GARA
BILBO

Beste zita erraldoi baterako prest, pentsio duinen alde

Erretiratutako euskal herritarren %40k eta alargunen %82k mila eurotik beherako pentsioa jasotzen dute, Gaindegiaren datuen arabera. Bidasoaren bi aldeen artean arrakala handia dago, bereziki emakumeen kasuan: Hegoaldean %70,9k jasotzen dute mila euro baino gutxiagoko saria; Iparraldean, berriz, %29,9k. Zahar eta gazteek gaur «egun handia» izatea espero dute, kaleak leporaino, pentsio duinen aldeko borrokari beste bultzada bat emateko.

Pentsio duinen aldeko manifestazio jendetsuak espero dira gaurko Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baita herri batzuetan ere. Pentsiodunak direnak eta etorkizunean izan nahi dutenak, adin guztietako herritarrak bilduko dira protestetan. Asmoa beste mugarri bat ezartzea da, indarra hartzea eta erakustea, ez baitute etsitzerik pentsatzen xedea lortu arte: diru-sariak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxienekora iristea, eta pentsio pobrea sortzen duen lan prekarioaren kontra egitea.

Hitzordu garrantzitsuon bezperan, Gaindegiak Euskal Herriko erretiratuen inguruko azken datuak kaleratu zituen: 2018ko apirilean 509.900 pentsiodun zeuden. Iturri ofizialen arabera, 426.200 Hego Euskal Herrian eta, behategiaren kalkuluen arabera, beste 83.700 Ipar Euskal Herrian. Bizkaian (172.200) eta Gipuzkoan (118.000) bizi dira gehienak. Hegoaldean, pentsiodunen kolektiboaren gehiengoa erretiroan diren pertsonek osatzen dute (%68,3), baina pentsiodun alargunak (123.100) eta beste pentsiodun motak (74.700) ere ugari dira.

Bi pentsio sistema

Euskal lurraldean bi pentsio sistema daude indarrean eta bi kasuetan hauen gaineko erabakiak bere mugetatik kanpo hartzen dira. Bidasoaren bi aldeen artean arrakala handia dago: Hegoaldekoen %42,1ek (183.000 pertsonak) mila euro baino sari txikiagoa dute. Iparraldean, aldiz, %24 (19.900) daude muga horretatik behera. Desberdintasun hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: Hegoaldean, %70,9 dira mila euro baino gutxiago jasotzen duten emakumeak eta Iparraldean, %29,9.

Orotara, euskal herritarren %40k eta alargunen %82k mila eurotik beherako saria dute. Erretiro pentsioa duten emakumezkoen %61,5ek mila euro baino gutxiago jasotzen dute.

Gaindegiak jakinarazi zuenez, erretiro pentsio guztien batez besteko diru-saria 1.313 eurokoa da Hegoaldean (2018ko apirileko datua) eta 1.600 euroren bueltakoa, Iparraldean (2016an). Behatokiak, batez bestekoaz harago, pentsioen zenbatekoen desoreka azpimarratu zuen: pentsioen %39,2 mila euroren azpitik badaude, beste %19,5 bi mila euroren gainetik baitaude.

Batez bestekoa, apaltzen

Dena den, 2017an 21.400 herritarrek hartu zuten erretiroa eta, bigarren urtez, erretiratu berrien batez besteko pentsioa apaldu egin zen Hegoaldean. Gaindegiak esplikatu zuenez, horren atzean pentsio sistemaren gaineko aldaketak, azken hamarkadako enplegu falta eta soldata apalagoak daude.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak prentsaurrekoa eman zuen atzo, manifestazioetara dei egiteaz gain, EAJren eta PPren arteko aurrekontu «antisozialen» akordioa gaitzesteko. Nabarmendu zutenez, akordio honek ez du balioko erretiratuek galdu duten erosahalmena berreskuratzeko. Ez hori bakarrik: «1.080 euroko gutxieneko diru-saria aitortzeari ezezko borobila ematen dio».

Ostegunean, Nafarroako Pentsiodunak Martxan-ek eta Sasoiak egin zuen agerraldian, emakume pentsiodunek genero desoreka jarri zuten mahai gainean. «BPGaren erdia sortzen dugu, baina lan hori ez da aitortzen, baloratzen eta kontuan hartzen. Eginbeharrak sortzen ditu, baina ez eskubideak». Soldatapean lan egin duten emakumeen kasuan, jasotzen duten saria gizonena baino %70 txikiagoa dela salatu zuten.