Andoni ARABAOLAZA
ESPLORAZIOA

Siberiako muturreko hotzak harrapatuta jardun dute

Tamara Lunger eta Simone Moro alpinistek Txerski izeneko mendilerroan dagoen Gora Pobeda (3.003 m) neguan lehen aldiz igo dute. Otsailaren 22an izan zen, eta zazpi orduko eskalada behar izan zuten. Alpinistok onartu dute eskarmentu oso gogorra bizi izan dutela.

Duela hilabete batzuk, Simone Morok iragarri zuenean Siberiako muturreko hotza “ezagutzeko” espedizioa antolatu zuela ez gintuen ezustean harrapatu. Batzu-batzuek “hotzaren alpinista” goitizena jarri diote. Eta adierazi behar dugu ez daudela oso oker; izan ere, neguan zortzimilako gehien igo dituen alpinista da.

Alabaina, esplorazio horretatik iritsi bezain laster Morok onartutakoak erabat ezustean harrapatu gaitu. Besteak beste, zera onartu zuen: «Agian, baten batek aipatuko du hotz erromantikoan ibilaldia egiteko oporrak izan direla. Baina ez da hala izan. Gora Pobeda edo Pobeda mendia (3.003 m) igotzea zortzimilako asko eskalatzea baino askoz ere zailagoa izan da. Are gehiago esango nuke: teknikoki Pobeda Gasherbrum II edo Shisha Pangma baino zailagoa izan da».

Hori guztia Morok dio. Agian, adierazpen horiek zalantzan jar daitezke, baina, Moro ezagututa, uste dugu haren hitzak errespetatu behar direla.

Azken jardun alpinistiko horretan (esplorazioa ere izan da), italiarrak Tamara Lunger alboan izan du; Matteo Zanga argazkilariak eta Filippo Valoti-Albardi kideak ere espedizioan hartu dute parte. Baina, aurreratu dugun bezala, Lunger eta Morok protagonismo berezia izan dute.

Bada, alpinistok, iragan otsailaren 22an, Pobeda mendia neguan lehen aldiz igo zuten. Denera, zazpi orduko eskalada izan zen. Horiek dira lerroburu batzuk, baina italiarrak zuzendutako bidaiak baditu azpimarratzekoak diren hainbat eite.

Siberiara joan aurretik, Morok berak aurreratu zuen eskualde horretako hotza zer zen sentitu nahi zuela: «Txerski mendilerrora abiatu ginen, Pobeda mendia han baitago. Mendigune horrek oso bisita gutxi izan ditu. Eta ez da harritzekoa. Munduan neurtzen diren tenperatura hotzenak han bertan izaten dira. Italiako kazeta batean hori irakurri nuen, eta esaten zuen hango bi hiri ‘ohore’ horrekin egiteko lehiatzen direla. Jakutsk eta Oymyakon dira. Azken horretan -71,3° neurtu dira; batez bestekoa, berriz, -47 gradukoa da. Neguko eskaladetan espezializatu naizenez, bada jakin-mina nuen. Honen guztiaren berri Tamarari eman nion, eta biok ala biok Txerski mendilerroko punturik garaiena, Pobeda, probatzea otu zitzaigun».

Nahiz eta Siberiako muturreko hotzetan jardun nahi zuten, Lunger eta Morok jakin bazekiten mendilerro horretara heltzeko lan eskerga egin beharko zutela. Eta hala izan zen: «Lehenik eta behin, bidaiaren inguruan onartu behar dut oso-oso luzea izan zela. Denera, hiru hegazkin behar izan genituen hartu. Ondoren, lur orotako autobus txiki batean egun bat bidaiatu genuen. Beste egun erdi bat, elurretako motorretan. Azkenik, 2.000 elur-orein zaintzen dituzten abeltzain batzuen etxola batean hiru egun igaro genituen. Handik hiru ordura, geure kanpalekua antolatu genuen».

Hori otsailaren 6an izan zen. Hala eta guztiz ere, Pobeda mendira heltzeko oraindik ia hamar kilometroko ibilbidea egin behar zuten. Eta jasaten ari ziren tenperaturak -40° eta -45° artean zeuden.

Biharamunean, mendiaren oinarrira iritsi ziren. Baina eguraldia lagun ez zutenez, gailurrera egiteko saioa baino lehen, dendetan hainbat egun egin zituzten.

