Bixente VRIGNON
Kazetaria

1968ko maiatzaren ortzantza

Mende erdi bat, 1968ko maiatza gertatu dela. Mende erdi bat, ispilu eta erreferentzia bihurtu dela planeta guztian ezkerreko mugimendu progresista guztiendako. Mende erdi bat, eternitate bat, 65 urte baino guttiagokoek besteen oroitzapen, idatzi edo dokumentuen bidez baizik ezagutzen ez duten mugimendu bat. Ispilu eta erreferentzia bat, hala izan da Iparraldearentzat bederen. Besteek idatzitako historian agertzen da dena Parisetik heldu dela; beste begi batez begiratzen dutenentzat, aldiz, argi da 1968ko mugimenduak erro sakonak badituela Pragan, Mexikon edo Tokion. Estudiante eta langileek boterearen aurka oldartzen ahal zela erakutsi dutelarik, baita azken honek bere aldetik kolpekatzen zuela ere, ortzantza izan da Iparraldearentzat. Hemiplegiko bihurtu zen herrialde bati bere ezkerreko aldea itzuli zion mugimenduak.

Iparraldean, 1968 aitzin, euskaltzale izaiten ahal zen, ezkertiarra. Multzo txiki batentzako abertzalea ere, edo iraultzailea. Baina ez biak batera. Bat bestea gabe. Eta gehiago bat bestearen kontra, labur egiteko, ñabardura ainitz ekarri beharko bailitzaizkioke hasiera honi. Mugimenduan parte hartu dute Iparraldeko zenbait aktore politikok eta estudiantek, Bordele, Paris edo Estrasburgon. Eta Iparraldean, urratsez urrats sortuko den mugimendu abertzaleak bi iturritatik edan du: nazio borrokak eta borroka sozialak. Zaila da bakoitzaren burua orduko testuinguruan kokatzea, baina Bretainia, Korsika edo berdin Okzitaniako mugimenduek egiazko pisua izan dute 1968ren ondorioz, 70eko hamarkadan. Adibiderako, Okzitanian Larzac-en bezalako mobilizazio bat eremu militar baten kontra; Korsikan, lohi gorriak; edo Bretainian, FLB (Front de Libération de la Bretagne), Bretainiako Askapen Fronteko talde armatuak; itzal handia ukan zuten Iparraldearentzat.

Denbora berean, mugimendu abertzalearen gehiengo handi batek ezkerreko analisiak beretu ditu, aldaketa nagusi bat haziz barnealdean, laborarien elkarteetan batez ere. Paradoxikoki bezala, 1968ak mugak margotu ditu borroka nazionalen eta ezkertiarren artean. Zaila izan zaie eta kasik ezinezkoa mugimendu frantsesei, nahiz eta erradikalak ala ezker muturrekoak izan, haien analisietan euskal nortasuna onartzea. Gaur egun ere, frantses alderdi komunistak, edo Lutte Ouvriere bezalako alderdi troskista batek, mobilizazio sozialen inguruan euskaldunen ondoan borrokatu ordez, frantses hiritartasuna Euskal Herriaren etorkizunaren inguruko borroken aurrean pasaraztea hobesten dute.

1968an jada gogorki jotzen zuen Iparraldean berantago Frantzia guztia suntsituko zuen krisi ekonomikoak. Ezkerra eta abertzaleak biak jadanik aitzin existitzen baziren, 1968ko labeak bi mugimenduak bakar batean moldatu zituen, euskal konzientziaren jaiotza errazteko.