Maitane ALDANONDO
Arrasate

Ekoizteko moduak produktuak adinako garrantzia duenean

Sorreratik bertatik bere jardunak ingurumenari eragiten dizkion kalteak ahal bezainbeste murriztea erabaki zuen Ternua Groupek. Ia mende laurdeneko ibilbidean, jantzi gero eta jasangarriagoak sortzen joan da materialak birziklatuz eta osagai kimikoak baztertuz.

Ehungintza industria kutsagarrienetako bat bada ere, badira enpresak euren jardunak eragiten dituen kalteak mugatzeko neurriak hartzen dituztenak. Egiteko moduari emaitzari bezainbesteko garrantzia ematen dioten horietako bat Arrasateko Ternua Group da. 1994an sortu zutenetik berrikuntza eta iraunkortasuna ditu ardatz, eta apustu honek isla du darabiltzaten materialetan, baliabideetan zein prozesuetan.

Ternuaren filosofia laburtuz, garrantzitsuena produktu funtzionala egitea da; baina kalte gutxien eragiten duen bidea hautatuz. Konpromiso horren ikurra Ternua Commitment etiketa da. Honek adierazten du jantziak egiteko material birziklagarriak, biodegradagarri naturalak, kotoi organikoak edo Bluesign berme zigilua duten ehunak –ahalik eta baliabide gutxien erabiliz produktibitate handiena lortu dela bermatzen du– erabili dituztela. 2019ko udako bildumako janzki guztiek dute hori. «Erakusten dugu posible dela gauzak beste modu batean egitea», laburtu du sortzaile eta Garapen eta Berrikuntza zuzendari Eduardo Uribesalgok. «Gure nahia hau da, kontsumitzaileek argi izatea gure helburuetako bat pertsonen eta ingurumenaren babesa dela».

Hitzez harago, ekintzekin erakusten dute inplikazio hori. 1994an bertan, lehen jaka polarra sortu zuten plastikozko botiletatik lortutako poliesterrarekin; eta urteotan, mugarriak batzen joan dira. Hala, 2006an, kotoi organikoa barneratu zuten, eta hiru urteko epean, baliatzen duten guztia halakoa izateko prozesua osatu zuten. Hurrengo erronka, tratamenduetatik PFC konposatu kimikoak kentzea izan zen, datorren urteko bilduman erdietsi dutena. Horrez gain, 2014tik, arropa etxea European Outdoor Conservation Association-eko parte da, eta Uribesalgo, haren batzordeko kide. Irabazi asmorik gabeko erakundeak naturaguneak babestu eta ingurumenaren zaintzari buruzko sentsibilizazioa lantzen du.

Era berean, ekonomia zirkularraren alde ere egin dute. Aitzindari izan ziren luma birziklatua erabiltzen, eta prozesu bera pasatu duten beste material batzuk ere barneratu dituzte, kafe-hondarrak, PET plastikozko botilak eta tren-jarlekuak, kasu.

Gero eta jasangarriago

Ildo beretik, utzitako arrantza sareak berrerabiltzeko Redcycle proiektua abiarazi zuten 2015ean. Sareak poliamida zuntz bilakatu, eta nylon material hondakinekin nahasita, Econyl haria lortu zuten. Horrekin bilduma berriko 11 jantzi eta lau ehun sortu dituzte. Gainera, EAEn banatutako Europako Ingurumen Sarietako bat ere ekarri dio Ternuari. Negozioaren bideragarritasuna ingurumenaren babesarekin uztartzen duten enpresak aintzatesten dituzte; eta Uribesalgok garrantzizkotzat jo du jaso izana; izan ere, «erakusten digu jendeak baloratzen duela gauzak beste modu batean egiteko gure erabakia. Asko eskertzen dugu eta indarra ematen digu bide horretan jarraitzeko».

Itsasoan du sorburua Urak Dakarrena egitasmoak ere, Gipuzkoako kostaldean pilatzen den zaborrean. Life Lema proiektu europarrak uretatik ateratako tona bat plastiko hari bilakatu du Ternuak, Antex eta Eko-REC enpresen laguntzaz. Harekin, Astore markako goi mailako kamisetak ehundu dituzte, Binakako Txapelketako finalean Aspe eta Asegarceko pilotariek estreinatutakoak.

Ehun berriak lortuta, horiek tindatzeko modua aldatu nahi dute orain, produktu kimikoak murriztuz. Horretarako, arropa zaharrari eta plastikozko botilei bezala, intxaur oskolei ere bigarren bizitza bat emango diete, tindagai natural bilakatuz. Proba pilotua gauzatzen ari dira lau sagardotegitan 300 bat kilo oskol biltzeko. Xehatzeko Tuterara eramango dituzte aurki, eta hautsa, koloragarri organiko bilakatuko du Bartzelonako Archroma enpresak. Azkenik, 10.000 janzki intxaur kolorez tindatuko dituzte Portugalen.

Asteburuan, Friedrichshafeneko (Alemania) OutDoor azokan aurkeztu ditu Ternuak Lurrekolore ekimenaren lehen laginak. 2019ko udaberrian dendetan salgai egongo diren kamisetak zein kirol-jertseak orain arteko jasangarrienak dira, material birziklatuekin eginak eta birziklagarriak ere bai baitira. Uribesalgok adierazi du sorta jantzi berriekin zabaltzeko asmoa dutela; «poloak, prakak, umeentzako arropa»; baita kolore berri bat sortzeko probak egiten ari direla ere.

Ez dira erdietsitakoarekin konformatzen. Aspalditik esku artean duten ideietako bat ardi latxaren artilearekin zerbait egitea da. Ezaugarri termiko onak izan arren, ilea oso latza denez, ezin da hari fina lortu. Ondorioz, isolatzaile moduan erabil dezaketen aztertzen ari dira. «Guretzat proiektu politena litzateke, inportanteena. Horretan gabiltza, baina ez da erraza», aitortu du arduradunak.