A.A.
PILOTA

Oinatzen esperientziak jan du Lasoren bizitasuna

Leitzarrak buelta eman dio egoerari bigarren zatian eta Urrutikoetxea du zain.

BENGOETXEA VI.A 22

LASO 18


Oinatz Bengoetxeak ondo kostatako garaipena erdietsi zuen atzo Beasaingo Antzizar pilotalekuan Unai Lasoren aurka, Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko kanporaketan. Leitzarrak 22-18 menderatu zuen Laso eta hurrengo larunbatean Mikel Urrutikoetxearen aurka neurtuko ditu indarrak Muskizen. Ez da Asegarceko azken eskailera izango, horko irabazleak Aimar Olaizola izango baitu zain.

Kostatakoa bezain merituzkoa izan zen Oinatzen garaipena. Leitzako aurrelariak geldi egon behar izan du azken hilabete luzean oin azpian min hartuta, eta atzo jokatzeko erabakia azken unean hartu zuen. Partidaren lehen erdian nabarmendu zen erritmoa falta zaiola, baina erditik aurrera bere esperientzia baliatu zuen Laso gazteari jokoa nahastu eta irabazteko.

Izan ere, Unai Lasok hobeto ekin zion demari. Pilota abiadura handian ibiliz eta angeluak erraz aurkituz, Bizkarretakoa 2-6 aurreratu zen markagailuan. Tanto ederrak egin zituen nafarrak, errematerako duen erraztasuna agerian utziz. Bengoetxea saiatu zen partida bere aldera eramaten, baina Lasok ongi eutsi zion bereari eta aldea 5-11raino zabaldu zuen.

Ez zen pilotakada askoko neurketa izan (200 guztira), baina erritmo bizian jokatutakoa bai, eta nekea agertzen hasi zen bi pilotariengan. Eta neke hori hobeto kudeatu zuen Oinatzek, txokoan Lasori behin eta berriz pilotak bihurrituz. Apurka-apurka tarteak txikitzen joan ziren, eta bost tantoko partzial bati esker 15-12 aurretik jarri zen.

Aldea 17-13koa ere izan zen gero, baina Lasok amorrua atera eta neurketa 17ra berdintzea lortu zuen. Hortxe amaitu ziren bere aukerak, ordea, unerik zailenean ere Oinatzek bere magia atera eta 22-18 irabazi zuelako norgehiagoka zail bat.

«Gaur ez naiz Unai baino hobea izan, baina nekearekin berak baino hobeto jokatzen jakin dut. Une horietan esperientzia nabaritu egiten da, eta horri esker irabazi dut. Hasieran bera gehiago izan da, baina gero bere pilotarekin jokatzea erabaki dut eta ongi atera zait», onartu zuen leitzarrak amaieran.

Elezkanok ez du jokatuko gaur

Danel Elezkano ez da erabat osatu aurreko astean izandako lesiotik, eta gaur Jakaren aurka ez jokatzea erabaki du. Lizartzakoa izango da Jokin Altunaren aurkaria Aspeko adarrean.

Aimarrek ezin Urrestillan

Ostiralean lehen aldiz jokatu zuen Olaizola II.ak Urrestillan, eta Zabaletarekin 22-8 galdu zuen Altuna-Rezustaren kontra.

Palako Bizkaia Irekiaren finala, erabakita

Necol-Urrutia eta Gaubeka-Echavarren dira palako Bizkaia Irekiaren bi bikote finalistak. Finalerdiak atzo jokatu ziren Bilboko pilotalekuan, eta esan liteke ezusteko bat eta esperotako emaitza bat izan zirela. Lehen partidan, Baeza eta Brefel ziren irabazteko faboritoak, baina 1-3 galdu zuten Dan Necol eta Iñaki Urrutiaren aurka. Armintzako atzelari gaztea izan zen laukoteko onena. Bigarren finalerdian, Gaubeka eta Echavarren ziren faboritoak eta ez zuten huts egin, Zubiri eta Ibai Perez erraz kanporatuz. Gaubeka jokoan dago eta Echavarren ere fin ibili zen sakearekin.

Erremonteari dagokionez, Promozio Torneoko finalerdia jokatu zen Galarretan, eta finalerako lehen txartela Eloy-Zubiri bikoteak eskuratu zuen. Hau ere ezustekoa da, pronostikoak orain arte partida denak irabaziak zituzten Aldabe eta Martirenaren alde zeudelako, baina azkenean 31-35 galdu zuten. Eloy ez zen fin hasi, baina azkenean berak erabaki zuen.A.A.