Morok muturreko baldintzetan jardutea zer den ondo baino hobeto daki. Eta Pobeda igotzeko egun aproposa noiz iritsiko zen zain zela, estrategia eraginkorra zehaztu zuen: «Mendia igotzeko baldintzarik onenak behar genituen. Eta horretarako egun lainotsua ezinbestekoa zen, besteak beste, mendia pixka bat ‘berotzen’ duelako. Horrekin esan nahi dut -50°-ko tenperatura izan genuela. Muturreko hotza egiten zuenez, elur hautsa eta oso lehorra nagusi ziren. Beraz, ingurumari hartan mugitzeko era bakarra eskiekin zen. Baldintza guztiak aztertu ondoren, mendia era atipiko batean igotzea adostu genuen. Udan, hiru egunetan igotzen da; oso igoera gutxi izaten ditu. Azkenik, tontor saioa eguraldi txarrarekin egin genuen. Baina, hori bai, igoera azkar baten alde egin behar genuen».

«Oso latza»

Otsailaren 22an, gailur eguna izan zen. Kanpalekutik goizeko 8etan irten ziren. Neguan zirenez, soilik sei orduko egun argia zuten. Eskiekin mendiaren oinarrira heldu eta eskaladari ekin zioten:&flexSpace;«Pobeda mendia igotzeko pioleta eta kranpoiak erabili genituen. Mistoko sekzio batzuk ere aurrez aurre izan genituen. Tontor eguna ez zen oso hotza izan: -35°. Mendiaren goialdean haizeak astindu gintuen, baina haize hori ez zen oso-oso hotza: ohiko inbertsio-termikoa izan zen. Oso arin eta azkar gindoazen. Soilik honakoa eraman genuen: janari pixka bat, te beroa (4 litro), GPSa eta bidean ez galtzeko makila batzuk. Bibakerako tresneriarik ez. Garrantzitsuena ez gelditzea zen. Une batzuetan soka erabili genuen, baina beste tarte bertikal zein zailetan ez. Zergatik hori? Bada, balizko eroriko batek emaitza txarrena izango zuelako. Oinarrizko kanpalekutik tontorrera heltzeko, zazpi ordu eta hogei minutu behar izan genuen. Eta jaitsieran, berriz, lau ordu. Beraz, udan egiten diren igoerekin alderatuta, gu oso azkar joan ginen».

Pobeda mendia neguan lehen aldiz igo eta gero, ondorioen tartea zabaltzen da. Arestian aipatu dugu, Morok zera onartu duela: «Azken espedizio hau zortzimilako batzuetan eginikoak baino zailagoa izan da. Are gehiago esango nuke: Pobeda mendia teknikoki Gasherbrum II edo Shisha Pangma baino gogorragoa da. Tarte teknikoetan ezin genuen denbora asko galdu segurtasunerako ohiko maniobrak egiten. Hainbat informazio irakurri nituen esaten zutenak mendi basati eta hotza zela. Baina haren zailtasun teknikoari buruz ez zuten ezer aipatzen. Siberian egiten duen hotza Himalaiakoa edo Karakorumekoa baino zorrotzagoa da. Baina hango igoerekin Pobedakoa ezin duzu alderatu. Izan ere, mendi xumea da, eta askoz ere azkarrago eskalatu dezakezu. Baina hobe duzu geldirik denbora asko ez pasatzea, besteak beste, izerdia segituan izozten delako. Bestalde, zortzimilakoetan garaierak berebiziko garrantzia du. Ez zaude gose, oka egiteko gogoa duzu... Pobedan, aldiz, beti gosez eta egarriz geunden».

Amaitzeko, alpinista italiarrak azpimarratu nahi izan du Siberiako mendilerro horrek harrapatu duela: «Azken espedizio honek erakutsi nau munduan zehar esploratzeko makina bat leku daudela. Eskualde hori ia ukitu gabe dago. Errusiako mendizaleek adierazi digute Txerski mendilerroan soilik sei mendi igo direla. Eta mendilerroak 1.500 kilometro ditu! Eskalatzeko mendi eder asko eta eskiatzeko ere inguru arras erakargarriak daude. Esplorazioaren ziztada hori oso gutxitan sentitu dut, eta horietako bat Siberian izan dudan eskarmentua izan da. Espedizio asko egin ditut, baina hau ederrenetarikoa izan da: antzinako alpinismo erromantikoa. Hala ere, ez dut uste nire hurrengo espedizioa hemen izango denik; mendi garaietara itzuliko naiz. Gainera, ziur aski neguan».