GARA
DONOSTIA

Euskara batuaren ekarpenak eta erronkak, «Jakin»-en 225. alean

Aurtengo udazkenean beteko dira berrogeita hamar urte Arantzazuko Biltzarra egin zenetik. Euskara batuaren abiapuntutzat hartu izan da hitzordu hura. Bost hamarkada igaro dira ordutik, eta hizkera estandarraren ekarpenak eta erronkak aztertu ditu «Jakin» aldizkariak.

1968ko urriaren 3, 4 eta 5ean Arantzazun batu ziren hainbat euskaltzalek finkatu zituzten gaur egungo euskara batuaren oinarri nagusiak. Geroztik, abiada betean urratu du bidea euskara batuak, baina «bistan da, ez nahikoan», “Jakin”-eko zuzendari Lorea Agirreren hitzetan. «Erdarek ere abiadura bizitu baitute eta hizkuntzak erantzuna eman behar dien eremuak inoiz baino gehiago baitira». Horregatik, euskara batuaren ekarpenei eta, bereziki, erronkei erreparatzen dien monografikoa atondu du “Jakin”-ek. Izenburuak laburbiltzen du zein den iparrorratza: noranahiko izatea du orain helburu. Ikuspegi hori jasotzeko, alde batetik, “Jakin” talde historikoko lau kideri eman die ahotsa aldizkariak 225. zenbakian, “Jakin” aldizkaria izan baitzen Euskal Herrian euskara batuaren arauak onartu zituen aurreneko argitalpena; bestetik, Irene Arrarats “Berria”-ko euskara zuzentzaileak eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazleak artikulu sakon bana doitu dute; azkenik, 22 iritzi labur jasotzen ditu argitalpenak, guztiak ere etorkizunari begirakoak.

1964tik bat egin zuen

1964an Baionako Biltzarraren atarian erabaki zuen “Jakin”-ek euskara batuaren egitasmoarekin bat egitea, urrats hori egin zuen lehen aldizkari eta bakarra izanik. Pauso horien inguruan idatzi du Lorea Agirrek berak eta garai hartara itzuli dira ere Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. Erabaki horien zergatiak eta ondorioak aztertu dituzte beraien testuetan. Hala dio Azurmendik: «Gorde ahal izango dugun Euskal Herri osoko hizkera idatzia eta mintzatua ere izango da batua, betiere euskalkien ekarpenen gain ere eraikiz joango dena, hizkuntzaren lurralde osoan eta belaunen jarraibidean joango dena. Hizkuntzak dituen erronka berak ditu batuak».

Estandarizazioa lortuta, Irene Arraratsen ustez, bere erabilera geuretzea da eman beharreko hurrengo pausoa. «Gauza bat baita kontu asko arauturik egotea, eta beste bat, bestelakoa guztiz, eredu estandarra guztiz sustraitzea eta mamitzea, dagokion alorrean, erabiltzaileak eroso sentitzeraino».

Pruden Gartziak, aldiz, orain arte emandako pausoei buruz hausnartu du. «Euskal Herrian 1960ko hamarkadan gertatu zena, funtsean, bi sektore intelektualen aliantza sendo bat izan zen: batetik, gazte ezkertiar gerrillazaleak; bestetik, kristau aurrerakoi kontziliozaleak». Aliantzen eta desadostasunen artean egiten du bidea artikuluak.

“Jakin”-en monografikoak beste hogeita bi iritzi labur jasotzen ditu zenbaki honetan. Horien artean daude Itxaro Borda, Ander Lipus, Miren Amuriza, Fermin Etxegoien, Bea Salaberri, Harkaitz Cano, Igor Elortza, Miren Narbaiza, Blanca Urgell eta Idurre Eskisabel. Euskara batuaren ekarpen eta erronkak aztertzeko eskatu die “Jakin”-ek eta horien artean badira errepikatzen diren kezkak: ahozkotasunerako egokitu beharrean da batua bestelako esparru informaletan garatzeko premian, euskalkien gatazkan baino erdarekin lehian... Eta badira, bestalde, errepikatzen diren lorpen eta proposamenak: hizkuntza komunitateari eusteko tresna da batua, esperimentatzeko jokalekua izaten segitzeko gaia, eremu informaletan ere landu beharrekoa...