Maite UBIRIA BEAUMONT

Jalgi bedi besta plazara

Prozesu parte-hartzaile baten ondotik Herriko Etxeak Patxa plaza eraberrituko du. Baiona Ttipiaren bihotzean kukuturik, plaza herrikoi horren itxura ez ezik bertako giroa ere bestelakoa izatea nahi du Gazte Asanbladak. Bereziki besta garaian. Hiriari ospea emateaz gain, arazo franko ere sortu zaiolako besta eredu ofiziala ez dute gustuko urtean zehar Zizpa gaztetxea biziarazten duten baionarrek.

Salatu dutenez, «bestak interes ekonomikoen arabera antolatuak dira eta gure hiria bost egunez norberaren etxean egiten ez diren zernahikeriak burutzeko gune bilakatzen da». Aurten, gainera, bestetan sartzeagatik kobratzea erabaki du Udalak, eta gazteek argi daukate horren ondorioz «Baionako bestak oraindik ere gehiago desitxuratuko direla».

Horren aurrean, Patxa plazan «jai euskaldun, herrikoi eta parekideak» antolatzeko parioa berretsi dute gazteek. Uztailaren 25etik 29ra animazio anitz antolatu dituzte: bertso saioak, poteo feminista, euskal kirolak, bazkariak, kontzertuak.. «Herritik eta herriarentzat» antolaturiko besta alternatiboetara hurbilduko diren herritarrentzat gozatzeko aukerarik ez da faltako.