Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

«Eskaladan espezializatu den kirolari bat besterik ez naiz»

Istripu baten ondorioz, 16 urte besterik ez zituela, Urko Carmona Barandiarani hanka bat ebaki zioten. Alabaina, eskaladarekin jarraituzuen eta, 8a+ zailtasunera heltzeaz gain, pareta handietan bide klasikoak egin ditu. Munduko Eskalada Txapelketa bitan irabazi du.

Lasai asko esan dezakegu Urko Carmona Barandiaran eskaladaren munduan ezaguna dela. Hala ere, baten batek esan dezake erabat ezezaguna egiten zaiola. Hots, Adam Ondra, Alex Megos eta enparauen curriculumik ez duela. Hala da. Baina aipatu ditugun izar horiekin alderatuta, aurreratu behar dugu bere eskalada gaitasuna mugatua duela. Horrekin esan nahi dugu gorputz-adar guztiak ez dituela; istripu baten ondorioz, eskuineko hanka ebaki zioten.

Ezbehar hori 16 urterekin izan zuen, baina, oztopoak oztopo, bi urte lehenago hasitako pasioa ez zuen alde batera utzi. Jakina, egoera berrira egokitu ahal izateko, trantsizio epe bat behar izan zuen. Ondo baino hobeto ulertu zuen bere ibilbide berria, eta, urteen poderioz, kirol eskaladan, lehietan zein paretetako bide klasikoetan azpimarratzekoak diren jarduerak egin ditu.

Kirol eskaladan, adibidez, 8a+ landuta eta 7c+ bistan ditu. Bide luzeetan, berriz, Dolomitetan, besteak beste, Lavaredoko Gailur Nagusian “Comici-Dimai” igo du. Eta Firen (Riglos) “Rabada-Navarro”. Lehietan ere ez da atzean geratu, eta hamar izarretako zerrenda du: Munduko Txapelketa bi aldiz irabazi du, Munduko Kopako proba batzuk, Arcoko Rock Master bat...

Hori guztia esan ondoren, beraz, argi geratzen da Carmonak eskaladan izena izan baduela. Hots, protagonista dela. Eta hori den-denek aitortzen dute. Eta aitorpenak aipatu ditugunez, esan behar dugu 37 urteko eskalatzaile honek 2014. urtean eskaladan sona handia duen sari edo aitorpen bat jaso zuela: Arco Rock Legend.

Era batera edo bestera, aipatutakoa da Carmonak eskaladan duen “nortasun agiria”. Baina beste nortasun agiriari begiratzen badiogu, ohartuko gara Euskal Herriarekin lotura duela. Izenari eta bigarren abizenari erreparatuta, ohartuko gara euskaldunak direla. Bai, ama nafarra du; Etxarri-Aranazkoa, zehazki. Berez, Bartzelonan jaio zen, eta, hainbat lekutatik pasa ondoren, lerrootako protagonista Alacanten bizi da egun.

Azken bi hilabeteotan, berriz, Alacantetik Euskal Herrira hainbat joan-etorri egin ditu; izan ere, Durangon, Kirolenen ikasketak egiten ari da. Horietako bisita bat aprobetxatuta, Carmonarekin hitz bi egin ditugu.

Oraindik gogoan du, istripua izan aurretik, 14 urterekin eskaladaren sarean erori zen unea: «Nire aita eta haren lagun Joan Martirekin joan nintzen eskalatzera: lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen! Calpeko Peñon de Ifachen nire lehen bide luzea egin nuen. Oporrak iristen zirenean, irrikatan nengoen Pedraforcako aterpera igo, eskalatu eta mendi giro hori bizitzeko. Jakina, nerabea nintzen, eta ikastetxean nengoen bitartean ikasturte osoa eskalada buruan nuela igarotzen nuen».

Bi urte geroago ezbeharra izan zuen, eta, eskuineko hanka ebaki bazioten ere, azaleko zauriak osatu ondoren eskaladara itzuli zen berriro: «Argi eta garbi nuen eskalatzen jarraitu nahi nuela. Nahiz eta une gogorrak bizi, eskalada alde batera uzterik ez zitzaidan burutik pasa ere egin. Berriro itzuli eta nire lehen eskalada egin nuenean, egundoko lasaitasuna sentitu nuen: ohartu nintzen eskalatzeko oztoporik ez nuela, kirol honek eskaintzen zizkidan sentsazioak berreskuratu nituen, disfrutatu egin nuen... Jakin banekien nire egoera aldatu egin zela, baina eskalatzeko nuen grina ez zen batere aldatu. Baikorra izateko lan handia egin nuen, eta horretan nire senitartekoek asko lagundu zidaten. Ez nuen inoren mende egon nahi, autonomoa izan nahi nuen, eta nire indar guztiak norabide horretan jarri nituen».

