Itxaro BORDA
Idazlea

Kateak eder

Irudiak izugarriak dira. Abantzu berrehun mila jende, zapi zuriak tartean, elkarri eskutik lotuak, hegoaldeko hiru hiriburuak ahur soilaz juntatzen! Ez da aspaldian horrelakorik ikusi. Agian hemendik at, ohikoagoak suertatuko zaizkigu, pantailetan bezainbat gure karrika izkinetan. Egun, pertsona bakoitzak irria zeukan ezpainetan eta horrek, behingoz, batzuetan nabaritzen dugun euskaldun izateko plazera ekartzen zuen plazara.

Burujabetasuna ala erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera pasatzen gara, ordea, iragan berri zaigun berunezko mende erdiaz hausnartzeko astirik hartu gabe, –deus ez omen da gertatu–, iturri ezberdinetatik jazarri biolentziak euskaldunon hiztegietan ondoriorik izan ez bailuan. Liburua ixtera goaz, kontakizunaren azken kapitulua idatzi, zuzendu eta begi kritikoz irakurri aitzin. Eder nahi genukeen kateak, kontuz ibiltzen ez baldin bagara, katea gaitzake leizearen hegian, oreka bila. Hala ere, igande honetako agerraldi herrikoiak erakusten du euskaldunak oinarrietara itzultzeko gutizia daukala: diskurtso hantu eta potoloetatik urrun ibiltzeko gogoa du, «independentzia» hitz handiegia ez da kasik gehiago entzuten bazterretan, nazio gisa egiteko dugun bidea zerotik hastea tokatuko balitzaigu bezala, izpiritu eta borondate ezberdin batekin.

Hain endogamikoa ulertzen dugun euskal jendartearen ateak zabaltzean egingo genuke lehen urratsa, kutsatzearen eta engainatzearen beldurra gainditzen saiatuz, bai eta egiazki indartuko gintuzketen kontrako aburuak onartzen ikasiz ere. Gure esku dago…