GARA
JOHANNESBURGO

Hegoafrika baikor, Ramaphosak agintean ehun egun eginda

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak atzo bete zituen ehun egun karguan. Bere izendapenak baikortasuna eraman zuen herrialdeko bizitza politikora, Jacob Zuma aurreko agintariak ekarri zuen gainbeherari buelta emanez. Hori bai, ANC Afrikako Kongresu Nazionalean guztiak ez daude berarekin, eta oposizioak gehiago eskatzen dio.

Otsailaren 15ean izendatu zuten Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosa, herrialdeko ekonomiaren gainbehera mantsotu eta ustelkeriarekin eta eraginkortasun ezarekin lotutako irudia aldatzeko aginduarekin. Erakunde publiko denak kutsatuta zituzten gaitz horiek eta berak «Hegoafrikarentzat egunsenti berria» agindu zuen orduan, nahiz eta bazekien ANC Afrikako Kongresu Nazionalean guztiak ez datozela bat bere izendapenarekin. Gainera, bazekien agindutakoa betetzeko lan asko egin beharko zuela.

Bestalde, 2019ko presidentetzarako hauteskundeei begira agintean merituak egitea komeni zaio Ramaposhari. Zutabegileek “ramaphoria” deitu zioten garai hartan herrialdean nagusitu zen giroari, “euforia” hitzarekin jolasean. Aire freskoa, usteldua zirudien gizartearentzat. Inbertitzaileek ere besoak zabalik hartu zuten aldaketa, eta nazioarteko komunitateak berak ere gauza bera egin zuen.

Ehun egun ez dira nahikoa agindutakoa erabat betetzeko, baina Ramaphosak baikortasunari eusten jakin du. «Kudeaketak hobera egin du eta, ustelkeriaren aurkako borrokari dagokionez, agintariak egindakoa nahikoa izan da baikortasunari eusteko», Talitha Bertelsmann-Scott Nazioarteko Gaietarako Hegoafrikako Institutuko kidearen arabera. Bere ustez, Ramaphosarentzat garrantzitsua izan da herritar askok Zumak jarraituz gero «Hegoafrikaren amaiera» iritsiko zela pentsatzea.

Zumaren agintaldia eten izana txalotu zuen oposizioak, berriz, pitzadurak ikusten dizkio presidentearen diskurtsoari. «Azken hamar urteetan gure herrialdeak ez du ezagutu Ramaphosaren izendapenak eragin zuen optimismoaren tankerakorik, baina hegoafrikar moduan presidentearen aldetik gehiago espero genuen», adierazi du Mmusi Maimane Aliantza Demokratikoko buruak. Maimaneren iritziz, «agindu hauskor eta konprometitu batekin gobernatzen du presidenteak, eta horrela ezinezkoa da herrialdea irauliko duen aldaketa abian jartzea, ustelkeria errotik ateratzea, milioika lanpostu sortzea, gure herrialdera segurtasuna ekartzea eta noraezean dagoen hezkuntza sistema konpontzea».

Johannesburgok hartuko du uztailean BRICS taldeko herrien (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) gailurra, «pobreziaren erdian Hegoafrika garapen uharte bihurtzea» ezinezko dela defendatuz. Afrikar izaera eman nahi diote gailurrari.