GARA
DONOSTIA

Enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntza topagunea, Donostian

Innobasquek eta Bai Euskarari elkarteak Global Innovation Day eguna antolatu dute, enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntza topagunea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %99 dira txiki edo ertainak; guztira, berrikuntza funtsezko duten ia 200.000 enpresa, askoren biziraupena berrikuntzari erabat atxikita baitago. Hori dela-eta, arreta osoa enpresa horietan jarriko duen ekitaldia prestatu dute. Heldu den ekainaren 13an izanen da, 09.30etik 12.00etara, Donostiako Kursaal jauregian.

Enpresa txiki eta ertainei dituzten aukerak identifikatzen laguntzen eta aplika ditzaketen irtenbide berritzaileak erakusten saiatuko dira.

Izen ematea zabalik

Nola egingo dute? Bada, esperientzia inspiratzaileak, arrakasta-kasuak eta berrikuntzak azalduz. EAEko enpresa txiki eta ertainen gaur egungo egoera ere aztertuko dute. Besteren artean, Silvia Lealek eta Eduardo Anituak emango dituzte hitzaldiak. «Berritzeko garaian zuen eguneroko lanean enpresek topatzen dituzuen erronkak, beharrak eta arazoak azaleratzeko tailerra egingo dugu», agertu dute izen ematera gonbidatuz.

Era berean, berrikuntzari babesa emateko agenteen sareko gunea bisitatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Bertan, berrikuntzara iristeko etapa guztiak jasotzen dituzten tresnak, orientazioa eta irtenbideak ezagutu ahal izango dituzte: finantzazioa, teknologia, prestaketa, laguntza eta babes zerbitzuak…

Kursaaleko topaguneko jardueren artean, “Enpresa txiki eta ertainen erronkak” tailerra da jakin-min handiena piztu dutenetako bat. Guztiz praktikoa izango den topaketa parte hartzaile horretan, enpresek berrikuntzari ekiteko orduan egunez egun gainditu beharreko premien, erronken edo arazo zehatzen gainean lan egingo dute.

Ordu eta erdiko iraupena duen tailer hori 10.30ean hasiko da, eta, bertan parte hartzeko, enpresa txiki eta ertainek aldez aurretik aukeratu beharko dute enpresek eurek kritikotzat jo dituzten ondoko bost esparruetako bat: negozio eredu berriak, berrikuntzaren finantzaketa, pertsonak (ezagutzaren kudeaketa, prestakuntza, talentua), marketin estrategia berriak eta enpresa trakziogileak berrikuntza iturri bezala.

Izen emate epea zabalik dago oraindik ere, www.innobasque.eus atarian.