2018/06/14

Kronika
GLOBAL INNOVATION DAY
Enpresa txiki eta ertainei berritzen laguntzen, urarekin gurina egiteko

Mahai bakoitzean kide bat berrikuntza kasu arrakastatsu bat azaltzen ari da; lau enpresa txiki eta ertainetako (ETE) lagunak berari aditzen ari dira eta eragile bat laguntzen. ETE bakoitzak bere erronka agertuko du, eta soluzio bila hasiko dira. Global Innovation Day-ko tailerrean gaude.

Maider IANTZI
0614_eko_inno2

ETEei eskaini diete eguna, Innobasqueren 2018ko txostenaren arabera ahulezia baitute berrikuntzan.

«Gero eta gehiago kostatzen da bezeroak lortzea, eta garrantzitsua da nola komunikatzen garen».

Enpresa txiki eta ertainetako (ETE) kideak 21 mahai borobiletan banatuta daude erronkak lantzeko tailerrean. Bost arlotan sailkatuta daude, aldi berean, mahaiok: finantziazioa, marketina, pertsonak, enpresa bultzatzaileak eta negozio eredu berriak. Alor bakoitzean eragile erreferente bat eta kasu arrakastatsu bat daude, eta eurengandik ikasten (eta alderantziz ere bai), hiruzpalau ETE. Hori da tailerreko elkarrizketa eta sormen mapa. Esperientziak partekatu dituzten lekua. Global Innovation Day-ren baitan egin zen deskribatzen ari garen ariketa, Innobasquek antolatuta, atzo Donostiako Kursaalen.

600 euskal enpresa baino gehiago bildu dira. Aurten ETE-ei eskaini diete eguna, berritzen laguntzeko asmoz, Innobasqueren 2018ko txostenaren arabera ahulezia baitute arlo horretan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa-egituraren oinarria osatzen dute ETEek, hortaz, eragin handia dute lurraldearen lehiakortasun eta ongizatean.

Tipula baten kapak

Talde txikitan solasean ari dira etorri diren enpresetako ordezkariak, kafea eta gozoren bat lagun. Mugimendu handia dago, baina lasaia da giroa. Gune bat tailerrari eskainia dago. Bi dinamizatzailek gidatuko dute ordu eta erdi iraunen duen ariketa. Xedea ETEek berrikuntzan pauso bat ematea da, «beldurra kentzea. Berrikuntza teknologia handiekin lotzen dugu, baina guretzat urarekin gurina egitea da». Lan koaderno bana dute partaideek, baita emaitza jasotzeko fitxa bat ere.

Kasu arrakastatsuak azalduz hasi dira, eta ETE bakoitzak balio diona eta balio ez diona (hau jakitea ere hagitz inportantea) apuntatu ditu koadernoan. Jarraian, lantegi bakoitzak bere erronka planteatu du. Nondik hasi jakiteko, tipula batean bezala kapak bereiztea gomendatu dute. Eta indarrak eta erresistentziak identifikatzea. Erresistentziei izena aldatu, eta “berdin jarraitzearen aldeko indarrak” deitu diete. «Tradizioa, balioak, kultura, komunitatea... zaintzen dituzte eta kontuan hartu behar dira». Lau kapa edo eskala proposatu dituzte: bezeroak, arloak, prozesuak eta pertsonak.

Agertokien gainean egin dute lan gero: soluzio teknologiko bat, teknologiarik gabeko proposamen bat, lantegi osoaren babesa izanez gero eginen luketena eta beldur guztiak desagertuko balira eginen luketen erokeria pentsatu dituzte. Eta ideietatik lurrera jaitsiz, enpresetan emanen dituzten hurrengo pausoak idatziz amaitu dute.

Gogoa Mobility gailu medikoen sektoreko enpresa da, Urretxun dago eta bederatzi langile ditu. Horietako bat da Juan Izeta, bigarren mahaiko partaideetako bat. Ariketa «oso ondo» joan dela adierazi dio GARAri. Wearable janzteko edo soinean eramateko robotak diseinatu, fabrikatu eta saltzen dituzte, ingurune industrialetan osasuna zaintzeko eta errehabilitazio medikorako. «Gure enpresa oso-oso teknologikoa da. Gure soluzioa balioztatzeko ospitale erreferenteak bilatzea dugu erronka, sektorean lider diren Japonia eta AEBetan».

Zerbitzuak ematen dituzten bi enpresa izan dituzte kide ariketan, osagai teknologiko handirik ez dutenak, eta bakoitzaren erronkak azaltzean ohartu dira zer partekatzen duten: «Egunetik egunera gehiago kostatzen da bezeroak lortzea, eta garrantzitsua da nola tratatzen ditugun eta nola komunikatzen garen. Merkatuko dinamikak ulertzea ere bai, produktu klabean eta industria klabean. Iritzi osagarriak eman ditugu». Izetak enpresara eramanen duen ikasgaia da komunikazioa ez dela inprobisatua, prestatua baizik, ingeniari profilentzat.

Grupo i68-ren esperientzia

Isabel Busto Donostiako Grupo i68-ko kidea da. 103 langile ditu eta enpresa informazioko sistemen zerbitzuak ematen dizkie ETEei. Belaunaldien arteko txandakatze prozesuari aurre egitea dute erronka, baita langile guztiek partekatzen duten enpresa proiektua sortzea ere, pertsonak eta euren partaidetza oinarri hartuta kudeaketan, xedeak jartzeko prozesuan, emaitzetan eta kapitalean. Azken erronka hori betetzeko aitzinera eraman duten esperientzia arrakastatsua konpartitu du Bustok. «Duela bost urte eraldaketa prozesu bat hasi genuen zuzendaritzatik behera lan inguru hobea lortzeko asmoz. Horretarako parte-hartzea, kontziliazioa, elkar aditzea eta komunikazioa landu genituen. Irabazi-irabazi kontzeptuaren bila joan ginen».

Salmenta eta errentagarritasuna igotzeaz gain, pertsonak egiten dutenak antolakuntzan duen eraginaz aunitzez kontzienteago izatea lortu dute. Baina, Bustok dioen bezala, ez da deus bukatu eta «pertsonentzat egun bakoitza ilusionagarria izateko» lanean segituko dute. Tailerretik «beste ikuspegi batzuk, beste erronka batzuk» daramatza lantegira. «Jarrera positibo bat. Elkar entzun dugu eta asko eztabaidatu dugu».