A.A.
SAN PEDRO

Ideiak argi hasieratik: mailari eutsi... eta gozatu

Mikel Arostegik bere hirugarren urtea beteko du «Libia»-ren entrenatzailemodura. Taldea apur bat aldatu da, baina helburuak bere horretan dirau.

Helburuak oso argi izan ditu San Pedrok azken bizpahiru urte hauetan, eta hori garrantzitsua izaten da beti. Mikel Arostegik taldearen gidaritza hartu zuenetik, mailari eustea izan da gipuzkoarren jomuga nagusia, eta badirudi aurten ere jarrera eta ziurtasun berarekin helduko diotela moreek lehiaketari.

«Helburua ez jaistea da», onartzen zuen berriki Arostegik, baina gehigarri txiki bat ere egiten zuen: «Eta estropadetan gozatzea». Txikikeria dirudi, edo ezinezko lana arraunlarien muturreko sufrimendua ikusita, baina Eusko Label Liga bezalako liga luze batean, kirolariek egiten dutenarekin pozik egotea gakoetako bat izan daiteke giro onari eutsi eta une zailak datozenean egoerari aurre egiteko.

«Giro bikaina daukagu, eta badakigu zer egin behar dugun: gogor entrenatu eta estropada bakoitzera ehuneko ehuna ematera joan», azaltzen du entrenatzaile oriotarrak, aurten ere uretan aurkari faltarik ez dutela izango jakitun.

Iazko taldearekin alderatuta dozena erdi aldaketa izan ditu San Pedrok, baina badirudi ontziaren maila antzekoa izan daitekeela. Agian hutsune nabarmenena Ugaitz Mendizabal patroiarena izango da, azken bost urteetan bera izan delako “Libia”-ren gidaria, baina ordezkoa ere ez da edonor izango: Ander Etxegoien getariarra, herriko taldearekin KAE-1 Ligan hainbat bandera irabazitakoa.

Patroiarekin batera, beste arraunlari esperientziadun batzuk ere iritsi dira San Pedrora: Gabriel Bedia kantabriarra, azken hiru urteetan Pasai Donibanen aritu ostean, edota Fernando Valenciaga, Orion eta Hondarribian ibilitakoa.

«Entrenatzen oso gustura ibili gara. Aldaketa batzuk izan ditugu, baina baikorra naiz», dio Arostegik egindako neguko lanaren inguruan, iazko denboraldian gertatu zitzaiena oraindik ahaztu gabe. «Hasieran arraunketa hartzea kosta egin zitzaigun, baina abuztuko estropadetan askoz hobeto aritu ginen eta bukaeran gozatzeko denbora ere izan genuen».

Denboraldi-aurreko estropadetan argi geratu da sanpedrotarrek borroka estua izango dutela behetik ihes egin nahi duten beste taldeekin, Kaiku edo San Juanekin esaterako. Eta parekotasun horren erakusle, igandean egindako azken testa: 59 ehuneneko besterik ez San Juanen eta San Pedroren artean.