GARA
DONOSTIa

«Donostia ez dago salgai», ohartarazi dute manifestazioan

Bizilagunekin plataformak deituta, manifestazioa egin zuten atzo, Saguesen hasi eta Parte Zaharreraino. Munduko Turismo Erakundearen goi bilera izan da Donostian aste honetan, eta hori aprobetxatuz herritar ugariren kezka plazaratu nahi izan zuten. 18.30ean zen hitzordua, Saguesen. “Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu” lelodun pankarta zabaldu eta bideari ekin zioten.

Zurriola pasealekuan barna kartel gehiago irakur zitezkeen. “Txantxuioaren Mundu Erakundea. Langile boterea eraiki”, zioen batek. Ingelesezko leloak ere eraman dituzte manifestariek, “This isn’t tourism, is an invassion”, adibidez.

“Turismoak auzoa hiltzen du” garrasi egiten zuten Hotel+ez plataformako kideek. Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Satorralaia, berriki plazaratutako Bizitza da Handiena... Mugimendu eta aldarri pila baten bilgune izan zen martxa.

Kale Nagusitik Parte Zaharrera sartu ziren, «Donostia ez dago salgai», ohartaraziz. «Eztabaidarik gabe saldu nahi gaituzte, lanpostu okerragoak, euskara gutxiago, eta postal eder biziezin bat. Baina ez gaude salgai». Santa Maria elizaren aurrean, hotel bat eraikiko duten eraikinean, pankarta handi bat zintzilikatu zuten.

Bulebarreko kioskoa zuten helmuga. Bertan agiria irakurri zuten Bizilagunekin-eko lagunek. «Gai honi buruzko benetako eztabaida ireki nahi dugu eta turismoarekiko kritiko garenak ez kriminalizatzea», adierazi zuten. «Bizitzeko hiriak nahi ditugu».