Eskalada bizimodu

Eskaladaren “pozoia” barruan zuela, lerrootako protagonistak eboluzio bikaina izan zuen. Bere desgaitasuna ikusita, argi zuen eroria duten bideetan askoz ere eraginkorra izango zela. Horregatik, besteak beste, Rodellar eta Kalymnos gustuko ditu: «Niretzat eskalada eskola horiek bereziak dira oso. Hango bideetan esperientzia oso aberasgarriak izan ditut. Eta, horrez, gain, bide gogorrak kateatzeko aukera izan dut. Rodellaren, adibidez, nire bide gogorrenak egin ditut; azkena, ‘Mal de amores’ [8a+] izan da. Marra zaila da, baina, era berean, oso polita. Denetarik du: eroria, erresistentzia handia, blokeko pausu gogorrak... Niretzat zailtasun maila horretara heltzea ikaragarria izan da. Prozesu horretan bizitzen duzuna berezia da oso. Hasieran, bidea probatzen ari zarela, zeure buruari esaten diozu ezinezkoa dela. Baina eskalatzaile guztioi gertatzen zaigun bezala, pixkaka-pixkaka pausuak askatzen joaten zara. Ondoren, pausu eta mugimendu horiek lotzen saiatzen zara. Eta hori ere gertu ikusten duzu. Prozesuaren azken urratsa soka katetik pasatzea da. Eta lortzen duzunean, poz izugarria sentitzen duzu».

Carmonak, jakina, bide gogor horietan oroitzapen oso bereziak ditu, baina ez dira bakarrak. Aipatu dugu Munduko Eskalada Txapelketa bitan irabazi duela. Lehenengoa, Parisen, 2012an, eta, bigarrena, bi urte geroago, Gijonen: «Azken horri dagokionez, inoiz izan dudan esperientzia berezienetarikoa bizi izan nuen. Non eta rokodromo batean. Hitzordu nagusi horretan makina bat lagun eta senitarteko ondoan izan nituen. Finaleko bidetik jaitsi nintzenean eta irabazi nuela esan zidatenean, egin nuen lehendabiziko gauza nire ama besarkatzea izan zen. Horrek 8a+ egitea bezainbeste bete ninduen».

Baina bere ibilbidea ikusita, argi geratzen da poz horiek guztiak ez direla soilik kirol eskaladara zein lehietara mugatzen. Pareta luzeetan, adibidez, gai izan zen Dolomitetako “Comici-Dimai” (550 m, V+, A1, Lavaredoko Gailur Nagusia) eskalatzeko. Sokakide, berriz, Juan Antonio Bellido izan zuen, bera ere desgaitasuna duen eskalatzailea. «Bide hori eskalatzea asmo handiko xedea izan zen; ziur aski, niretzat handiena. Meritu handia izan zuen. Marra historikoa izateaz gain, kontuan hartu behar da paretaren oinarrira heltzeko makuluekin egin behar izan genuela bidea. Hori izan zen gehien kosta egin zitzaidana. Harrien artean igo behar duzu, eta oso desatsegina da. Baina, horrez gain, kontuan hartu behar da bideak zeharkaldi asko dituela. Eta rapelen kontua... Klasikak egiten ditudanean, eskuarki, protesi bat eramaten dut, baina ahaztu egin zitzaidan. Fireko ‘Rabada-Navarro’-ri buruz esan behar dut ametsa egia bihurtu zela».

Amaitzeko, Carmonari hausnarketa tarte bat utzi diogu: «Hanka bat ez dudalako, ez dakit jendeak nola begiratzen nauen. Nik, bederen, kontu hau oso barneratua dut. Ezagutzen nauenak beste modu batera ikusten nau; beste edozein bezala, ez pertsona hankamotz bat bezala. Ni betidanik izan naiz oso kirolzalea. Egun, abentura kirolari bat naiz, besterik ez; hori bai, eskaladan espezializatua. Erronka berri bat aurrean dudanean emozionatu egiten naiz; beti saiatzen naiz ezinezkoa dirudiena gainditzen. Bestalde, eskaladaren zirkuluetan ez dut paternalismorik sentitzen, baina hortik kanpo bai. Zer egin behar dudan aholkatzen saiatzen dira. Baina nik jakin badakit hanka bat falta zaidala».