Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Biktimak eta borreroa aurrez aurre jarri ditu «Shootball» filmak

Giza Eskubideen Zinemaldian «Shootball» filma ikusi ahal izango da gaur, sexu-abusuen gai korapilatsuari heltzen dion dokumentala. Maristen kasuko pederastetako bat eta biktimak aurrez aurre jartzen ditu.

Ikus-entzulearengan ezinegona sortzen duen dokumentala da “Shootball”. Felix Colomer katalanak zuzendutako lan hori emango dute gaur Giza Eskubideen Zinemaldian; Kataluniako maristen eskoletan gertatutako sexu-abusuen trama aztertzen du zuzendariak, bi ikuspegi kontrajarritatik: Manuel Barberorena eta Joaquin Benitezena. Semeak sexu-abusuak jasan zituela jakin zuenetik bazterrak astindu eta Maristen instituzioaren aurka gogor aritu den aita da Barbero. Pederasta da, aldiz, Benitez: hogeita hamar urtean zehar gutxienez hogei mutikoz, tartean Barberoren semeaz, sexualki abusatu duela publikoki onartu duen irakasle ohia.

Dokumentalean zehar, Colomerrek tartekatu egiten ditu Maristen instituzioko irakasleen eskutik sexu-abusuak jasan zituzten hainbat gazteren kontakizun latzak –Barberoren semeak, esaterako, Benitezek felazioak egitera edo haren gainean esertzera nola derrigortzen zuen kontatzen du, sexu-abusu haien ondorioz bere logelatik atera gabe hiru urtez egon zela zehazten du eta egun sexu-harremanak izateko duen ezintasunaz ere mintzatzen da–; semearen kontakizuna entzun ostean Maristen barruan gertatzen zena argitzeko Barberok instituzioekin izan duen borroka ere islatzen du dokumentalak, eta, hirugarren planoan, Benitezen kontakizuna biltzen du. Azken honek hogeita hamar urtean hainbat haurri erasoak egin dizkiela aitortzen du; pantailan Colomerrek eskaini dizkion minutu ugarietan bere burua zuritzen ahalegintzen da etengabe –esaterako, gurasoen alkoholismoari eta berak ere haurra zela jasandako sexu-abusuei egozten die egindakoa eta masturbatu gabe sei urte omen daramatzala-eta bere burua “sendatutzat” jotzen du– eta, dokumentalaren amaieran, belauniko jarri eta barkamena eskatzen die 30 urtean zehar eragin duen kalteagatik.

Aipatzekoa da Maristen hiru eskolatako irakasleen sexu-abusuak jasan dituzten pertsonetatik 43k salaketa formala jartzeko adorea izan dutela, orotara ustezko 13 pederasta identifikatu dituztela eta hilabete gutxi barru abiatuko dela epaiketa.

Kontakizunaren ardatzak Barbero eta Benitez badira ere, dokumentalak agerian uzten du biktimek instituzioen aldetik jasan duten bazterkeria eta, aldiz, pederasta aitortuaren inpunitatea. «Onurak pederastentzat dira; biktimek ez dute inolako babesik eta horregatik pasatzen dituzte urteak gertatu zaiena kontatu gabe», salatu zuen Barberok. Dokumentalean zehar, lehen salaketak egin zirenean Mossoek, Maristen eskolak eta Generalitateak erakutsi zuten «ikertzeko interes falta» eta «utzikeria» erakusten du; Benitez bera ere kamera aurrean bere harridura adieraztera iristen da, pederasta aitortua izan arren ez dutelako behin ere atxilotu.

Benitezek duen presentziagatik galdetuta, Barberok zehaztu zuen dokumentalaren kartelean bere aurpegia pederastarenaren ondoan ikusteak min egiten diola «baina gure sufrimenduak beste batzuei laguntzea» espero duela; batzuetan, etsaia ezagutu behar da haren kontra egiteko», baieztatu zuen. «Baina barkatu, inoiz ez; traizioa egin die berarengan konfiantza zutenei, eta hori barkaezina da».

“Shootball” gaur emango da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, 19.00etan Victoria Eugenian. Saio berean, Noemi Gruner-en “La costa dorada” film laburra ikusi ahalko da eta, emanaldien ostean, solasaldia izango da Colomer, Barbero eta Euskal Herriko Elizako pederastiaren gaineko “Ez duzu abusatuko” liburuaren egile Alberto Barandiaranekin.