GARA
DONOSTIA

Turismo sektoreko berrikuntzak aztertuko dituzte Donostian

108. Turismoaren Munduko Biltzarrean nazioarteko 200 ordezkaritik gora bilduko dira. Harrera gaur izan bada ere, bihar hasiko da ofizialki bilkura, non sektorearen digitalizazioak duen garrantziari buruz eztabaidatuko duten.

Turismoaren inguruan eztabaidatuko dute gaur eta bihar nazioarteko adituek Donostian, Turismoaren Munduko Biltzarraren 108. edizioan. Atzo iluntzean gurera iritsitako ordezkariei harrera egin zieten Tabakaleran, baina gaur hasiko da ofizialki topaketa. Kursaalen izango dituzte saioak eta Miramar jauregira ere joko dute afari eta bazkarietarako.

Bihar, 9.00etan, Munduko Turismo Erakundearen (MTE) Batzorde Betearazlearen inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, Turismo eta Agenda Digitaleko ministro espainol Alvaro Nadalekin batera. MTEko idazkari nagusi Zurab Pololikashvilik, eta Gustavo Santosek, erakundeko presidente eta Argentinako Turismo ministroak, hitz egingo dute.

Erakundea Nazio Batuen Erakundearen baitan sortu zen 1947an, eta bere jarduera nagusia turismo arduratsu, jasangarri eta herritar ororentzat irisgarria sustatzea da. Donostiako bilera honen helburua gai horiek aztertzea izango da. Bertan 250 ordezkari bilduko dira «turismoaren eremuan herrialde indartsuenetatik etorriak».

Antolatzaileek adierazi zutenez, egun hauetan zehar «sektorearen digitalizazio eta berrikuntza prozesuetatik eratorritako joerei eta erronkei buruz eztabaidatuko dute». Hori dela eta, “Turismoa eta eraldaketa digitala” izenburuari helduz, hizlariak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren ekosistema globalean zentratuko dira.

Argi dute turismo sektoreak ere erronka eta joera berriei aurrea hartu behar diela, digitalizazioa sustatuz. Hori oinarrian izanik, bi ekintza-ardatzetan murgilduko dira: berrikuntza –bost proiektu– eta eraldaketa digitala –bakarra, helmuga turistiko adimendu eta teknologia berrien ingurukoa–.

EAEra zabalduz

Bileraren beste helburuetako bat Donostia, eta oro har Euskal Autonomia Erkidegoa, ezagutaraztea da. Hori dela eta, bilerara etorri direnen eta horien laguntzaileen egonaldia asteburura arte luzatuko da eta hainbat ibilaldi prestatu dira beraientzat.

Esaterako, Donostian gastronomiaz gozatuko dute Parte Zaharrean pintxoak janez, eta «originaltasunagatik» nabarmentzen diren dendetara joango dira. Bretxako merkatua ere ezagutuko dute, non sukaldaritza eskola bat izango duten euskal sukaldariekin.

Getarian Maisor Kantauriko Kontserbak enpresa bisitatuko dute eta horren ondoren Cristobal Balenciaga museora eta Gaintza txakolindegira joango dira. Hernanin Chillida Leku museoa ikusiko dute. Amaitzeko, nahi dutenei Bilbo edo Gasteiz zein Arabako Errioxako inguruak ezagutzeko aukera emango zaie.

Gastronomiarekin lotu nahi izan dituzte bisita horietako asko. MTEk ematen dituen sariak ere ildo horrekin bat datoz. Gaur iluntzean ohorezko enbaxadoreei banatuko dizkieten garaikurretako bat Juan Mari Arzak sukaldariarentzat izango da. Beste sarituetako bat Rafael Anson izango da; hau ere gastronomia arlokoa, Espainiako Gastronomiako Errege Akademiako presidentea baita.

Bestalde, Bartzelonako ostalaritza arloko enpresari Joan Gaspart izango da azken sariduna.