Maitane ALDANONDO
Gasteiz

Datuak neurtu eta aztertu enpresa hobeto kudeatzeko

LIS Solutions «start-up» arabarrak hornitzaile sare konplexuak optimizatzen laguntzen die bezeroei, datu kopuru handien analisian oinarrituta. Zerbitzuek informatika nahiz negozio alorrak batzen dituzte eta horien erabiltzaileak enpresa handi zein ertainak dira.

Neurtutako edozer hobe daiteke. Hori buruan dutela, enpresei eurek sortutako datuak ondo erabiltzen laguntzen die LIS Solutions start-up arabarrak. Datuen analisian eta optimizazioan berezitutako logistikako ingeniaritza honek, big data-ko tresnak baliatuta, datu kopuru handiak bildu, informazio bilakatu eta erabakiak hartzen laguntzen die bezeroei. Apirilean aukera berri bat sortu zitzaien ANCES Open Innovation ekimenari esker. Bertan, hamahiru trakzio-enpresek erronka teknologiko bana proposatzen dute partaideek konponbidea topa diezaioten. Sacyr enpresak aurkeztutakoari heldu zioten eta garaile izendatu zituzten. Sari gisa, 500 euro eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko aukera irabazi zuten.

Asier Barredo arabarrak eta Manuel Coterillo kantabriarrak eratutako elkarte mugatua da LIS Solutions. Biek hutsune bera nabaritu zuten logistikaren alorrean eta irtenbide bat proposatzea erabaki zuten 2013an. Barredok eskarmentu zabala du hornitzaile sareari lotutako proiektuak egiten, eta, gogoratu duenez, konplexuak baziren ere, Excell orrialdeak eta antzekoak baliatuta egin ohi zituen. 2008 inguruan, ordea, big data tresnekin lanean hasi eta emaitzak hobetzen zirela ikusi zuen. Hori zen bidea. «Askoz azkarrago iristen ginen heltze puntura, azterketak azkarragoak ziren, eta, gainera, simulazioak ere egin genitzakeen», azaldu du Proiektu eta Logistika arduradunak.

Lan horietako batzuk Alemanian gauzatu zituen eta egonaldi haietako batean du sorburu «bitxia» start-up arabarrak. Burutazio bera zuen Coterillorekin topo egin zuen Barredok taberna batean. Hizketan aritu ziren eta, berak Gasteizera itzuli behar zuenez, telefonoak elkar trukatu zituzten. Erabiltzeko beharrik ez zuten izan, ordea, aste gutxira berriro topo egin baitzuten Alemaniara bueltan zihoazela. Coterillo Ulm hirira autoz eraman zuen Barredok eta bidean negozio ideia garatu zuten. Handik gutxira, egoitza bana zabaldu zuten bertan eta Miñanoko Teknologia Parkean.

LIS Solutions ingeniaritzaren jardun nagusia hornitzaile sareko datuen analitika aurreratua da. «Hornitzaile katean dauden datu guztiak monitorizatzen ditugu, eta, horietan oinarrituta, gure algoritmoek aurreikuspenak egiten dituzte eta aholkuak eman». Aholkularitza estrategiko, taktiko eta operatiboa eskaintzen diete bezeroei; eta Barredoren arabera, zerbitzuon bereizgarri nagusia informatika eta negozio alorren uztarketa da. «Ez gara informatika enpresa soilik, bezeroarekin feeling-a ere badugu; gure bezeroekin eta produktuekin harremanetan dagoen jendearengandik gertu gaude. Esatea erraza da, baina, egitea, ez horrenbeste».

Aurrea hartzea, helburu

Une oro adierazle gakoak kontrolatuta, enpresek arazoak ekidin ditzakete. Esaterako, auto bat eskatzen dutenetik jaso arteko prozesuak kontrolatzeko tresnak garatzen ari dira Volkswagenekin. «Gure robotek eta algoritmoek emaitzak ikusi, korrelazio analisiak egin eta esaten dute: hemen edo han elurra badago, greba bat, garraio arazo bat… autoen %35 ez dira garai helduko, beraz, egin zerbait», argitu du arduradunak. Hain zuzen, industriak egun duen erronketako bat gertakariei aurre hartzea da, akatsak edo matxurak saihestea; produktibitatea hobetu hazkundea kudeatu eta kostuak murrizteko.

Sektoreak bizi duen eraldaketak enpresak bultzatu ditu halako zerbitzuen alde egitera. Era berean, LIS Solutions berari baliagarri izan zaio Alemanian egoitza izatea. «4.0 Industriaren Silicon Valleyn gaude. Munich eta Stuttgart ondoan dago Ulm, eta, bertan, BMW, Mercedes… Enpresa oso handiak dira eta horrelako ekimenen aldeko apustua oso argia da», zehaztu du arduradunak. Euskal Herrian, berriz, BIND 4.0 programak aukeratu zituen iaz Elay enpresa gipuzkoarrarekin proiektu bat gauzatzeko. Kasu horretan, alderantzizko ingeniaritza delakoa egin dute: Alemanian erositako makina oso konplexu baten bihotzean sartu dira, bere parametrizazioak ikusi, eta programa bat sortu dute Elayk produktu berriak garatzea izan dezan, hornitzaileen beharrik gabe.

Enpresa ertainak eta handiak dituzte bezero, askotarikoak; baina, batez ere, moda, farmazia, autogintza eta janariaren kanaletan sartzen ari dira. Ulmetik Alemanian, Austrian eta Suitzan lan egiten dute; Estatuan, aldiz, Madrilen eta Bartzelonan bulego bana dute, Gasteizko egoitzaz gain.

Epe laburrean, azken urteotako hazkundeari eutsi nahi diote: «2016an %200 hazi ginen eta iaz %450». Horretarako, produktuak azkarrago garatu eta saldu behar dituzte; helburua, 24-48 ordutan instalatuta egotea da. Egun, bazkide diren bost lagunen beste nahi bat da ahal duten neurrian kooperatiba bilakatzea.