GARA
BILBO

Bilboko portuan izandako lan istripu hilgarria gaitzetsi du enpresa batzordeak

Viuda de Sainz S.A. enpresako batzordeak deituta, mobilizazioa egin zuten atzo Abanton dagoen konpainiaren instalazioen aurrean, asteartean Bilboko Portuan zendutako lankidea gogoan izanik eta haren heriotza gaitzesteko. 12.00etan eginiko elkarretaratzeaz gain, egun osoko lanuztea egin zuten.

Kamioi batek harrapatuta hil zen Gonzalo L.B., 41 urteko Viuda de Sainz S.A. konpainiako behargina, Punta Lucero harrobiko egonkortze lanetan ari zela. Ezbeharra eguerdiko 12.15 aldera gertatu zen, eta oraindik argitzeke daude harrapaketaren arrazoiak.

Segidan enpresak komunikatu bat bidali zuen gertatutakoa gaitzesteko eta jakinarazi zuen konpainiaren prebentzio zerbitzuek ikerketa abian jarri zutela. Era berean, familiari doluminak adierazi eta guztia argitzeko beharrezko neurriak eskura jarriko dizkiela ziurtatu zuen.

Antolatzeko deia

Egoera honen aurrean, ELAk Lakuari exijitu zion har ditzala «behingoz» hartu beharreko neurriak, «enpresek araudia bete dezaten».

Jakinarazi zuenez, urtea hasi denetik Hego Euskal Herrian jada 24 langile hil dira lan istripuetan eta «azken heriotza honek berretsi egiten du lan munduko prekaritatearen eta ezbehar kopuruen artean dagoen lotura zuzena».

Prekaritatea hainbat arlotan islatzen dela ohartarazita, lantokietan antolatzea eskatu zuen: «Euskal Herrian sarraskia eragiten duen egoera iraultzeko».