Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Motxiladun umeen egoera munduko beste leku batean emango balitz…

Gaur egun 104 ume eta nerabek dituzte ama, aita edo biak kartzelan; zortzi donostiarrak dira. Sarek egoera salatzeko giza katea egin zuen atzo, Martuteneko kartzelatik Loiola auzora.

Gaur egun 104 dira beren ama, aita edo biak kartzelan dituzten haurrak eta nerabeak. “Motxiladun umeak” izenaz gizarteratu nahi da astebururo familia hauek modu bidegabean bizi duten ankerkeria. Donostian zehazki zortzi dira egoera honetan dauden adingabeak. Sarek giza katea antolatu zuen atzo Martuteneko kartzelatik Loiola auzora.

Txokolate bero eta tentagarria umeentzat, gailetez lagunduta. Masailak ere zikindu zituzten askok, gozamenaren gozamenaz. Marrazkiak egin zituzten, jolasean aritu ziren eta musika jarri bezain pronto dantzan jarri ziren, zoriontsu. Besteen umeekiko ezberdintasunik gabe, beti hala izateko nahiarekin, hainbat salaketa egin zituzten. «Zergatik iristen naiz astelehenetan nekatuta eskolara? Zergatik ezin dut lagunen merendoletara joan? Zergatik mozten dira telefono deiak bost minutu igarotzen direnean?».

Galdera asko eta erantzun gutxi, tamalez. Haurren bizitza arriskuan zergatik jartzen den ulertzeko helduak ez gara gai, umeak zer esanik ez. Baina egoeraz inor baino hobeto jabetzen dira. Sare plataformatik «konbentzituta» agertu ziren statu quo-a mantentzeko badagoela «haur batzuk sakrifikatzeko» prest denik. Beste lekuetan halako egoera kritikoak gertatuko balira, egongo liratekeen nazioarteko salaketak aipatu zituzten. «Eskandalizatu egingo ginateke. Eta hemen zergatik ez?», galdegin zuten.

Kontzientzian eragin

Zentzu horretan mintzatu zen azken hilabete luzeetan borroka nekaezinean ikusi dugun Kontxi Ibarreta. Sara Majarenasen ama eta Izarren amonak halako deialdietan jende gehiagoren parte hartzea beharrezkoa dela esan zuen, jendartearen kontzientziak eragitea honek erreakziona dezan. «Denok egin dezakegu zerbait. Nahikoa da gutako bakoitzak gure inguruan gaiaz hitz egitea pixkanaka kontzientzia sortzeko».

Bere etxean eguzkia atera da. Ama eta alaba Donostian elkarrekin bizi dira; irribarrea, hala ere, ez da oraindik erabatekoa. «Guk borrokan jarraitu behar dugu injustizia hau astebururo-astebururo pairatzen duten txikiengatik, oraindik familia asko ari dira sufritzen. Ez da ezer amaitu», adierazi zion GARAri. Deialdiak ziur asko ez zituen asistentzia aldetik aurreikuspenak edo nahiak bete, eta Ibarretak horretaz ere gogoeta egin zuen. «Umeekin egiten ari direna basakeria hutsa da, eta hemen jende gutxi bildu gara». Egoera aldatu nahi bada jarrerak ere aldatu behar direla iritzita, ekimenekin aurrera jarraitzeko deia egin zuen.

Eta egin egingo dira. Aurten Donostiako auzoetan presoen «muturreko egoerak» salatuko dira, tartean umeena. Hauxe hiriaren argazkiaren zati bat: 60 urtetik gorako preso bat eta beste bat larriki gaixorik. Lau espetxeratuk hogei urte baino gehiago daramatzate kartzelan eta ia Donostiako presoen %100a lehen graduan daude. Guraso direnei, gainera, salbuespenezko legea aplikatzen zaie. «Lege arrunta aplikatzea eskatzen dugu. Askok etxean behar lukete jada zigorraren hiru laurdenak beteta dituztelako. Gainontzekoentzat hirugarren gradua eskatzen dugu», adierazi zuten.

Ekitaldia marrazkiekin amaitu zen, hasi zen bezalaxe. Euskal presoei postalak idatzi eta irudi alaiez bete zituzten. Loreak, mendiak, izarrak eta eguzkiak. Euskal Herritik maitasun zintzoa bidali zuten umeek.