinaren eta Bizkaiko EHNEren mezua sozializatzen doala, jendeak zentzuzko ikusten dituela aldarrikapenak eta betetzen lagundu nahi duela. «Munduan ere irudi bat eman dugu: zenbat jende, ze ondo zegoen dena antolatua, ze ondo jaten genuen…», azaldu digu Arangurenek.

Azken egunean martxa bat egin zuten, kasik 2.000 lagun bildu ziren eta ederra izan zen. Elkartruke eta bisitak ere egin zituzten Euskal Herri osoan barna: «Hamar autobusetan munduko baserritar guztiak eraman genituen hemengo baserrietara, zelan ekoizten duten eta zein egoera bizi duten ikusteko. Ibilbideak antolatu genituen, bazkariak, topaketak… Oso aberasgarria izan zen». Bertan berretsi zuten nahiz eta egoera desberdinetan bizi (batzuk iparraldean, besteak hegoaldean, batzuk zerealak ekoizten, besteak artzain…) munduan gertatzen ari den espekulazioaren inguruan interpretazio bera egiten dutela eta, batez ere, alternatiba bera eraiki nahi dutela: elikadura burujabetza. «Horrek indarra ematen digu. 200 milioi baserritar familia gara. Via Campesina erreferente politiko eta instituzional bihurtu da, eta Euskal Herria munduko agendan jartzea inportantea izan da», gaineratu du.

Lanpostuak sortu eta elikatu

Arangurenek nabarmendu du jendea «oso pozik» gelditu dela konferentzian egin den lanarekin: «Asko eskertu digute. Nazioartean entzutetsua den frantses batek esan zigun euskaldunak existituko ez bagina asmatu egin beharko liratekeela». Baserritarren mugimendu erraldoi honek 181 erakunde lokal eta nazional biltzen ditu Afrika, Asia, Europa eta Amerikako 81 herrialdetan. «Nazioarteko lantaldeak dauzkagu eta horietan banatzen ditugu gure eguneroko lanak. Batzordeak ere baditugu nazioartean. Ez da erraza antolaketa eta, batez ere, komunikazioa. Baina saiatzen ari gara, arlo askotan erantzuten dugu eta gure proposamena eraikitzen ari gara. Baserritarrok Europan oso pisu gutxi daukagu, %3 gara bakarrik, eta dimentsio handia eman diogu elikaduraren gaiari», azaldu du.

Gero eta nekazari eta abeltzain gutxiago dago «nekazaritza politiken ondorioz» eta, Bizkaiko EHNEk azpimarratzen duenez, elikadura burujabetzan aurrera egiteko nekazari berri gehiago behar dira. «Lanpostuak sortzeko eta herria elikatzeko aukera dugu. Orain jaten dugunaren zati handi-handi bat kanpotik dator. Oso mendekoak gara, horrek duen arriskuarekin», ohartarazi du.

Produkzio iraunkorra da eurentzat bidea. «Lurra errespetatuz lan egitea, irizpide sozialak zaintzea eta ahalik eta lokalena izatea. Ez dugu ulertzen nekazaritza ekologiko bat produktua Txiletik ekarri eta hemen salduz. Abizenak ipintzen gabiltza egiten dugun nekazaritzari, baina gurea da nekazaritza, bestea beste gauza bat da, industriala, kimikoa. Normalki lapurtu egiten dizkigu kontzeptuak, hobeto saltzeko: artisaua, baserrikoa… baina azkenean gurea da nekazaritza. Sentsibilizatuago dago jendea eta produktu agroekologiko eta lokalagoak erosten ditu, baina ez bagara gai produktu horiek bertan ekoizteko azkenean kanpotik ekarriko dituzte multinazionalek. Bertako baserri sostengagarriek bertako kontsumitzaileek jan nahi duten produktua ekoiztea lortu nahi dugu».

Unai Arangurenek kontatu duenez, gero eta gehiago eskatzen diete elikadura sostengagarriari buruzko hitzaldiak emateko gaztetxe, elkarte eta kultur etxeetan. «Astiro-astiro gizartea konturatzen ari da zein garrantzitsua den osasuntsu elikatzeko eskubidea berreskuratzea».

