Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

WSL lehiaketak: Keramas, Uluwatu eta Biarritzeko txapelketak

WSL zirkuituak aurrera doaz pixkanaka. Indonesian lehen mailako bi txapelketa izan dira eta brasildarrak nagusitu dira. Bestalde, Antoine Delperok irabazi zuen Europako longboard lehiaketa Biarritzen.

Azken egunotan Indonesian egin berri dituzten CT zirkuituko txapelketetan brasildarrak nagusitu ziren; Italo Ferreirak irabazi zuen Keramasen eta Willian Cardosok, Uluwatun. CT zirkuitua amaitzeko sei txapelketaren faltan, Julian Wilson da egun ranking nagusian buru, baina hurrengo lau postuetan dauden lehiakideak brasildarrak dira; Filipe Toledo bigarren, Italo Ferreira hirugarren, Gabriel Medina laugarren eta Willian Cardoso bosgarren.

Nesken WCT zirkuituan, ostera, lehen postuetan diren lehiakideek ordezkatzen dituzten aberriak ugariagoak dira. Lakey Peterson estatubatuarra da buru rankingean. Bere atzetik, Stephanie Gilmore australiarra, hirugarren postuan Tatiana Weston-Webb brasildarra, laugarren postuan Tyler Wright australiarra eta bosgarren postuan Johane Defay frantsesa.

Indonesian ezusteko emaitzak izan ziren nesken kasuan. Uluwatuko txapelduna, esaterako, Johane Defay izan zen. Reunion uharteetako surflariak emaitza onak lortzeko gaitasuna baduela erakutsi izan du, baina ez da punta-puntakoen artean kokatzen den lehiakidea, horregatik ez zegoen Uluwatuko txapelketa irabazteko hautagai nagusien artean.

Keramasen, berriz, Lakey Petersonek irabazi zuen eta emaitza horri esker rankingeko lidergoa ebatsi zion Stephanie Gilmor lehiakide beteranoari. Orain arte, aurtengo nesken zein mutilen lehen mailako txapelketak egun eta leku berberetan egin dira eta hala izango da Hegoafrikan egingo duten hurrengo geldialdian ere, baina kasu horretan neskak Jeffreys Bayko eskuin olatuan lehiatuko diren lehen aldia izango da. Uztaileko lehen bi asteetan egingo dituzte, beraz, CT eta WCTko itzuliko bosgarren txapelketak.

Txapelketa horren ostean, bide desberdinak hartuko dituzte nesken zein mutilen lehen mailako zirkuituek. Mutilek Tahiti aldera joko dute, Teahupooko ezker olatuan lehiatzeko, eta neskak Kalifornian elkartuko dira, Huntingtoneko hondartza famatuan.

Itzuliko zortzigarren geldialdian elkartuko dira berriz bi itzulietako surflariak, Kelly Slaterrek eraiki zuen olatudun igerilekuan egingo baitute lehen aldiz Surf Rancho Pro txapelketa. Olatuak sortzen dituen igerileku batean inoiz egin den surf lehiaketa garrantzitsuena izango da.

Antoine Delpero

Iaz Europako txapeldun izan zen Antoine Delpero lehiakideak irabazi zuen larunbatean amaitu zen Longboard Pro Biarritz txapelketa. QS kategoriako txapelketa izaki, mundu mailako rankingean puntuatzen duen txapelketa zen, baina batik bat Europako txapelketa garrantzitsua zen, Europako zirkuitua osatzen duten lau txapelketetatik hirugarrena baitzen.

Garaipen honekin Europako rankingean lidergoa eskuratu eta aurten ere titulu europarra eskuratzeko bidean da Delpero. Martxoan egin ziren longboard kategoriako lehen bi txapelketak eta bietan Delpero anaiak nagusitu ziren. Lehena Espinhon izan zen, eta garaipena Edouard anaia gazteak eskuratu zuen. Jarraian, Almada hondartzan (Caparicako kostaldea) egin zuten txapelketa eta Antoinek irabazi zuen.

Europako txapelketarekin batera, kontzertuak, ikuskizunak eta BTZ Belza Clasic txapelketaren hirugarren edizioa ere egin zuten. Neskak eta mutilak nahasita, guztira 32 lehiakidek parte hartzen duten txapelketa berezia da eta lehiaketa honetako txapela ere Antoine Delperorentzat izan zen.

Metro bateko olatu txiki baina garbiak izan ziren azken egunetan Biarritzeko Euskaldunen Hondartzan eta larunbatean egin zituzten finalak. Nesken kategorian Justine Mauvin izan zen irabazlea. Reunion uharteetako surflari gazte honek (24 urte) ezin hobeto ezagutzen ditu Biarritzeko olatuak, Delpero anaiak bezala, Lapurdiko kostaldean bizi baita.

Honi buruzko guztia: Surf