Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Krudeltasuna vs indarra

Orain egun gutxi ikusi dut Wachowski ahizpen “Sense 8” telesailaren amaierako kapitulua; penaz, azkena izan delako, baina aniztasun eta maitasunaren aldeko oihua den produkzio-lan honek utzi didan sentsazio ederrarekin. Ezagutzen ez dutenenentzat zaila da azaltzea zientzia-fikziotik errealismo magikora doan sentsibilitate handiko istorio hau. Esan genezake munduko toki eta identitate ezberdineko zortzi pertsonaren arteko lotura berezian oinarritzen dela; bakoitzak besteen mina senti dezakeela eta elkarri laguntzera bideratutako bizitzak gurutzatzen diren une zirraragarriek eraikitzen dutela narrazioa. Azken tramaren une batean “sensate”-en sentsibilitatea akabatu nahi duen antagonistari zuzentzen zaio emakume bat eta, besteak beste, esaten dio eurak bezalako gizonek krudeltasuna indarrarekin nahasten dutela; azken urteotako ikus-entzunezko muntaiarik handiena izan den telesailak hausnarketarako utzi digun esaldietako bat, alegia.

Fikziotik harago, bat dator errealismo gordinenaren adierazgarri den azken urteotako polizia-muntaia handienarekin. Elkarbizitzaren aldeko apustua zigortzeko mendeku krudelenaz baliatu eta garaile sentitzen diren horiek oker daude, eta larunbatean gauzatuko da azken urteotako indar erakustaldirik handienetakoa, maitasunak eta justiziak bat egiten duten puntuan.