Via Campesinak eta EHNEk ere elkar elikatzen dute: «Asko ikasten ari gara. Kontsumo taldeak, adibidez, ez ditugu hemen asmatu, beste herrialde batzuetan ikusi, landu eta ekarri ditugu. Proposamen eta tresna arrakastatsuak jasotzen ditugu. Elkartrukeak Via Campesinaren bihotza dira. Iparraldeko eta hegoaldeko nekazarien artean egiten zen banaketa hori apurtzea lortu dugu; guretzat bereizketa nekazaritza industrial eta sostengagarriaren artekoa da».

Bi ildo nagusi ditu mugimenduak. Bata mehatxuen aurreko borroka da: pribatizazioak, lur okupazioak, transgenikoak, komertzio libreko tratatuak… Bertzea, proposamen propioa lantzea, bertze sistema bat eraikitzeko. Horretarako elkartrukeak funtsezkoak dira: «Ez da berdina elikadura burujabetzarako prozesu bat Norvegian edo Malin egitea, baina zutabeak antzekoak dira. Ondasunak behar ditugu: lurra, ura, haziak… Formazioa, politika publikoak eta aliantzak ere bai».

Mezua jendarte osoari helarazi

Astebetez munduko baserritar guztiak elkarrekin egoteak pilak kargatzeko balio izan du, bakoitzak bere baserrian egunero bizitzen dituen egoerak kideekin partekatzeko. Inflexio puntu bat ere bada, lau urtean behin herri bakoitzak eta mugimenduak berak zer momentu bizi duten hausnartzen baitute. Aurreko konferentziak gai edo momentu zehatz bati lotuak izan dira, AEBen eta Mexikoren arteko merkataritza librearen tratatua kasu. Baina azken honetan ez da gai zehatzik egon eta barne antolaketa, komunikazioa eta sarea landu dituzte, baita proposamena jendarte osoari nola helarazi ere. Izan ere, ondorioztatu dutenez, «baserritarron arazoak konpontzen saiatu izan gara, baina konturatu gara lurraren arazoa ez dela gure erantzukizuna soilik, baizik eta gizarte osoarena. Lurrik gabe ezin dugu elikagairik ekoitzi eta gizartea janaririk gabe geratuko da».

Konferentziaren esloganak ederki laburbiltzen ditu xedeak: “Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko”. Arangurenek dioenez, batzuetan ez dugu pazientziarik eta aldaketa handiak nahi ditugu. Baina poliki-poliki aldatzen ari dira gauzak. «Zutabe sendoak jarri ditugu eta eragile batzuk %100ean lanean ari gara helburu horiek lortzeko. Jendea animatzen dugu sektore honetara hurbiltzera. Posible da. Ez da erraza, gogorra da, hasieran batez ere, baina batzuek pauso hori eman dugu, eta, gure gorabeherekin, oso pozik gaude hartu dugun erabakiarekin».

Jendearengana ailegatzen saiatzen ari dira eta konferentziak aunitz lagundu die horretan. Baserrira hurbildu nahi dutenentzat martxan dituzte formazio prozesuak eta laguntzak; edozeinentzat zabalik daude: «Dohainik egiten dugu, gainera, guretzat estrategikoa delako. Euskal Herrian nekazaritza bizi bat izateko pertsona gehiago behar ditugu baserrian eta horretan jartzen ditugu gure erakundearen zerbitzu guztiak. Tresna inportantea izan daiteke, sektore berri batera sartzean izaten diren zailtasunak ekiditeko laguntza behar delako». Hiru webgune interesgarri aipatu ditu: ehnebizkaia.eus, viacampesina.org eta elikaherria.org.

 

Topaketako eztabaidak lurrera jaitsi eta gurera ekartzeko ahalegina

Via Campesinaren konferentzia aprobetxatuz dokumentu bat osatzen ari da Etxalde Euskal Herrirako. «Topaketak emandako txosten eta eztabaidak lurrera, Euskal Herrira jaisten saiatu gara», azaldu dute elikadura burujabetzaren aldeko baserritarren mugimenduko lagunek. Berriki aurkezpena egin dute Andoainen, nekazaritza politikei buruzko dokumentua azalduz. Zirriborroa da eta jendeak horren inguruan hausnartzea eta elikadura ereduaren gaineko eztabaida sortzea da asmoa.

Nekazaritza eredu berriaren irizpide nagusiak zeintzuk izan beharko liratekeen markatu nahi dute. Lana ezagutarazten eta partaidetza bilatzen ari dira orain, Euskal Herrirako dokumentu edo txosten politiko garrantzitsu bat osatu nahian.M.I.