GARA
DONOSTIA

Karmelo Arregi Egiari Zor memoria elkarteko kidea zendu da

Oñatiko Kanpizelai baserrian jaioa, 52 urte zituen eta minbiziaren aurka borrokan ari zela hil da Karmelo Arregi. Kooperatibismoaren munduan ibili zen lanean bizitza osoan eta garai batean Ulma Packaging-eko presidente ere izan zen.

Horrez gain, Susana Arregi ETAko kidearen anaia izateagatik zen ezaguna. 1990ean Susana Arregi Jon Lizarralderekin batera Irunberriko arroilan hilda agertu zen, biolentzia zantzu argiekin. Beraiekin batera zegoen German Rubenach larri zauritu zuten. Jose Luis Hervas guardia zibila ere Irunberriko arroilan hil zen. Gertatutakoa benetan iluna izan zen eta froga guztien arabera exekutatu egin zituztela dirudi, bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zutela esan bazuen ere.

Senideen oroimena babestu

Horrek bultzatu zuen Karmelo Arregik Egiari Zor elkartean parte hartzera. Elkarte hori «Estatuen estrategia errepresiboaren ondorioz hildako pertsonen senitartekoek zein testuinguru horretan zauritutako eta torturatutako lagunek» osatzen dute. Beren senideen memoria babestea eta aldarrikatzea dute helburu. Arregik berak honela azaltzen zuen “Goiena”-ri emandako elkarrizketa batean [goo.gl/enB2zp].

2015ean Karmelo Arregi Madrilgo Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zuten, Irunberrira omenaldi batera joateko antolatutako autobusaren arduraduna zelakoan.