GARA
BILBO

1.600 film eta 600 audioliburu gehitu dira eLiburutegira

Orain arteko 15.000 liburuez gain, eLiburutegiak 1.600 film eta egokitutako 600 audioliburu izango ditu aurrerantzean. Eskaintza berriaren aurkezpenean, «egile-eskubideekiko errespetua oinarri duen kultur kontsumo digital arautu baten alde» egin zuen Bingen Zupiriak eta, iaz, eLiburutegian 45.000 liburu mailegu erregistratu zirela esan zuen.

Gasteizko Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eLiburutegiaren azken berritasunak aurkeztu zituen atzo Euskadiko Artxibo Historikoan. Zupiriak adierazi zuenez, Infobibliotecas enpresaren eFilm ekimenarekin sinaturiko akordioaren ondotik erabiltzaileek 1.600 film eta dokumental dituzte aukeran, eta euskal zinemagintzak aipatuen artean pisu berezia izango du. Horiez gain, eduki digitaleko online plataforma publiko honek egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu gaurtik aurrera, Daisy formatuan, eta horien erdiak euskaraz daude. Zerbitzu berri horiek eLiburutegiak orain arte eskaintzen zituenei gehituko zaizkie: 15.000 liburu baino gehiago, 24.000 erabiltzaile eta, iaz, 45.000 mailegu baino gehiago eskaini zituen. Zenbaki hauei esker eLiburutegia Estatu espainoleko liburutegi digitalik handiena dela zehaztu zuen.

«eLiburutegia proiektua hazten doa urtez urte, eta 15.000 liburu ezberdin baino gehiago ditu, bai eta 24.000 erabiltzaile inguru ere. Emaitza oso ona bada ere, tresna honen kultura kontsumoa sustatzen jarraitzeko aukera dugula uste dugu. Orain, pauso bat aurrera eman nahi izan dugu, eduki digital berriak eskainiz. Digitalizazioa kulturarentzat aukera berri bat izan daitekeela uste dugu, beti ere kultura-edukiak era ordenatuan eskaintzen badira, egile-eskubideak aintzat hartuz eta dagozkien lizentziak ordainduz», adierazi zuen Zupiriak.

Infobibliotecas enpresaren eFilm ekimenarekin sinaturiko hitzarmenari esker, Jaurlaritzak 1.600 film eskain ditzake egun eLiburutegia plataforman. Bi aldeek sinatu duten konpromisoaren arabera, urte amaieran eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira; egun, berrogeita hamar bat film daude euskaraz, baina pertsona bat dago eginkizun horretan lanean, lizentziak izapidetuz, «euskarazko filmak askoz ere gehiago izan daitezen hemendik gutxira».

Akordioaren bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzaren prezioa ordainduko du, mailegu baten batez besteko prezioa 50 zentimokoa izanik. Horrela, mailegua doakoa da erabiltzaileentzat eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere baitan egile-eskubideak hartzen dituen prezioa ordainduko du, azaldu zuenez.

Sailak 93.000 euroko inbertsioa aurreikusi du urte honetarako, guztira 186.000 mailegu ahalbidetuz. «Nolanahi ere, proiektua abiarazi eta ondorengo hilabeteetan aurreikusitako urteko inbertsioa nahikoa den ala ez ikusiko da», jakinarazi zuen.

Filmen kasuan, maileguak hiru eguneko epea esleitzen du eta erabiltzaileak nahi adina aldiz ikus dezake filma epe horren barruan. Erabiltzaile bakoitzak bi mailegu eska ditzake asteko; eta zortzi mailegu hilean, gehienez. Filmak genero ugaritakoak dira, eta jarraitu den irizpide nagusietako bat kalitatea izan da. «Liburutegi Zerbitzuko langileen ardura izan da behatze lana egitea. 9.000 filmetik gorako hasierako eskaintza batetik, 1.600 film aukeratu dira beren kalitate eta interesari erreparatuz», adierazi zuen Kultura Ondarearen Garapenerako aholkulari Imanol Agotek. Gazteleraz eskuragarri dauden filmak –1.500etik gora egun– jatorrizko bertsioan ikus daitezke ere eta zenbait kasutan gaztelerazko azpitituluak jartzeko aukera ematen dute.

Egokitutako audioliburuak

Aipatu 1.600 filmez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitutako 600 audioliburu eskuratu ditu. Liburu horiek Daisy formatuan daude (Digital Accesible Information System-Informazio Sistema Digital Irisgarria). Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema bat da: testua eta tratamendu berezia duen audioa uztartzen ditu.

Azkenik, Armiarma-rekin sinaturiko akordio bati esker, eLiburutegiak literatura-txoko bat sortu du: eGunekoa. Bertan, liburutegi digitalaren erabiltzaileek literatura arloari loturiko pertsonen inguruko efemerideak jasoko dituzte egunero. Egile ezberdinen inguruko erreferentziak argitaratuko dira egunero eta, aldi berean, beren lanetara zuzenean sartzeko aukera emango da.