Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

«Egun bat gehiago ez!» leloa ozen entzun zen Baionan

Jada 28 urte giltzapean daramaten Ion eta Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburuk espetxean «egun bat gehiagorik ez» dutela egon behar aldarrikatu zuten atzo Baionako karrikak zeharkatu zituzten 1.600 lagunek. Bagoazek, espetxeetan bizi diren muturreko egoerak oroitu eta Estatu frantseseko presidentea interpelatu zuen, zeren «iaztik zigor kommutazio galde bat du bere bulegoko mahaian, eta beraz, egoera honi buelta emateko giltza bere esku dago».

Pasa den ostiralean GARAk kaleratu zuen Xistor Aranbururen gutunak lau euskal presoen egoera agerian uzten zuen: «Heriotza ziurrera kondenatua nago, berau, gillotina ezarriko balidate baino makalago datorren arren». Egoera horren aurrean «egun bat gehiagorik ez» aldarrikatzeko Baionan elkartu ziren manifestarien artean alderdi, sindikatu eta eragile anitzetako ordezkariak ere izan ziren.

Haiek bisitatzeko lau euskal presoen senideek egin behar izan dituzten kilometro kopurua erakusten zuten panelek ireki zuten Laugako kiroldegitik abiatu zen manifestazioa. Paroten familiak, esaterako, bi anaiak bisitatzeko 100 bider eman dio buelta munduari, 73 bider Unai ikusteko (2.940.000 km) eta beste 23 bider Ion bisitatzeko (1.105.000 km).

Gainaldean panelak zituzten autoen gibelean, lau euskal presoen seme-alabek eta bilobek zeramatzaten presoen argazkiak eta pankarta nagusia. Haien gurasoak espetxean baino ezagutu ez dituzten «motxiladun haurrak». Ohiana Parotek mobilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen: «Lehen bakarrik ginen, duela bi urtetik, ordea, jende gehiago mugitzen da eta babes hori sentitzen da».

Macronen ardura

Eguzkiak lagundurik abiatu eta bukatu zen atzoko manifestazioa, eta amaieran, Emili Martin Bagoaz kolektiboko ordezkariak eta Battitt Salaberri Hendaiako auzapez ohiak hartu zuten hitza Barthes zabalgunean.

Lehen hitza, lau euskal presoei eta haien senideei besarkada bat igortzeko izan zen eta entzuleek txalo zaparrada batekin erantzun zuten. Bigarren sostengu mezua ostera, «Altsasuko gazteei eta haien senideei» helarazi nahi izan zieten.

Estatu frantsesa afera honetan izaten ari den jarrera gogor salatu zuen Martinek bere hitzaldian. «Aiete eta Arnagako adierazpenek Euskal Herriko testuinguru politikoan aldaketa bat ekarri» zutela nabarmendu ostean, «auzitegietan erabiltzen dituzten argumentuek ez dute gehiago balio, zaharkituak dira», denuntziatu zuen Martinek. Horregatik, haren iritziz, «argumentu horiek berriz erabiltzen badituzte, justiziaren borondate txarra edo mendekua azaleratuko litzateke».

Arnagan izan ziren mundu mailako pertsonaia ezagunek egindako adierazpenak ere gogora ekarri zituen Bagoazeko bozeramaileak: «Preso eta erbesteratuen egoera konpontzen ez bada, bake prozesua nekez aitzinatzen ahalko da».

Testuinguru horretan kokatu zuen Martinek lau euskal presoen kasua eta egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen: «Haien kondena bete dute, justizia justu batentzat, bakearentzat, 28 urte aski da, garaia da, Ion, Jakes Xistor eta Unai etxerat!».

Aldarrikapen orokorrez harago, Estatu frantsesari eta zehazkiago Emmanuel Macron presidenteari zuzendu zitzaion Bagoaz kolektiboko bozeramailea; izan ere, iaz egin zituzten zigor kommutazio eskaeren txostena bere bulegoko mahaian aurkitzen baita. «Macron jaunak ahalmena du egoera honi amaiera emateko; beraz, Estatu frantsesa interpelatzen dugu, pauso gehiago eman ditzala, presoek, senideek eta baita Euskal Herriko gizarteak ere, ezin dugulako egun bat gehiago itxaron», abisatu zuen Martinek.

Ostiraleko mobilizazioak

Bestalde, euskal presoen eta beraien senideen eskubideen alde mobilizazio andana izan zen Euskal Herrian pasa den ostiralean. Errenterian 133 lagun elkartu ziren, Lezon 12, Zarautzen 120, Andoainen 21, Antzuolan 21, Mutrikun 50, Deban 43, Lazkaon 95, Añorgan 17, Bergaran 45, Oñatin 45, Iruñean 181, Arbizun 52, Beran 32, Agurainen 30, Etxarrin 45, Durangon 90, Algortan 46, Zornotzan 59, Lekeition 78, Ondarroan 131, Galdakaon 84, Gatikan 5, eta Garesen Altsasukoen alde 100 lagun bildu ziren.